Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:13

2011-04-17

Adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin dute milaka lagunek Valentzian

Manifestazioaren amaieran, Lluis Llachek eskubideen urratzea salatu eta TV3ren emisioa eskatu du

Erredakzioa

Milaka herritar elkartu ziren atzo adierazpen askatasuna eta TV3ren emisioa Valentzian izateko eskatzera. / ORIOL CLAVERA


Valentziako presidente Campsen kontrako adierazpen bat. / ORIOL CLAVERA

Lluis Llach kantautoreak lau urte egin ditu publikoaren aurrean kantatu gabe, baina atzo erretiroa etetea erabaki zuen, merezi zuelako. Agertoki inprobisatu batean kantatu behar izan zuen, Valentziako Generalitateak hirian muntatzea eragotzi zuelako. Baina berdin kantatu zuen, gogoz, eta herritar hunkituen aurrean. Si a TV3. Si a la Llengua! Si a la tranparencia lelopean ateratako manifestazioko harribitxia izan zen Llachen ekarpena.

Milaka lagun —80.000, antolatzaileen arabera— elkartu ziren Valentziako kaleetan, hizkuntza eta adierazpen askatasuna etengabe urratzen dituztela salatu beharra zegoelako. Kataluniako kate publikoa Valentzian ikusteko PPko gobernuak ezarria dion debekua kentzeko eskatu zuten, eta adierazpen askatasuna oro har katalan denontzat, Campsen gobernuak hizkuntzaren eta nortasun espainiarra ez denaren kontra duen gatazka amaigabearekin nahikoa dela esateko.

Manifestariak TV3 bai! zioen pankarta handi baten atzean joan ziren. Valentziako sindikatuetako, erakunde sozialetako eta hainbat alderdi politikotako ordezkariak ere izan ziren han; «askatasunaren eta demokraziaren aldeko ekintzan», ACPV Valentziako Kultur Ekintza elkarte antolatzaileko kideek nabarmendu dutenez. Valentziako Gobernuak katalanen adierazpen askatasuna urratu duela salatu du Eliseu Climent ACPVko ordezkariak.

PPk eta Valentziako Generalitateak aspaldi eten nahi zituzten TV3ko emanaldiak Valentzian, eta euren helburua lortu zuten azkenean. 26 urteren ostean, Valentzian emititzeari utzi zion otsailean Kataluniako telebista publikoak. Valentziako Gobernuak sustatutako ikus-entzunezko lege berriaren arabera, otsailetik aurrera TV3ek 120.000 euroko isuna jasotzeko arriskua zuen hilean herrialde hartan emititzen jarraituz gero. Isunen mehatxuei aurre egiteko, ACPV Valentziako Kultur Ekintza elkarteak emisioak etetea erabaki zuen. TV3 ez ezik, 3/24, Super3-3XL eta 33 katalanezko kateak ere ikusten ziren.

Dirua biltzeko kanpaina

800.000 euro dagoeneko ordaindu behar dituzte, eta, bien bitartean, Espainiako Auzitegi Gorenera eramanda dago kasua. ACPVk diru kopuru hori behar du Campsen gobernuak ezarritako isunei aurre egiteko, eta kanpaina bat jarri dute abian dirua jasotzeko. Abiatu eta gutxira bilduta dauzkate dagoeneko 100.000 euro inguru, herritarrek bost eta 50 euro artean emanak. Besteak beste, artista katalan ezagunek hartu dute parte kanpainan. Batetik, katalanen nortasuna goraipatzen duen bideo ikusgarri bat egin dute, eta El Pais Valencia es el meu pais esanez (Herrialde valentziarra nire herria da) agertzen dira, Lluis Llachen Pais Petit kantua testuinguruan dutela, Llach bera, Joel Joan aktorea, El Amics musika taldeko kideak eta Muriel Casals ACPVko presidentea.

Kanpainaren nabarmentzeko beste atal bat Art en accio ekimena da: 25 artistak euren obrak eman dizkiote erakundeari, sal ditzan eta dirua biltzeko. Aipagarrienen artean Andreu Alfaro, Antoni Tapies eta Miquel Barcelo Herrialde Katalanetako artista esanguratsuenetakoak daude. Obrak 260 eta 34.000 euro artean jarri dituzte salgai.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia