Berria.info

Igandea, 2013ko maiatzak 19 - 07:57

2012-07-15

Afganistanen hogei lagun inguru hil dituzte, eraso suizida batean

Ahmad Khan Samangani diputatua dago hildakoen artean, 'Gerrako jauntxoa' ezizenez ezaguna

Jon Fernandez

Ezkontzako gonbidatu bat gehiago balitz bezala, erasotzaile suizidak besarkada bat eman zion Ahmad Khan Samangani Afganistango Legebiltzarreko diputatuari, eta, une horretan bertan, soinean zeramatzan lehergailuak leherrarazi zituen. Polizia iturriek eman dute atzo goizean Afganistan iparraldeko Aybak hiriko Qasre Almas hotelean gertatutakoaren berri. Samanganiren alabaren ezkontza ospatzen ari ziren hoteleko areto nagusian. 5.000 gonbidatu inguru zeuden, eta gutxienez 22 lagun hil dira, Poliziaren arabera. Kabulgo gobernuak, berriz, adierazi du hamazazpi hil direla. Nolanahi ere, 60 lagun inguru daude zaurituta, asko oso larri, eta Lal Mohamad Ahmadzai Poliziaren bozeramaileak iragarri du balitekeela datozen ordu eta egunetan hildako kopuruak gora egitea.

Samangani diputatua ez da izan, ordea, azken hilabeteetan Afganistanen izan den eraso suizidarik odoltsuenean hil den kargudun garrantzitsu bakarra: Samangan probintziako zerbitzu sekretuen burua eta Sayed Ahmad Samay armadako komandantea ere hil dira. Erasoa, dena dela, Samanganiren aurkakoa zen.

Gerrako jauntxoa ezizenez ezaguna zen herrialdearen iparraldean, pisu handiko gizona. Uzbekiar etnia minoritariokoa zen, eta, tradizionalki, talibanen kontrakoa izan da etnia hori. 1980ko hamarkadan, sobietarren inbasioaren kontra borrokan ibili zen, eta, 1996tik 2001era, talibanen agintearen kontra. Hamid Karzai Afganistango presidentearen aldekoa zen, eta Gen Abdyl Rashid Dostum uzbekiarren liderraren kontrakoa. Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan, 2010ean, Samanganik ez zuen eserlekurik lortu, baina ustelkeria salatu zuen, eta Hauteskunde Batzordeak eserleku bat onartu zion, beste zazpi hautagairi bezala.

Ez dira talibanak izan

Karzai presidenteak eraso suizida gaitzetsi du, eta «Afganistanen etsaiak» egin ditu erantzule, izenik esan barik talibanak seinalatuz. Baina Zabiullah Mujahid talibanen bozeramaileak ukatu egin du erasoa eurek egin izana: «Guk ez daukagu zerikusirik kontu horrekin. Ahmad Khan mujahidinen komandante ohia zen, eragin handiko gizona Afganistan iparraldean, eta ez dago zalantzarik arerio ugari zituela. Beraz, baliteke liskar pertsonal baten kontu garbitzea izatea». Karzaik ikerketa batzorde bat sortu du gertatutakoa ikertzeko.

Talibanen aukera baztertuta, erasotzailea IMU Uzbekistango Mugimendu Islamistako kide bat izan daitekeela uste dute hainbat adituk. Al-Qaedarekin lotura du IMUk, eta Afganistanen iparraldean egiten ditu ekintza gehienak, herrialdeak Uzbekistanekin duen muga inguruan batez ere. Aste honetan, hain zuzen, IMUko ustezko bi kide atxilotu ditu Poliziak, eraso suizidak prestatzen aritzea egotzita.

Dena dela, talibanek sarri erabili izan dituzte eraso suizidak aginteko kargudunei eraso egiteko. Eraso suizidetan hil izan dituzte azken urteetan, esate baterako, Afganistan iparraldeko poliziaburu Daud Daud jenerala, Kunduz probintziako gobernadore Mohammad Omar, eta Abdullah Laghmani zerbitzu sekretuen zuzendariordea.

Eraso gehiago

Samanganiren kontrako erasoa beste bi erasoren biharamunean iritsi da. Izan ere, joan den bariku gauean, miliziano talibanek Abdul Salam hil zuten, haren etxearen aurrean, tiroz; herrialdearen mendebaldeko Herat probintziako Shindand hiriko alkatea zen. Bestalde, ekialdeko Laghman probintzian, Hanifa Safi politikari eta abokatua hil zuten, bonba eraso baten ondorioz. Emakume ezaguna zen Safi eskualdean, Afganistango Emakumeen Ministerioko ordezkaria baitzen probintzian. Emakumeen kontrako tratu txarren aurka egiten zuen.

Iaz hasi ziren nazioarteko tropak Afganistandik ateratzen, eta, harrezkero, gora egin du indarkeriak. 2014rako tropa guztiak irtetea eta boterea Kabulen esku geratzea espero da. Baliteke talibanek agintea berreskuratzea.



 

NBEk emakumeen kontrako «muturreko indarkeriazko» azken kasuak salatu ditu

Michelle Bachelet NBE Nazio Batuen Erakundeko Emakumeen Batzordeko zuzendariak salatu eta gaitzetsi egin ditu Afganistanen emakumeen kontra egindako «muturreko indarkeriazko» azken kasuak. Kabuli eskatu dio «berehala» erantzuteko: «basakeria onartezin hori» geldiarazteko eta krimenen egileak Justiziaren aurrera eramateko.

Polizia batek torturatu eta bortxatutako Lal Bibi gazte afganiarraren kasua ekarri du gogora Bacheletek, baita adulterioa leporatuta harrika hil zuten Najibarena ere. «Zigorgabetasunaren kultura» amaitzeko eskatu dio Kabuli. «Ezinbestekoa da azken hamarkadan emakumeek eman dituzten aurrerapausoetan sakontzea», Bacheleten arabera. Uste du egoera gaiztotu egin daitekeela emakumeentzat nazioarteko tropek herrialdea lagatakoan.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia