2012-05-15
Ezarian. Herri Urrats
Ezinak gainditzeko erronka
Akitaniak jakinarazi du aurki hasiko direla Seaskako barnetegia eraikitzeko lanak, eta, ondorioz, lizeo berriaren eraikuntza ere bai
Milaka euskaltzale bildu ziren igandean Senperen, Seaskaren deialdiari ihardetsiz
Aitor Renteria
Senpere
Seaskaren deiari ihardetsirik, milaka euskaltzalek bat egin zuten igandean Senperen, Herri Urratsen karietara. Ipar Euskal Herriko ikastolen garapena betidanik baldintzatu du ekonomiak, eta orain sekula baino gehiago. Kanboko Xalbador kolegioa arraberritzeko baliatuko da aurtengo dirua, iazkoa eta datorren urtekoa bezala. Hala ere, zaharberritze lanak premiazkoak dira ikastola gehienetan eta laugarren kolegio bat ere ireki behar du Seaskak. Herritarren erantzuna ez da aski behar guztiak betetzeko, eta, horregatik, engaiamendu argiak hartzera deitu zituzten agintari publikoak.
Lehen ordutik nabari zen euskaltzaleen erantzuna baikorra izanen zela. Elkartuz zabaldu zen aurtengo Herri Urratseko leloa, eta Euskal Herri osoko euskaltzaleek besta giroa hauspotu zuten, ikastolaren garapena bermatu ahal izateko. Ohi bezala, trikitiak, txistulari taldeek, gaiteroek, joaldunek eta dantzariek bete zituzten aintziraren inguruak. Han eta hemen, aintziraren itzulian, nagusi ziren euskararen aldeko aldarrikapenak. Aintziraren erdian ere, amnistia osoa eskatzen zuen bandera erraldoi bat zegoen, haizeak kulunkatzen zuen ontzi batean.
«Taloak urrearen prezioan salduko bagenitu ere, ez genuke Ipar Euskal Herriko ikastolek behar duten adina diru lortuko. Hala ere, lanean gogor jarraituko dugu haur guztiek euskaraz ikasteko aukera izan dezaten», erran zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak hainbat erakundetako agintariak bildu zituen ekitaldian. Herri Urratsek 29 urte bete ditu, eta ikastolen kartak argi erakusten du Seaskaren gain dagoen parioa: 25 ikastola, hiru kolegio eta lizeoa. Seaskak ez dio uko egin nahi haur bakar baten eskariari, eta horrek, engaiamendu handiagoa eskatzen dio. Baina ez du horretarako baliabiderik.
Botere publikoen tenorea heldu da, eta engaiamendu argiak hartu behar dituzte erronka gainditzeko. Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak bi mezu garrantzitsu eraman zituen. Batetik, jakinarazi zuen baxoan aukera egonen dela matematika azterketa euskaraz egiteko. Bertze alde batetik, Akitaniaren izenean jakinarazi zuen aurki abiatuko direla Seaskaren barnetegia eraikitzeko lanak. Lizeoaren xedea barnetegiaren inguruan osatzen da. Heldu den irailean hiru mila haur eskolaratuko ditu Seaskak.
Hitzen eta engaiamendu zehatzen mundua ekitaldi nagusian garatzen zen bitartean, euskaltzaleen bestak gainezka egiten zuen aintziran. Eta protagonista nagusiak familiak eta haurrak ziren. Haurren Xokoan ehunka haur bildu ziren. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek mundu bat ezarri zuten dantzan. Euskaraz bizitzea da helburua, eta, naturaltasunez, pozaren eztanda sentitu zuten haurrek.
Tenore berean, euskal preso politikoen aldeko manifestazioa egin zuten aintziraren inguruan. Manifestazioak eta pailazoen ikusgarriak bat egin zuten gunean, txiki gelditu zen gunea. Egunak bazuen anitz gehiago aitzinetik. Aintziraren bertze aldean kontzertuak abian ziren, eta gaztetxoak ere, dantzari emanak. Zenbat jende egon zen, zaila da jakitea, baina ohi baino goizago bukatu ziren janari-edariak. Autoen joan-jinak zenbatzea zaila den tokian, salmenta arrakasta neurtzeko termometro bihurtzen da.
Bertze alde batetik, euskal monetaren izena hautatu zuten. Nahi zuen jendeak izena hautatzeko bozka eman zezakeen. Eusko deituko dela ebatzi zuten gehienek.
Istripu tamalgarria
Egun eguzkitsuak hodei beltza ekarri zuen ustekabean. Angeluko 23 urteko gazte batek istripu larria pairatu zuen, aintzirara jauzi egin zuelarik. Ur gutxi zegoen tokian egin zuen jauzi eta kolpearen ondorioz, bizkarrezurra mindu zuen. Lau soin-adarretako mugimendua galdu zuen. Osasun zerbitzuek helikopteroz atera zuten aintziratik eta ebakuntza egin zioten Baionako erietxean.
Paxkal Indo. Seaskako lehendakaria
«Barnetegiko lanak hasiko direla jakitea izan da berria»
A.R.
Baiona
Neke da urte osoko prestaketa eskatzen duen egun bateko bestaren bilduma egitea. Etekinez hitz egiterik ez badago ere, egunak utzitako elementuak gogoetarako bidea ematen dute. Agintari politikoek ere euskararen aldeko engaiamendua berresten dute, eta hori da Herri Urratsen helburu nagusietariko bat.
Nolako fruitua ekarri zuen igandeko ekitaldi ofizialak?
Igandean berri on bat zabaldu ahal izan dugu: gure ikasleek Baxoko matematika azterketa euskaraz egin ahalko dutela. Ministerioak dekretuz onartu du, eta ekainetik aitzina, haizu izanen dute euskaraz egitea. Ez du gure eskaera guztiz betetzen, baina urrats bat da. Egiten ez bazen baxoa blokeatuko genuela erran genuen. Orain, lizeoko gazte eta arduradunei eskatuko diegu ez dezatela blokeoa aitzinera eraman, galdegiten genuena betea izan baita. Bidea erakuts dezatela eskatzen genuen, eta urratsa egin dute. Bistan da borrokak segitzen duela. Datorren urtean aldatuko da baxoa, eta, teknikoki, ez dakigu nola geldituko den. Erraten zuten ezin zela baxoa ukitu edo aldatu Frantziako agiri «nazionala» delako. Gure galdera eta kezka da eskualdeetako hizkuntzak «nazio» horretan sartzen diren edo ez.
Behin-behineko bilduma egiteko tenorea denez, nolako gustua utzi du aurtengo bestak?
Aroa lagun, Herri Urrats ederra izan da aurtengoa. Jende anitz ibili da kontzertuetan. Gune guztiak gainezka zeuden. Alta, ezin dugu erran zenbat jende egon den. Sartzea ez da ordaintzen, eta, ondorioz, jende kopurua neurtzeko sistema bertze bat da guretzat, alegia, prestatu ditugun janari eta edari kopuruak. Biziki goiz agortu dira, eta ostatu batzuk uste baino goizago itxi behar izan ditugu. Halako gauza txikiek erakusten dute arrakastatsua izan dela, jende anitz ibili dela.
Akitaniak jakinarazi du barnetegiko lanak abiatuko dituela. Berri garrantzitsua, ezta?
Berrespena garrantzitsua izan den arren, guk lorpentzat hartzen genuen. Joan den urteko martxoan ikusi genuen Alain Rousset Akitaniako presidentea, eta jakinarazi zigun hamar milioi euro ezarriko zituela lizeo hori egiteko. Berria izan da barnetegiko lanak aurki hasiko direla jakitea. Egutegia maiatzaren bukaeran finkatuko dugu, teknikariekin bildu eta gero.
Eusko Jaurlaritzak ere engaiamendua berretsi du. Uxatu dira kezkak?
Guk berretsi diegu hitzarmen bat dugula eta aurten ere indarrean dagoela. Baliteke agintaldia heldu den udazkenean bukatzea, eta horregatik eskatu diegu emandako hitza betetzeko. 400.000 euroko laguntza hitzeman ziguten. Espero dugu engaiamendu hori beteko dutela.
Istripua pairatu zuen gaztearen berririk baduzue?
Buruz bota zen aintzirara, eta, zoritxarrez, urik ez zegoen tokian. Bertan nintzen. Edozein istripuk hunkitzen gaitu. Espero dut ongi aterako dela. Animoak eman nahi dizkiot berari eta familiari.
Gaztetxoen mozkorraldiak ere kezka bihurtu dira. Zer egin daiteke?
Horri buruzko gogoetak abiatu ditugu. Euskal Herriko ikastolen bost bestetan dago kezka. Bakarrik ezin dugu deus egin. Alkohola ez da gure besten arazoa, gizartearena baizik. Aitzindari izan behar dugu neurri batzuk hartzen, eta hartuko ditugu. Gogoeta horretan, eragile guztiek hartu behar dute parte, ez bakarrik ikastolek.
