Berria.info

Ostirala, 2013ko maiatzak 24 - 17:43

2012-08-09

Gerrako jazoerez haratago

Siriako errefuxiatuen etorrera etengabekoa da Jordanian. Denera, 140.000 iheslari jaso ditu, eta horietatik 40.000 daude kanpalekuetan. Agintariak beldur dira barne politikan utz ditzaketen ondorioez.

Ane Irazabal Ramtha

Jordaniako Ramtha herriko King Abdallah Park errefuxiatuen kanpalekua, Siriako mugan. / COSIMO CARIDI


Haur bat UNHCR-en ur bidoi batekin, Ramthako kanpalekuan. / C. CARIDI

Omar Mohamedek ez du analisi politikorik egin nahi. Ez zaio egokia iruditzen. Duela astebete iritsi zen bere familiarekin Jordaniara, Daraa utzi eta hamar kilometro oinez egin ostean. Emaztea, bost seme eta egun bateko alaba txikia eskuan hartuta, muga pasatu eta babesa eskatu zuen Jordanian. «Gauez zeharkatu genuen muga, Siriako Armada Askearen laguntzaz, eta iritsi bezain laster iheslarien gune honetara ekarri gintuzten», adierazi du atsekabez. Ez zuen Siriatik alde egin nahi.

Beste mila errefuxiatu bezala, Jordania iparraldean dagoen Ramtha herriko King Abdallah Park izeneko kanpalekuan ezarri dute Mohameden familia. Duela astebetera arte, 8.000 siriar inguru jaso zituen gune horrek. Orain, arduradunek diote ezin dituela jaso 1.500 lagun baino gehiago.

Handik ekialderago, Zaatari izeneko beste kanpaleku bat ezarri du Jordaniako Gobernuak, eta Ramthan zeuden iheslari gehienak hara bidali dituzte. «Duela astebetera arte kaos bat bizi izan dugu, ez baikenuen hainbeste jende batzeko ahalmenik», adierazi du gune osoko ur horniketa kudeatzen duenak, Samik.

Hain zuzen, iragan asteetan hasi da Jordania errefuxiatuen auzia serioski hartzen. Azkenaldian Siriako iheslarien kopurua handituz joan den arren, iragan asteetan nabarmen egin du gora ehunekoak. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Batzordeak emandako datuen arabera, 140.000 errefuxiatu siriar jaso ditu Jordaniak. Horietatik 40.000, lau iheslarien kanpalekuetan ezarri dituzte. Besteak, iparraldeko hainbat hiritan eta Ammanen sakabanaturik daude.

Iheslari gehienak Daraa eskualdetik iritsi dira, gatazkaren epizentrotik, hain zuzen. Hango biztanleek merkataritza harreman estuak izan dituzte Jordania iparraldearekin. Ihes egitea erabakitzean, Ramtha otutzen zaie gehienei irtenbidetzat. Atheer Al-Ghzawik laguntza psikologikoa eskaintzen die iheslariei, boluntario gisa: «Haiek kontatzen dizkiguten pasarteen arabera, frankotiratzaileen tiroak jasaten dituzte muga pasatzen duten arte, beraz, denak iristen dira tentsio eta antsietate maila handiarekin».

Ramthatik, Daraa gaineko bonbardaketak entzun daitezke urrunean. Iheslariak ez dira guztiz salbu sentitzen, eta beren istorioa kontatzeko dudatsu agertzen dira batzuk. Dena den, Baxar al-Assaden erregimenak azken uneak bizi dituela uste dute gehienek. Kanpalekuetako gerizpetan egiten diren eztabaida politiko inprobisatuetan denen ahotan da Riad Hijab Siriako lehen ministro ohia. Desertatu duela ziur daude errefuxiatuak. «Hijabek gure gisa alde egin du, eta argi daukagu erregimena barrutik apurtzen ari dela», nabarmendu du Mohamed ezizena erabiltzen duen gizon batek.

Nolanahi ere, badira hain baikorrak ez direnak. Iheslarien gunean luze egon daitezkeela iruditzen zaio Amir izeneko mutil bati: «Assad oso boteretsua da oraindik, eta babes handia du Siria barruan». Tartean, Europaren eta, oro har, nazioartearen «immobilismoari» kritika zorrotza egiten dio. Amirren ustez, ez zaio behar adinako garrantzirik ematen ari Siriako iheslarien auziari.

Kanpalekuetatik at

Irbideko ospitalean, 100 errefuxiatu siriarri egin diote ebakuntza azken hilabetean. Elmad Al-Qudah kirurgialaria da: «Gero eta zauri sakonagoak dakartzate. Horrela pasatzen dute muga, ez baitira Siriako ospitalera joatearekin fio».

Abed Rohmanek 19 urte ditu, eta anaiarekin batera Homseko merkatuan harrapatu zuten bonbek. Anaia erasoan hil zen. Abedek, berriz, hiru ebakuntza izan ditu, eta besoa galdu du. Badirudi haren obsesioa dela Siriara itzuli, eta matxinoen Armada Askearekin batzea: «Nire anaiaren hilketa mendekatuko dut. Ospitaletik atera bezain laster, Homsera bueltatuko naiz, eta borrokatzeari ekingo diot, Assad hilda ikusi arte».

Ospitaletik kanpo, Siriako milaka iheslari Irbideko aldirietan ezartzen ari dira. Askok ez dute errefuxiatu gisa erregistratu nahi izan, behin-behineko pasartea izango delakoan, eta kanpalekuetara joatea saihestu dute. Jordaniar baten laguntza jasotzea beharrezkoa da horretarako. «Hamahiru egunez elkarrizketatu ninduten Jordaniako zerbitzu sekretuek, Siriarako armen bidalketa kudeatzen ari nintzelakoan», adierazi du Ya'roubek. Siriako armadako kidea izan zen Ya'roub iragan otsailera arte. Ondoren, desertatu eta alde egin zuen. «Ez dut errefuxiatuen kanpalekuetan ezarri nahi, ez dudalako giza laguntzarik eta janaririk behar. Lan egin nahi dut, eta dirua nire herrira bidali», nabarmendu du harro.

Oreka politikoa

Jordaniako Gobernuak ez du Siriako gatazkari buruzko jarrera ofizialik hartu, baina eskualdeko tentsio politikoek adi egonarazten dute Amman. Siriako trantsizio demokratikoa babesten duela nabarmentzeaz haratago, ezer gutxi esatera ausartu ohi da Abdullah II.a erregea. Gobernuarentzat, ordea, «iheslarien auzia» arazo bilaka daiteke aurki. Errefuxiatuek ekonomiaren ahulaldia oker dezaketela adierazi dute ofizialek azken egunetan. Horren atzean «beldur politikoa» dago, askoren ustez. Jordaniako biztanleen %60 palestinarrak dira; baina, gutxiengoa izanagatik, haxemi leinuak gidatzen du herrialdea.

Saeed Hassan ekintzaile politikoa da, eta oreka kontua iruditzen zaio guztia: «Gobernua beldur da egoera politikoa okertuko ote den Siriako iheslarien etorrera kontrolaezina eginez gero. Azkenaldian, Jordanian gero eta manifestazio gehiago egiten ari dira ustelkeriaren aurka, eta erregearen kontrako oihuak gero eta ozenagoak dira», nabarmendu du. Siriako errefuxiatuak barne politika ezegonkorraren errudun egin nahi ditu Jordaniak, Saeeden arabera.



 

Siriako armadak Halaben aitzinera egin du, Salah al-Din auzoa hartuta

Riad Hijab lehen ministro ohia Jordanian dagoela adierazi du hango gobernuak

Erredakzioa

Siriako hiririk handienetan bigarrena, Halab, berreskuratzeko borrokan aurrerapausoa eman du armadak, Salah al-Din auzoa kontrolpean hartu baitu. Telebista publikoak jakinarazi duenez, han zeuden «terrorista gehienak» hil dituzte soldaduek. Siriako Armada Askeko matxinoek auzotik alde egina dutela aitortu diote hasieran Reuters agentziari; baina, geroago, Abu Mohamed matxinoen bozeramaileak agentzia berari erran dio militarrek ez dutela «erabat hartu» Salah al-Din.

Bihar bi aste beteko dira armadak Halab berreskuratzeko erasoaldia hasi zuenetik. Ordutik, matxinoen gotorlekuetako bat izan da Salah al-Din. Erasoaldia hasi eta bi egunera, auzunea kontrolpean hartu zuela erran zuen Siriako Gobernuak; baina ordutik atzora arte, ia egunero eman dute borroken berri. Siriako Armada Askeak, gainera, hiriaren %60 kontrolatzen zuela aldarrikatu zuen herenegun; baina telebista publikoak dioenez, Salah al-Dinen ezik, bertze hainbat auzotan ere sartu da armada —Bab al-Hadeeden, alde zaharretik gertu, eta Bab al-Nayraben—, eta «dozenaka terrorista» hil ditu.

Halab da Siriako hiririk handiena da —2,7 milioi biztanle inguru ditu—, eta, horrez gain, gune ekonomiko nagusia da. Damaskotik iparraldera dago, 300 kilometrora, eta Turkiatik 50 kilometrora. Hiria hartuta, mugarainoko lurralde eremu bat kontrolatu nahi dute matxinoek, horrela, Turkiatik laguntza zuzenean jaso eta matxinadarentzat erdigune bat sortzeko.

Indarkeria sektarioa

Siriako aniztasun etniko eta erlijiosoaren adierazgarri ona da Halab, arabiarrak eta musulman sunitak gehiengoa diren arren, hainbat etnia eta erlijio batera bizi direlako han. Kristauak, adibidez, herritarren %12 inguru dira;, eta kurdu anitz ere bizi dira han. Horregatik, gerra egoerak indarkeria sektarioa leherraraz dezakeela ohartarazi dute Siriako eta nazioarteko eragile anitzek, kontuan hartuta matxinoen artean islamismo sunita dela joera nagusia. Sana agentzia publikoak jakinarazi duenez, herenegun mendebaldeko Homs hiritik gertu izandako eraso batean hamasei lagun tirokatuta hil dituzte; horietako sei, kristauak, eta bertze sei, alauiak. Energia konpainia batentzat lan egiten zuten.

Siriako Armadako Askeak bahitutako Irango 48 erromesei dagokionez, Nazio Batuen Erakundeak «bahiketa guztiak» gaitzesten dituela erran du, baina ez dio erantzun Teheranek egindako bitartekaritza eskariari.

Bertsio kontrajarriak

Riad Hijab lehen ministro ohia, berriz, ez da jendaurrean agertu oraindik, baina jada Jordanian dagoela erran du hango gobernuak. Samih Maaytah Informazio ministroak adierazi duenez, atzo goizaldean gurutzatu zuen muga bere senideekin. Bertsio horrek gezurtatu egin du astelehenean Hijaben bozeramaileak errandakoa, Mohamed el-Etrik erran baitzuen ordurako Jordanian zegoela lehen ministro ohia, eta Qatarrera joatekoa zela. Maaytahek berak gezurtatu zuen orduan Hajib Jordanian zegoela.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia