Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:08

KULTURA;2004-10-10;Dekonstrukzioaren aita hil da. Jacques Derrida (El Biar, Aljeria 1930) filosofo frantziarra zendu da, 74 urterekin, minbiziak jota. Mendebaldeko filosofia tradizioa desegitearen inguruan bibliografia zabala utzi du



Dekonstrukzioaren aita hil da

Jacques Derrida (El Biar, Aljeria 1930) filosofo frantziarra zendu da, 74 urterekin, minbiziak jota. Mendebaldeko filosofia tradizioa desegitearen inguruan bibliografia zabala utzi du



mariantonia artano

«Askeak izan nahi dugula esatea ez da segurua», zioen Derridak. Bere ustez, pertsona batek bestea eskatzea eta lotura beharrezkoak dira. «Baina herritar moduan aske izatea baino askatasun handiago nahi dut». Askatasunaren inguruko hausnarketa horiek dira Jaques Derrida (El Biar, Aljeria, 1930) filosofo frantziarrak utzi dituenetako batzuk.

Jaques Derrida atzo goizaldean hil zen, Parisen, 74 urte zituela, minbiziak jota. Aljerian jaioa, Frantziako nazionalitateduna eta heziketa judua jasotakoa izan zen Derrida. Pentsalari sakona izan zen Derrida. Aljerian jaio, eta bertan bizi izan zen 19 urte bete zituen arte. Hori dela eta, identitate arazoak izan zituela behin baino gehiagotan adierazi zuen, baina arazotzat baino gehiago pentsatzeko aitzakiatzat jotzen zuen nortasunaren nora eza. Gainera, bi gerra gertutik jasan zituen, gaztetan II. Mundu Gerra eta, Frantzian zela, Algeriakoa. Lehenengoan, juduen aurkako erasoek harrapatu zuten, eta bigarrengoan, familia kideak Aljerian zirela-eta oso sasoi gogorrak bizi izan zituen.

Atsekabe eta oinazeak tarteko, politikoki konprometitutako pentsalaria izan zen: Txekoslovakia komunistako disidenteekiko laguntasuna erakutsi zuen, Hegoafrikako apartheid-

aren aurka azaldu zen eta palestinarren egoera salatu zuen.

Hizkuntzaren azterketa izan zuen laneko ardatz eta dekonstrukzioaren teoriak mundu guztian ezagun bihurtu zuen; horregatik izan da Frantziako filosofo handienetako bat.

Barthes, Foucault, Althuser, Lacan eta Delezuekin batera 68ko pentsalarien multzoan kokatzen zuten. Idazten hasi zenetik egindako lanagatik, Literaturako Nobel saria lortzeko aukerak izan ditu aurten. Poesia, eta azken aldian baita arkitektura ere, zinez atsegin zituen.

Parisko l'Ecole Normale goi mailako ikastegiko irakasle izan zen. Filosofia ikasgairen gainean hausnarketa kritikoa bultzatu, eta hiri horretako College International de Philosophie zentroa sortu zuen. Ameriketako Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan ere eskolak eman zituen. Dekonstrukzioaren metodoarekin pentsalari garaikide askorengan eta teoria berriak sortzean eragina izan du.

Tradizioa desegiten

Dekonstrukzioaren jomuga mendebaldeko filosofia tradizioa desegitea da. Horretarako mendebaldeko filosofiaren oinarriak

adierazlea eta adierazia, esaterako

zalantzan jartzen ditu. Dekonstrukzio izenak hala iradokitzen duen arren, ez du suntsipena proposatzen, baizik eta esperientziaren estruktura linguistikoaz jabetzea. Hitzaren oinarriei testu klasikoen bidez kritika egitea gomendatzen zuen. Eta bere teoriek Estatu Batuetan harrera bikaina izan zuten; beste inon baino gehiago laudatzen zuten han.

Aldi berean arkaikoa, modernoa eta postmodernoa zela esaten zuen Derridak. «Ez gaude garai baten barruan bakarrik, adin asko ditugu eta anakronikoki bizi gaitezke. Garaikidea izateko, anakronikoa izan behar da».

Gaztetan filosofo idazlea izannahi zuen, Sartre, Camus eta Merlau-Ponti bezalakoa; eta egin zituen idatzietan metaforak sortzeko gaitasuna azpimarratu zioten kritiko guztiek. «Idazten dudanak ez du zertan filosofia hutsa izan». Bere hitzetan, diskurtsoa ez dute soilik kontzeptuek bete behar: «Pentsamedua arima da, eta hizkuntza honen gurputza».

Horrela, bibliografia zabala osatu zuen Derridak ia 30 liburu idatzi zituen. 1966an idatzi zuen lehen liburua: Levi-Strauss dans le 18e siecle. Baina liburu esanguratsuenak Marges de la philosophie

(1972), La carte postale: de Socrate a Freud et au-dela

(1980) eta Spectres de Marx

(1993) dira.

Politikarien doluminak

Doluminak agertu zituen atzo bertan Jacques Chirac Frantziako presidenteak: «Frantziako filosofo garaikide handienetakoa zen». Hil berriaren pentsamendua ere goraipatu zuen, eta dekonstrukzioarekin Derridak pentsamendu ororen jatorrian dagoen askatasuna aurkitu nahi zuela adierazi. Derrideren heriotzak «tristura» sorrarazten diola adierazi du presidenteak; eta ez da bakarra; izan ere, Jack Lang Frantziako ministro ohiak «hunkituta» dagoela esan zuen.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia