Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:08

KULTURA;2003-11-07;GAIA TXIKIZ. Ahurtiko intelektuala . Roland Barthes Ahurtin zendu zen; erakusketa paratu diote azaroaren 30a arte Herriko Etxean. AZTERTZAILEA.

Ahurtiko intelektuala

Roland Barthes Ahurtin zendu zen; erakusketa paratu diote azaroaren 30a arte Herriko Etxean







 



Nora arbelbide -

AHURTI

Mitologoa, semiologoa, kritikari, estrukturalista... Roland Barthesek eragin handia izan zuen 60ko hamarkadako Frantziako literaturgintza kritikoaren munduan. Gogoeta teorikoen animatzaile nagusietarik bat izan zen, baita idazle figura bat ere, bere analisi finengatik, besteak beste.

Baina Barthesek bazuen beste alde bat, ez dena beharbada hain ezaguna. Izan ere, Euskal Herriarekin hurbileko harremana ukan zuen kritikari frantsesak. Cherbourgon 1915ean sortu zen, eta Baionan iragan zuen bere haurtzaroa. Eta ondoren ere, beti segitu zuen maiz Euskal Herrira etortzen. Biziaren azken 20 urteak Ahurtin iragan, eta bertan ehortzi zuten, Paris baldin bazuen ere egoitza nagusi. Hori dela, haren omenez, Ahurtiko Herriko Etxean hura hobeki ezagutzeko erakusketa jarria dute azaroaren 30a arte. Dena frantsesez, pankarten bidez bere bizia eta gogoetak daude azalduak, argazkiak lagun. Aretoaren erdian Ahurtin idatzi eskueskribuen sorta bat irakur daiteke. Barthes hizkuntzalaria bazen ere, frantsesa baizik ez zuen aztertu. Euskara ez zuen ikasi, ez eta beste hizkuntzarik ere. Alta, urteak pasa zituen Euskal Herrian. Baionan, hautzaroa, eta hark berak azpimarratzen duenez, «haurtzaroko herria da norberaren herri bakarra». Garaian «burges ttipiekin» jostetan zebilen. Marie Laxague euskaldun gaztea zen hartaz okupatu. Baionako mundu burgesaz oroitzapen txarra atxikia du, justuki. Mundu hori, «aurreiritziz betea» dela dio idatzietan, eta gainera kapital tipikoa. Adina aitzinatzearekin, Euskal Herria ez zuen ahantzi, eta Ahurti herri bezala hautatu izana, Euskal Herri turistikotik urruntzeko zen. Alabaina, garaian Hendaian egoitza bat izan zuen. Hitz bat asmatu zuen klixez bete Euskal Herri hori adierazteko «la basquité». Beretzat Ahurti egiazko Euskal Herria zen, Michel Butor frantses idazleak eta Barthesen lagunak zioenez. Nahiz eta Barethesek honela deskribatu: «Ahurti frantses herri baten paradigma da: funtsezko organoak biltzen dituen plaza bat da: okina, ostatua, eliza eta herriko etxea».

Euskal Herria, Frantziako hego-mendebaldea

Ororen buru, bere Euskal Herria, «hego-mendebaldea» zen. Frantziako hego-mendebalde handiaren zati baten gisa bizi zuela badirudi idatzietan.

Hego-mendebalde horren «batasuna azentuak egiten du (...) gaskoin azentuak». Bere testu bati Lumière du Sud Ouest

(Hego-mendebaldeko argiak

) eman zion izena. Eta bertan sartzen zuen Iparraldea.Oro har, bere sentsazioekin dabil, bere errefentziekin. Eta hori, barneratzen eta berresten du. Garaian jadanik analisi sakonik ez zuela egiten leporatu zioten batzuek. Baina berentzat eskualde hori haurtzaroko oroitzapenen bidez zuela bizi ihardesten zuen. «Eskualde honetara nire gorputzarekin sartzen naiz, nire sentsazioen bitartez. «Usainekin», adibidez, «Baiona ttipiak dituen auzo zahar horietan» sendituak. Ahurtiz mintzo delarik, bereziki Aturri ibaiaren bazterrez eta eguraldiaz ari da: «Aroa grisa da, euritsua, beti. Herri honetan, aroa antierrepublikanoa ote?» hauxe irakur daiteke, xehetasunik gabe, 1977an Ahurtin atxiki zuen egunkari pertsonalean. Baina, beti egunkari berean, herritarrez deus gutxi. «Txarangako zenbait mutil ditut nire ondoan. Istorioak kontatzen entzuten ditut. Haien artean ez dagoen norbaitez mintzo dira. Azentua biziki markatua dute. Beren kutzukeriak sinesgaitzak bilakarazten ditu horrek. Kutzukeriak, azentu zorrotz bat exijitzen du». Ironia ote? Bere idatzietan hark hasteko ez duela azenturik dio.

ladilloa







 



P

AZTERTZAILEA

Eguneroko bizimodu arrunten azterle



Sadetik Beethovenera, Racine eta xerra, Frantziako Tourra, strip-tease, Brecht... Dena aztertzen zuen Barthesek. Citroënen azken autoa, adibidez, katedrale batekin konparatu zuen. Eguneroko bizimoduko forma arruntek gorde duten mito berriei, hitzei, zentzua ematen ahalegintzen zen. Jakin-min ase ezina. Gazteengan eragin anitz bazuen. Ez zen ez, usaiako frantses intelektual hotz horietarik. Bere idatzien artean, 1977an argitaratu Maitasun hizkeraren zatiak

arrakasta handia jaso zuen. «Maitemindua, semiologo garbi-garbia da! Keinuak irakurtzen pasatzen du denbora guztia!». Unibertsitatea saihets bidetik harrapatu zuen, tuberkulosiak jota, baina ondotik Parisko kolegioko irakasle izan zen.





© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia