2012-09-04
Komunikazioa
'Gurean gaur orain' albistegi berria Hamaikan, arratsaldean bitan
'Bat eta Bat' magazinak ostiraletik aurrera 'Gurean Gaur' izena hartuko du, hainbat berrikuntzarekin
Urtzi Urkizu
Donostia
Denboraldi berria hasi zuen atzo Hamaika telebistak. Eta aurreneko egunean martxan jarritako berrikuntza nabarmenena Gurean gaur orain albistegia izan zen. Albistegi espezializatu eta laburra da, 15 minutu ingurukoa eta aurkezlerik gabekoa. Astelehenetik ostiralera, Hamaikak 15:00etan eta 19:00etan emango du albistegi hori. Bigarren emanaldian albiste berriak sartzeko aukera izango dute Hamaikako kazetariek. Gaurkotasuna izango da albistegiaren irizpide nagusia. Aurkezlerik ez izanda, Hamaikan «albiste metaketa eguneratu» gisa definitu dute Gurean gaur orain.
Denboraldi honetako beste berrikuntza garrantzitsu bat gauetan helduko da. Aurreko denboraldietan ematen zuten Bat eta Bat magazinak izen berria hartuko du: Gurean Gaur. Ostiralean hasiko du bidea programak, eta aurrez magazinak zituen osagaiak beste berrikuntza batzuekin osatuko dituzte. Ohi bezala, albistegi bat txertatuko dute programan, baita elkarrizketa bat ere. Berrikuntza nagusiena, berriz, analisiaren tartea izango da. Nagore Uriarte aurkezlearekin batera, bi gonbidatu egongo dira platoan asteko gaiak aztertzeko. Bat eta Bat bezala, Gurean Gaur 20:45etik 22:00etara izango da. Halaber, saioak aurrekari gisa izango du Gurean Gaur Orain arratsaldeko albistegia.
Gurean Gaur gauean eta hurrengo goiz-eguerdi partean errepikatuko dute.
Uriarte, gauetako aurpegia
Nagore Uriartek (Bilbo, 1985) maiatzean hartu zion erreleboa Iker Zabalari gaueko magazinaren gidaritzan. Hirugarren urtea du Uriartek Hamaikan. Erreportajeak lantzen hasi zen, eta, gero, Berbaz eztabaida saioa aurkezteari ekin zion. Leioan egin zituen kazetaritza ikasketak.
