Uzta ezin aberatsagoa ekartzen dute aurtengo gereziondoek zale eta ekoizleen zorionerako, igandean Itsasuko Gereziaren Bestaren karietara ukanen baitute zer jan eta sal" />

Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 25 - 11:34

TARTEA;2006-06-01;Gorri, lodi, azukretsu, txiki, beltz... Uzta ezin aberatsagoa ekartzen dute aurtengo gereziondoek zale eta ekoizleen zorionerako, igandean Itsasuko Gereziaren Bestaren karietara ukanen baitute zer jan eta sal

Gorri, lodi, azukretsu, txiki, beltz...

Uzta ezin aberatsagoa ekartzen dute aurtengo gereziondoek zale eta ekoizleen zorionerako, igandean Itsasuko Gereziaren Bestaren karietara ukanen baitute zer jan eta sal

Nora Arbelbide

Itsasu

Hainbeste gerezi daude non eta beren pisuak adarrak makurtzen baituen. «Ez da behin ere gertatu hainbeste gerezi», Beñat Lartegi Itsasuko (Lapurdi) gerezi ekoizleak segurtatzen duenez. Aita eta beste bi laguntzailerekin astelehenetik egunak pasatzen dituzte gerezi biltzen. Kasik denak banaka, fintasun handiz, traktorearen goitiaraztekoaren laguntzarekin edota zurubiarekin, gerezi bakoitza bere buztanarekin harrapatu behar baitute, hobeki kontserbatzeko gisan.

Horien arteko anitz igandean Itsasun iraganen den Gereziaren Bestan dituzte saltzekoak. Gereziaren hitzordu nagusia den besta, urteak eta urteak ospatzen dutena Itsasun, parrokiari lotua den itsasuarrak antolaturik. Ezpeletak bere piperra daukan bezala, Itsasuk bere gerezia ere badaukala komunikatzeko tresna ezin egokia. Herriak gereziarekin duen harreman zaharraren lekuko. Ez baita gaurko istorioa bien artekoa. Zehazki nondik heldu den nehork ez daki. Baina aspaldikoa dela, hori bai. Betidanik ikusi dira gereziondoak, baita gerezi merkatuak ere. Gereziaren besta bera, «Aljeriako gerla baino anitzez lehenago hasi zen, ba!», Beñat Lartegiren aita den Michel oroitzen denez.

Ordutik, garatuz joan den besta da. Egunak urtero gero eta arrakasta handiagoa biltzen du, ekoizleen zorionerako. Goizeko meza eta pilota partidatik landa, arratsaldean zernahi gerezi eta erreximenta erosten ahalko dira lekuan berean, lekuan bereko ekoizleen eskutik. Eskaera hain da handia non eta urte zenbaitzuetan beste herrialde batzuetatik ekarri behar izan baitituzte fruituak.

Aurten, agian, ez da horrelakorik egin beharko. Baina bien bitartean, bildu behar. Zerbait baldin bada zuhaitzak gereziez beteak izatea, beste bat baita haien biltzea. Eskuak eta denbora behar da horretarako. Eta Lartegik badaki zertaz mintzo den. Bilketa ezin baita mekanizatu. Orotara 250 bat ondo dauzkala, ez du pentsatzen igandeko bukatua izanen duenik itzulia. Ondokoak bide bazterrean salduko ditu edo inguruan dituen erosleei.

Mota anitzetakoak ditu. Jadanik bilduak dituzten Peluak, orain biltzen ari diren Xapatak, eta ondotik Beltxak zaizkie etorriko. Napoleon izeneko zenbait ere baditu: «Beti hobe baita mota anitz ukaitea, sekula eta batek ez badu ematen, besteak ekar bailezake». Eta batzuetan, aurten bezala, denek dute ematen. Zerk esplikatzen ote duen uzta eder hori? «Negua bortitza, hotza eta luzea izan dela, ondoak ez dira goizegi loratu». Horiek dira Lartegi semearen esplikazioak. Baina ongi azpimarratu du, halere, arrazoi guztiak jakitea ezinezkoa dela. Nahiz eta betidanik ezagutu gerezia, aitak ere ez daki oraino zehazki nola funtzionatzen duen fruituak. Baldin badakite ere ez duela haize handirik ibili behar, tenperaturak ez direla asko goititu behar eta ez harririk bota behar ere, onartzen dute ez dutela beti asmatzen: «Batzuetan emanen duela uste dugu eta ez du ematen, eta besteetan, alderantziz», dio sinpleki Beñatek.

