Zuhurtasuna Iruña-Veleiako aurkikuntzaren gainean
Euskararen zantzuak dituzten idazkunak aurkitu dituzte, erromatar garaikoak izan daitezkeenak
ERREDAKZIOA
Gasteiz
Zuhurtasuna erakutsi nahi izan zuten atzo Arabako Iruña-Veleiako aztarnategiko arduradunek. Erromatar garaiko herrian III. mendeko euskarazko idatziak agertu direla zabaldu zuten atzo zenbait komunikabidek, eta hori baieztatuko balitz, ezagutzen diren euskarazko idatzi zaharrenak izango lirateke. Horren aurrean, ordea, oraindik hipotesiekin ari direla erantzun zuten aztarnategiko arduradunek: «Datuak aurreratzea ikerketaren berezko dinamika hankaz gora jartzea litzateke».
Datu batzuk zabaldu direnez «eta horietako batzuk zuzenak ez direnez», argibideak eman nahi izan zituzten ikerketa taldekoek. Aztarnategiaren arduradunek baieztatu egin dute Iruña-Veleiako bigarren multzo epigrafikoan antzinako euskaraz idatzita egon daitezkeen idazkunak aurkitu dituztela, eta lanerako erabiltzen ari diren hipotesiaren arabera, erromatar garai berantiarrekoak lirateke. Bestelako daturik zabaltzeak ikerketaren garapen normalari kalte egingo liokeela azaldu dute aztarnategiko arduradunek. «Ikerlari garenez, denbora behar dugu aurkikuntza hauek aztertu eta analizatzeko, eta prozesu horretan hainbat ikerketa taldek parte hartu behar dute: arkeologoak, historialariak, filologoak, hizkuntzalariak... Erritmoak direnak dira, eta ezin gara kanpotik presionatzen hasi».
MIREN AZKARATEREN ZUHURTZIA. Iruña-Veleiako arduradunek bezala, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak ere zuhurtzia eskatu zuen zabaldutako informazioaren inguruan: «Sailburu baino gehiago, euskal filologo gisa, zuhurra izan nahi dut aurkikuntza hauen gainean». Azkaratek denbora eskatu zuen ikerketarako: «Behar duten denbora guztia eman behar diegu gure adituei, onak direlako, iker dezaten. Gero aterako ditugu Veleian aurkitutakoaren gaineko ondorioak».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
