Berria.info

Asteazkena, 2013ko maiatzak 22 - 13:06

2012-07-29

Siriako gatazkaren erdigune bihurtu da Halabeko borroka bi aldeentzat

Armada hiria bonbardatzen ari da lurrez eta airez, baina Siriako Armada Askeak erasoari aurre egitea lortu du, oposizioaren arabera

NBEko idazkari nagusiak erasoaldia geldiarazteko exijitu dio gobernuari

Jon Fernandez

«Bataila guztien ama» da egunotan Siriako Halab hirian egiten ari direna, herrialdearen iparraldean. Baxar al-Assad presidentearen aldeko egunkariek zein oposizioko talde armatuen ordezkariek izen horrekin bataiatu dute herrialdeko hiririk garrantzitsuenetan bigarrena deneko guda, bi aldeak sinetsita baitaude han gertatzen denak baldintzatuko duela Siriak azken hamazazpi hilabeteetan izan duen gatazka odoltsuaren bidea. Atzo, Siriako armadak gogortu egin zuen erasoaldia Halab hiriko inguruetan eta erdialdean, oposizioko Siriako Armada Askearen arabera. Arma astunekin eta helikopteroekin ari dira Al-Assaden indarrak bonbardaketak egiten, eta gutxienez 105 pertsona hil zituzten atzo —Halaben, eta herrialdeko beste hainbat lekutan—. Hala ere, Siriako Armada Askeak adierazi du ondo hornituta eta kokatuta dagoela Halaben, eta gai izan dela Damaskoren armadaren erasoaldiari aurre egiteko, baita armadaren zortzi tanke txikitu dituela ere gutxienez.

Al-Assaden hurbileko Al-Watan egunkariak azaldu duenez, matxinoak «Turkian eta Europan ekoitzitako armak ari dira erabiltzen. Gainera, egunkariak baieztatu du Ankarak Halabera milaka militar bidali dituela —Turkiako mugatik 150 kilometrora dago hiria— eta misil termikoak eta hegazkinen aurkako misilak ere igorri dituela, iturri gisa diplomatiko arabiar izengabe bat aipatuta. Turkiaren eta Mendebaldearen asmoa hiria kontrolatzea da, gero «hiri seguru» izendatzeko. Halaben gertatzen ari dena «benetako gerra» da, Al-Watan-en arabera, eta 12.000 matxino armatu daude hirian. «Libiarrak, tunisiarrak, egiptoarrak eta afganiarrak dira gehienak».

Nolanahi ere, nahasmena da nagusi Halaben eta, oro har, Sirian gertatzen ari denaren inguruan. Damaskoko gobernuak kazetariei herrialdera sartzen laga barik jarraitzen du, eta, beraz, oso zaila da egiaztatzea gobernuarengandik zein oposioko taldeengandik iristen den informazioa.

Errusiari begira

Halabeko indarkeria egoerari buruzko informazioa entzun ondoren, alerta jo dute Mendebaldeko potentzia nagusiek. Halaben «beste sarraski bat» gertatuko dela iragarri dute, eta Tremsehekoa eta Al-Houlakoa gogora ekarri. «Erasoaldia gelditzeko exijitzen diot Siriako Gobernuari. Bi aldeek baztertu behar dute indarkeria, herrialdeko zibilen mesederako», adierazi du Ban Ki-moonek, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Londrestik.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gogorrago berba egin du. Siriako «legez kontrako gobernua» gaitzetsi du: «Egiten ari direna geldiarazi behar dugu, eta nazioartea Al-Assadi egiten ari den presioak balio izango du, baldin eta hark azkenean agintea lagatzen badu». Londresek, gainera, gertatzen ari denaren aurrean «isilik» ez egoteko eskatu die Moskuri eta Pekini.

Errusia ez dago isilik, ordea. «Zoritxarrez, Mendebaldeko gure aliatuek nahiago izan dute zerbait ezberdina egitea, eta Siriaren auzoko herrialde batzuekin batera, erregimenaren kontrako borroka hauspotzen, babesten eta zuzentzen dute. Horren ordaina odol isuria handitzea da». Sergei Lavrovek esan ditu berbok, Errusiako Atzerri ministroak. Gainera, adierazi du ez dela errealista Al-Assaden dimisioa eskatzea. «Zelan espero daiteke gobernuak egoera onartzea, eta esatea: 'Kito! Nahastu egin naiz, kargutik ken nazatela, alda dezatela erregimena'... Hori ez da erreala».