Gerezia goxoa bezain ahula baita. Eta horregatik, ondoentzat lur eremu aski zabal bat atxikitzeko hautua egin duten arren, gereziak ez ditu bere diru sari nagusitzat nahi Beñatek: «Ez dira aski fidagarriak».



HILABETE SARIAK ONTZEKO. Oroz gainetik behi gorri hazlea da Lartegi. Gereziak hilabete saria edertzeko gehigarri bezala dauzka soilik. Funtsean, hura bezala dabiltza gainerateko Itsasuko gerezi ekoizleak. Marie-Françoise Regerat, horien artean dago: «Gereziak dirua ekartzen badu, zenbait urtetan ez du balio ere biltzeak. Hain gutxi dira... Kasik zigor bat bihurtzen baita bilketa». Baina, dena dela, ezin abandonatu. Lehen gerezia jan eta, «ezin geldituz ari zaren bezala», dio irriz Lartegi aitak.

Izan ere, Beñat semea, Regerat eta beste hamar bat laborari itsasuarrek Xapata elkartea sortu zuten ondare horri hats berri bat eman nahian, eta bide batez sektorea garatzeko nola egin aztertzeko. Herriko gereziondoak zahartzen ari zirela ikusirik, guztia galdu baino lehen zerbait egitea beharrezkoa zela argi baitzuten denek. Horiek horrela, hartu zuten lehen erabakietako bat ondo berriak lantzea izan zen.



5.500 GEREZIONDO. Orotara, 4.000 ondo zituzten landatu zahartzen ari ziren 1.500 gehitu zirenak. Berri horietariko anitz, Beltxak. Beltxen erreximenta baita erosleek bereziki preziatzen dutena. Duela hamar urte izan zen hori. Gaurko egunean, oraino gazteegiak badira azken berrikitan hasiak dira zerbait ematen, baina oraino urte pare bat egon beharko da zain, Regeraten ustez.

Ttantto guztiak beren alde jartzeko, dena ahal bezain ongi kalkulatu dute. Produkzioa ahal bezain eraginkorra izateko pentsatua dute dena hastetik buru. Bilketa lana errazteko, adibidez, zuhaitzak apalak ateratzeko gisakoak dituzte txertatu. Sei metrora helduko dira geihenez, eta ez zahar zenbait bezala 15 bat metrora. Garaian abereei itzala egiteko ere balio baitzuten. Orain, aldiz, abererik ez gereziondoetatik hurbil.

 

EUSKAL HERRIKO GEREZIAK



Supermerkatuetan zernahi gerezi mota eros badaiteke ere, hiru mota daude nagusi hemen: Xapata, Beltxa eta Pelua. Euskal Herriko aroaren gorabeherak gainditzeko duten gaitasuna da hiruren ezaugarri nagusia.



Xapata: Memento honetan biltzen ari diren gerezia da Xapata. Itsasun mota horretakoak dira nagusi. Gorria, gustu biziki azukretsua izateagatik da bereziki preziatua. Gereziondoak urte guztiz ematen du zerbait, euria bada ere. Eta nola hemen euri anitz egiten duen normalki, horrek badu bere garrantzia gerezi ekoizleentzat. Noiztenka, gainera, aurten bezala adibidez, biziki anitz ekartzen ahal du.

Beltxa: Honek egin du Itsasuko fama, batez ere bere erreximentak. Bere izenak dioen bezala, beltz-beltza da. Xapata bildu eta heldu da honen biltzeko garaia. Mementoko txikiegia da. Lodia delarik da ondua.

Pelua: Gerezi goiztiarrena da. Jadanik bildua dute. Beltxa bezain beltza, Xapata baino lodixeagoa da. Honekin ere egiten dute erreximenta beltza. Bereziki Beltxarik ez delarik aski. Alabaina, mota hori aski ahula da eta ondorioz ez du anitz ematen. Eskas horri aurre egiteko, preseski, duela hamar urte anitz landatu zituzten horretarik gerezi ekoizleen Xapata elkartekoek.



 


Itsasun 5.500 bat gereziondo daude, 1.500 zahar eta gaineratekoak duela 10 urte landatuak

Dozena bat gerezi ekoizlek Xapata elkartea sortua dute, sektorea garatzeko eta tradizioa segitzeko

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia