Inprimatzeko bertsioa
Azken tanta ere edan du
Amstel Gold Race klasikoa irabazi du Serguei Ivanov errusiarrak, faboritoei aurrea hartuta
Igor Susaeta. Donostia
«Gehien maite dudan lasterketa da». Serguei Ivanoven (Katusha) hitzak dira horiek. Herenegungoak, Amstel Gold Race klasiko handia irabazi berritan esandakoak, hain justu. Iaz zazpigarren izan zen, eta 2002an bigarren. Fassa Bortolorekin lehiatzen zen orduan, eta Michele Bartolirentzako morrontza lana egin behar izan zuen, Michael Boogerd eta Lance Armstrongekin batera sortutako ihesaldian. Indartsuena zen errusiarra, baina Bartoli, Bartoli zen, eta Giancarlo Ferretik Pisakoaren (Italia) aldeko apustua egin zuen. Garagardoaren klasikoan, ia-ia osorik edan zuen garagardoa; atzo, ordea, azken tanta ere xurgatu zuen.
Faborito guztiei aurrea hartu zien indartsuena zelako. Eta faborito guztiak mendean hartu zituen, ingurua primeran ezagutzen duelako. Izan ere, Valkenburgetik (Herbehereak) 30 bat kilometrora bizi da 34 urteko errusiarra. Bost aldiz izan da bere herrialdeko errepideko txapelduna; azkenekoz, iaz. Txirrindulari indartsua delako, planta onekoa, ordekan eta aldapa tente bezain laburretan primeran moldatzen dena; potentzia handikoa, alegia.
Eta, hain zuzen, Caubergeko muinoan, azkeneko kilometroan, potentzia behar zen. 260 kilometroren ondoren %9ko batez besteko pendiza duen aldapa bati aurre egitea ez da erraza, baina Ivanovek indarrean igo zuen, eta atzean utzi zituen Karsten Kroon (Team Saxo Bank) eta Robert Gesink (Rabobank) iheskideak.
Helmugara heltzeko hamar bat kilometro falta zitzaizkienean sortu zen hiruko hori. Keutenbergeko muinoan Andy Schleckek (Team Saxo Bank) egin zuen hautaketa, eta aurrean hamar txirrindulari gelditu ziren. Baina Gesinkek bakarrik egin nahi zituen azkeneko kilometroak. Kroon eta garailea batu zitzaizkion, eta horrela heldu ziren Caubergeko hormaraino. Gesinkek, hain zuen, haustura txiki bat dauka eskuin belauneko gihar batean, eta bihar ez da Fleche Wallonen ariko.
Sailkapena
AMSTEL GOLD RACE
1. Sergei Ivanov (Katusha) 6.38.31
2. Karsten Kroon (Saxo Bank) d.b.
3. Robert Gesink (Rabobank) 8ra
4. Phillippe Gilbert (Silence-Lotto) d.b.
5. Damiano Cunego (Lampre) d.b.
6. Alexandr Kolobnev (Saxo Bank) d.b.
7. Simon Gerrans (Cervelo) d.b.
8. Nick Nuyens (Rabobank) d.b.
9. Christian Pfannberger (Katusha) d.b.
10. Andy Schleck (Saxo Bank) d.b.
14. Samuel Sanchez (Euskaltel) d.b.
59. I. Landaluze (Euskaltel) 4.30era
79. Alan Perez (Euskaltel) 4.48ra
83. Iñaki Isasi (Euskaltel) d.b.
106. B. Fernandez (Cofidis) 9.34ra
© berria.info