Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:19

KULTURA;2005-04-06;LITERATURA. Ziaboga literarioa . Gaur aurkeztuko dute, Gasteizen, 'Volgako Batelariak' aldizkari digitala, literaturari buruzko hausnarketarako eta kritikarako gune berria

Ziaboga literarioa

Gaur aurkeztuko dute, Gasteizen, 'Volgako Batelariak' aldizkari digitala, literaturari buruzko hausnarketarako eta kritikarako gune berria



IVAN SANTAMARIA -

GASTEIZ

Letren ibaietako uretan behera lemari gogoz eutsita ontzi berri batek abiatu du bere bidaia. Euskal literaturaren ur geldiak

astindu eta enbata sortzeko beldurrik gabe dator bost marinelez osaturiko eskifaia. Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zaldua dira Volgako Batelariak, izen bereko aldizkari elektronikoaren sortzaile eta bultzatzaileak. Ekimenaren berri jaso eta aldizkariko kideekin solastatu nahi duenak aukera ezin hobea du gaur, gaueko 21:00etan, Gasteizko Gora tabernan egingo duten aurkezpen publikoan.

Literaturaz jardutea da, literaturaz jarduteko plazer soilagatik, aldizkaria kaleratzeko arrazoi nagusia. Bateleko gidariek argi dute zer ez duten nahi, eta horren abisua dakar plazaratu duten lehenbiziko manifestuak: «Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen nagusitasuna, plastidekor-idazleak, maldistismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten ditugu eta hemen beldurrik gabe salatuko».

«Badakigu ez dugula ezer aldatuko, ezer irauliko, baina literaturaz hitz egiteko gogoa genuen eta horren inguruan elkartu gara aldizkaria egiteko», azaldu du Ibon Egañak, sustatzaileetako batek.

Aldizkariak ez du maiztasun jakinik izango, eta blog baten ereduari jarraitzen dio. Hots, argitaratu ahala mezuak ikusgai dituen sareko gune bat da. Atalen artean, kritikari garrantzi berezia eman nahi diote. Puntu horretan ahalik eta zintzoenak izateko asmoa dutela aurreratu dute: idazkuntza batzordeko kideen artean zozketatuko dute zeinek zein libururen kritika idatzi beharko duen, filien

eta fobien eragina uxatzeko.

Kritika zintzoa egingo dutela agindu dute

Ibon Egañaren irudiko, askotan esaten da ez dela erraza euskal literaturan kritika objektiboak egitea, jende guztiak elkar ezagutzen duelako, eta joera hori gainditzen saiatu nahi dute. «Kontua da kiroltasun handirik ere ez dagoela, nahiko gaizki hartzen dira kritikak. Guk kritika egin nahi dugu, eta aldarrikatu gauzak umorez eta ironiaz hartu behar direla». Volgako Batelariek ere kritikak onartuko dituzte, betiere sinaturik bidaltzen bazaizkie.

Oro har, ez dira fikziozko idazlanak argitaratuko. Hala ere, atal berezi bat jarri dute martxan Inoiz idatziko ez nukeena

izenpean. Edozein testu onartezin

onartuko dute, «eta egileari ziurtatzen zaio testu hura ez dela beretzat inoiz, inon, inola edo inork aipatua izango». Halaber, Testuak

izeneko atalean gogoeta literarioak eta itzulpenak bilduko dituzte. Bestalde, literaturarekin edo artearekin zerikusia duten pertsonekin elkarrizketak egingo dituzte. Elkarrizketa horiek jatorrizko hizkuntzan agertuko dira aldizkarian.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia