Israelen bertsioa gezurtatu dute aske geratutako giza eskubideen ekintzaileek
Israelek aske utzi ditu nazioarteko konboian preso hartutako ekintzaile guztiak; haiek tratu txarrak salatu dituzte kalera irtetean. Flotillaren aurka «operazio ilunak» egin zituztela onartu du ordezkari militar batek
Ainara Rodriguez.
«Izango ziren 04:30 inguru. Soldaduez jositako ontzi txikiez inguratuta ginen. Hainbat eztanda entzun genituen ondoren, eta bat-batean, ez genuen deus ere ikusten». Israelgo soldaduek kezko lehergailuak jaurti, eta oharkabean, ontzira igotzeko baliatu zutela salatu du Dimitris Gielalis giza eskubideen aldeko ekintzaile greziarrak. Israelek Gazara giza laguntza zeraman nazioarteko konboiari eraso ostean, preso hartu zutenetako bat da Gielalis, beste ehunka lagunekin batera. Atzotik, ordea, etxean da, Atenasen, atzemandako guztiak «berehala askatzea» agindu baitzuen Benjamin Netanyahu lehen ministroak.
Horrek, alabaina, ugaritu egin ditu erasoaren inguruko hipotesiak -orain artean ez dira batere argiak izan-; kalera irten bezain laster, Israelek defendatu izandakoa gezurtatzeari ekin baitiete ekintzaileek. Soldaduek bere buruan defentsan aritu zirela argudiatu izan du orain arte Tel Avivek; baina, Cetin Nilufer ekintzaile turkiarraren arabera, soldaduek ez zuten zertan inorengandik babestu, haiek ez baitzuten armarik barkuan. Alde horretatik, armadak egindako erasoa «neurriz kanpokoa» izan zela argitu du Niluferrek, benetako tiroak egitera iritsi zirelako: «Babesteko beharra genuenak gu ginen, soldaduek gupida gabe eraso baikintuzten. Hasiera batean, gomazko balak eta negar gasak baliatu zituzten, baina kikiltzen ez ginela ikusita, su armak erabiltzen hasi ziren».
Atxilotuta izan bitartean ere, tratu txarrak jasan behar izan dituztela salatu dute ekintzaileek; ontzia mendean hartutakoan, eskuak bizkarrera lotu eta Ashdodeko portura ailegatu arte lotuta izan zituztela arbuiatu du Norazma Abdula ekintzaileak, eta presondegian ere deskargak pairatu dituztela.
Blokeo politikaren zuritzea
Ekintzaileak aske uzteko erabakia herenegun nazioarteak egindako eskakizunei jarraiki iritsi da. Israelek jatorri arabiarreko 124 ekintzaile askatu eta kanporatu zituen lehenik, herenegun gauean; Turkiako beste 380 izan ziren ondoren, eta, atzo eguerdirako, Askatasunaren Flotilla osatzen zuten 682 ekintzaileak Ben Gurion aireportuan ziren, Turkiara eramango zituzten hegazkinen zain. Haiekin batera, erasoan hildako lagunak ere aberriratu dituzte -bederatzi lagun, datu ofizialen arabera-, baita zauritutakoak ere -46 guztira-. Hainbat kanporatze agindu atzeratu zirela eta, «arazo administratiboetan» desenkusatu zen Tel Aviv.
Netanyahuren gobernuak, hasiera batean, erasoen erantzuleak identifikatu eta haiek epaitzeko asmoa azaldu zuen; baina nazioarteko presioari ezin eutsita, amore eman duela diote adituek. Dena dela, lehen ministroak ez du galdu azken egunetan erakutsi duen irmotasuna, eta, «ezinbestean egin beharreko zerbait» izan zela nabarmendu du. Blokeo politikaren inguruan ere limurtu nahi izan du iritzi publikoa, blokeoa«Irango armak Gazan ez sartzeko» neurria dela argudiatuta. Horretarako, zehazki, ekintzaileei ebatsitako armen irudiak zabaldu ditu Tel Avivek; balentzako atorrek, metalak zerraz ebakitzeko makinek, zein hainbat prismatikoek osatzen dute «eraso material arriskutsua», besteak beste. Horiekin zauritu zituzten, Israelgo iturrien arabera, eri diren sei soldaduak.
Netanyahuk berak ere badaki, astelehenean nazioarteko uretan egindako erasoaren eraginak neurrigabeak izan daitezkeela. Horregatik, badaezpada, Turkian dituzten diplomatikoen senitartekoei berehala itzul daitezela agindu die.
Barkua, mehatxupean
Mehatxu iraunkorrean direnak, edonola ere, Gazara bidean den Rachel Corrie Irlandako ontziko kideak dira. Askatasunaren Flotilla osatzen duen barkuetako bat da, baina joan den asteburuan atzean geratu zen, arazo teknikoak medio. Gertatutakoak gertatuta, Gazara iristeko erabaki sendoa dutela nabarmendu dute eskifaiako 11 kideek: «Guztiak sasoi onean gaude, baina baita kezkatuta ere», jakinarazi du Derek Graham ontzian doan ekintzaileak. Erasoak saiheste aldera, Israelgo Itsas Zerbitzuekin etengabeko harremanetan direla azpimarratu du: «Ontzian igotzeko asmoa badute, bidaiari guztiak eskuak buru atzean ditugula jasoko ditugu». Irmotasun horretan dute bidelagun Irlandako Gobernua, Brian Cowen Lehen ministroak sostengua adierazi baitie ontziko kideei. Helburura ailegatu daitezen behar besteko baldintzak galdegin dizkio, era berean, Israeli.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako bandera pean diren beste bi barku ere atzean geratu ziren pasa den astean, Zipren. Ikerketa teknikoek diotenez, ontziek sabotajea jasan zuten, eta, adituen irudiko, ez litzateke harritzekoa Israelgo zerbitzu sekretuak horren atzean izatea; izan ere, «operazio ilunak» egin zituztela onartu zuen ordezkari militar batek, nahiz eta ez duen azalpen gehiago eman nahi izan.
Gazatik Egiptorako muga igaro dute ehunka palestinarrek
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
