2012-07-13
Pakistanen, gobernukideen immunitatea indartu dute
Auzitegi Gorenak goi kargudunen ustelkeria ikertzeko agindu dio lehen ministroari, eta PPPk desmen legea aldatu du, babesteko
Konstituzioaren aurkakotzat jo dezakete gobernuak onartutako lege berria
Elixabet Epelde
Pakistanen, batailaz bataila ari dira borrokatzen gobernua eta Justizia. Presaka eta korrika, desmen legea aldatzeko proposamena egin du PPP Pakistango Alderdi Popularrak —agintean dago—, epaileen aginduetatik babesteko. Lasterka egin dituzte tramiteak ere: astelehenean onartu zuen proposamena Batzar Nazionalak, asteartean berretsi senatuak, eta atzo sinatu zuen Asif Ali Zardari presidenteak. Gobernuko kideei, presidentea eta lehen ministroa barne, immunitate zabalagoa ematen die lege berriak desobedientzia kasuetan. Erasoaldi gogorra jo badu ere, gobernuak ez du bataila irabazi oraindik, Auzitegi Konstituzionalak ebatz baitezake legea konstituzioaren aurkakoa dela.
Iftikhar Chaudry Auzitegi Goreneko presidenteak argi utzi du ez duela atzera egingo goi kargudunen ustelkeria kasuak ikertzeko erabakian. Ekainaren 19an, Yusuf Raza Gilani lehen ministroa kargutik kentzeko agindua eman zuen, eta legebiltzarreko aulkia ukatu zion, Justiziaren agindua ez betetzea leporatuta. Izan ere, presidentearen eta beste hainbat gobernukideren ustelkeria kasuak ikertzeko agindua eman zion gorenak Gilaniri, baina horrek ez zuen bete eskatutakoa. Ekainaren 23an, Raja Pervez Ashraf Energia ministro ohia lehen ministro izendatu zuten legebiltzarrean, gehiengoaren babesarekin. Kargua hartu eta egun gutxira, ordea, ustelkeria kasuak ikertzen hasteko gorenaren agindua iritsi zaio horri ere.
Uztailaren 25era arteko epea eman dio Chaudryk lehen ministroari, Suitzako agintariei eskutitz bat idazteko dirua zuritzearen inguruko auzia hasteko eskatuz. Zardari bera dago auzi horretan nahasia. Desmen lege berria, hain justu ere, Ashraf babesteko onartu dute, kargutik ken ez dezaten gorenaren eskaera betetzen ez badu, Gilanik egin bezala.
Musharrafen ondarea
Pervez Musharraf Pakistango presidente ohiak (1999-2007) ustelkeria kasuetan nahasitako politikariei amnistia ezarri zien agintaldiaren azken urtean, eta horri esker itzuli ahal izan ziren erbestetik Zardari egungo presidentea eta bere emazte eta lehen ministro ohi Benazir Bhutto. Zardari hainbat ustelkeria eta hilketa kasutan nahasita zegoen, Bhutto lehen ministro izan zen garaikoak —1988tik 1990era eta 1993tik 1996ra—. Espetxean 11 urte egin zituen, eta 2004an aske utzi zuten, erbestera joatearen truke.
Auzitegi Gorenak, baina, amnistia baliogabetu zuen 2009an, Zardari presidentetzara iritsi ondoren. Geroztik, elkarri eraso egiten, tirabiran ari dira PPPren gobernua eta Justizia, herrialdeak azken urteetan izan duen krisi politikorik larriena eraginez.
Talibanek bederatzi polizia hil dituzte Lahoren
Bahitutako zazpi meatzarien gorpuak aurkitu dituzte; 11 matxino hil dira armadarekin borrokan
E.E.
«Gure mujahidinen aurkako erasoak eta tratu txarrak egiten jarraitzen duten bitartean, guk Poliziari eraso egiten jarraituko dugu. Nahi dugun tokian gure helburuak betetzeko abilezia daukagu», mehatxu egin du Ahsanullah Ehsan talibanen bozeramaileak, bederatzi poliziaren hilketa bere gain hartu eta gero. Pakistan ekialdean den Lahore hiriko polizia etxe baten aurkako tiroketan hil dituzte agenteak. Matxinoek jakinarazi dute preso dituzten talibanen torturengatik egin dutela erasoa.
«Gerra zirudien; tiro hotsak nonahi entzun zitezkeen», adierazi du erasotik onik atera den polizia batek, Muhammad Ameer-ek. Erasotzaileek ihes egitea lortu dutela jakinarazi dute polizia iturriek. Raja Pervez Ashraf lehen ministroak erasoa gaitzetsi du, eta adierazi du horrelako erasoek «terrorismoaren eta muturreko ekintzaileen» aurkako borrokan indartu behar dituela bai gobernua, bai herritarrak.
Talibanek erasoen jomuga bilakatu dituzte segurtasun indarrak, eta horien aurkako atentatuak gogortu dituzte azkenaldian. Astelehenean bertan, zazpi soldadu eta polizia bat hil zituzten armadaren base baten aurkako erasoan.
Afganistango muga
Armadaren eta talibanen arteko borroketan, 11 matxino hil dira herrialdearen ipar-mendebaldean. Lekukoek jakinarazi dute talibanek, Afganistango muga gurutzatu, eta Katkot herriari eraso egin diotela. Armadaren erantzunaren ondoren, talibanek atzera egin dute. Adituek diote gertakariak Islamabaden eta Kabulen arteko tentsioa areagotu dezakeela.
Bestalde, iragan astean bahitu zituzten zazpi meatzarien gorpuak aurkitu dituzte Balutxistango hiriburuan, Quettan. Poliziak jakinarazi duenez, ziurrenik herenegun hil zituzten meatzariak, eta azaldu dute gorpuek indarkeria zantzuak zituztela. Ashrafek adierazi du ekintza «basatia eta koldarra» izan dela.