 

Bengazi matxinoen buruan

Siriako hiririk handienetan bigarrena da Halab, eta Libiako matxinoentzat Bengazi izan zenaren irudi bihurtu da oposizioarentzat. Hiriaren kontrolaz jabetu nahi dute.

J.F.

Halab Bengazi da Siriako oposizioarentzat. Libiako matxinadaren eskema errepikatu nahi du Siriako Armada Askeak: herrialdeko bigarren hiria —Siriako hiriburu ekonomikoa— kontrolatu, eta handik Damaskoren erorketa gidatzea. Muammar Gaddafi koronela agintetik kentzeko, berebizikoa izan zen hango matxinoek Tripoli baino lehen Bengazi hartzea. Dena dela, Siria ez da Libia, eta ikusteko dago oposizioa Halabez jabetuz gero ere balioko ote lukeen eredu libiarrak Sirian. Hala eta guzti ere, estrategikoki hiri oso garrantzitsua da Halab bi aldeentzat, eta horren jakitun dira.

Gehienak sunitak dira bi milioi biztanle inguruko hiri horretan —Baxar al-Assad alauita da, xiiten adar batekoa—. Baina herrialdeko gutxiengo erlijioso guztiak bizi dira han: Siriako komunitate kristaurik handiena dago, eta kurduen komunitatea ere garrantzitsua da —herritarren %20, gutxi gorabehera—, besteak beste.

Hiriaren balio nagusietako bat ekonomikoa da gudako bi alderdientzat: Halabeko industria eta enpresa sektoreek herrialde osoa hornitzen dute, hiriburua barne. Halab galduz gero, beraz, asko gaiztotuko litzaioke egoera Damaskori. Matxinadaren lehenengo hilabeteetan gobernuari leial jokatu zuen enpresa klase indartsua dago han.

Halab, non zaude? irakur zitekeen matxinoen iazko protestetako kartel askotan. Idlibeko edota Hamako erreboltariek matxinadara biltzeko dei egiten zieten orduan Halabeko eta Damaskoko herritarrei. «Halabeko herritarrak interes ekonomikoen arabera mugitzen dira; inork ez du martiri bokaziorik Baba Amren bezala», azaldu izan du Marcell Shewaro blogariak, Halabeko lehenengo protestak bultzatu zituenak. Bi hiri nagusietan ez zen istilu handirik izan urtebetean, baina egoera aldatu egin da, eta indarkeriak gora egin du haietan ere. Merkataritza erabat gerarazi du gatazkak, eta Siriako Armada Askeko kidez josita dago hiria.

Oposizioko talde armatuek diotenez, herrialdearen %40 inguru kontrolatzen dute, baina batez ere nekazaritza eremuetan, eta jarraitutasun geografikorik barik. Duela gutxi arte, Idlib, Hama eta halako hiri txikiagoetan jarri du begia oposizioak, baina azken asteetan estrategia aldatu du. Siriako Armada Askeak erasoaldi gogorra jo zuen hiriburuan uztailaren 15etik 23ra bitartean. Al-Assaden soldaduek ere gogor erantzun zuten, eta Damaskoren kontrola berreskuratu du. Oposizioak, ordea, berehala egin du kontraerasoa hiri nagusietan bigarrenean, eta ustekabean harrapatu du gobernua.

Kokapenaren garrantzia

Halab kontrolatzearen arrazoi nagusia geografikoa da, bereziki Siriako Armada Askearentzat. Turkiako mugatik gertu dago, 150 kilometrora, eta atzerrirako atea zabalik lagako lioke. Oposizioarentzat asko erraztuko litzateke armen hornidura, baita giza laguntzaren sarbidea ere. «Lurralde segurua» eratu ahal izango lukete matxinoek han, ia kontrolpean duten Idlib probintziaren ondoan.

Halab galtzea kolpe handia litzateke gobernuarentzat, eta, gainera, assadtarren azken babeslekua izan daitekeen Latakia kostaldeko hiria ere —alauitek dute gehiengoa han— oso gertu izango lukete matxinoek, eraso egiteko moduan. Libiako eskemari jarraituz, aire eremua debekatzeko eskatuko lioke oposizioak nazioarteari Halabetik, baina Moskuk eta Pekinek argi laga dute ez daudela prest Libiakoa errepikatzeko.

Dena den, Damaskon bezala Halaben ere kontrola berreskura dezake Siriako armadak. Beste nonbait jarriko dute orduan gatazkaren erdigunea. Badaezpada, arma kimikoen mamua astintzen hasi da dagoeneko Mendebaldea.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia