Ultimatuma eman diote talibanek Pakistani
Washingtoni aurre egiten ez badio erasoak areagotuko dituztela mehatxu egin diote Waziristango talibanek Islamabadi
AEBak lurraldean ohi baino barrurago sartu direlako asaldatu da Pakistango Gobernua
Ixiar Zubiaurre
Gauzak okertzen ari zaizkio Pakistango Gobernuari. Ameriketako Estatu Batuek, beste behin, desafio egin diete bere aginduei, Pakistango lurraldean ohi baino barrurago sartu eta baimenik gabe misilak jaurtiz. Eta talibanek, AEBek eremu tribaletan eraso egiten jarraitzen badute, Gobernuarekin bake akordioa urratu eta beren jarduera inguruko eskualdeetara zabalduko dutela mehatxu egin dute. Horregatik, Anne Patterson AEBek Pakistanen duten enbaxadoreari zuzendu zaio Gobernua, herenegun egindako erasoa gogor gaitzetsi eta halako gehiago ez dituela onartuko ohartarazteko.
Pakistango Gobernuak lotuta ditu eskuak; nazioarteak terrorismoaren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eskatzen badio ere, ez baitu ontzat jotzen AEBek beren lurralde osotasuna urratu izana. Are gutxiago, herenegun gertatu bezala, eremu tribaletatik haratago, Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintzian misilak jaurtitzea. Alabaina, etxean ere buruhausteak areagotzen ari zaizkio. Izan ere, talibanek agintzen duten eskualdeen eta Gobernuak bere kontrolpean mantentzen dituenen arteko oreka mantentzeko ahaleginak porrot egingo dute AEBek eraso egiten jarraitzen badute.
Bost ekintzaile hil zituzten herenegun eskifaiarik gabeko hegazkin estatubatuarrek Bannu barrutian. Antzerako dozenatik gora eraso egin dituzte AEBek Pakistanen, baina guztiak Afganistanekin muga egiten duten eskualdeetan, Waziristanen bereziki. Eskualde horietan talibanek agintzen dute, eta Washingtonen arabera, Al Kaedako ekintzaileek bertan hartzen dute babes, gero Afganistanen dauden nazioarteko tropei eraso egiteko.
Bannu barrutia Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintzian dago -Gobernuak kontrolpean du probintzia hori-. Horregatik, bereziki asaldatu ditu Pakistango agintariak herenegungo erasoak. «Aurrez genituen arazoak areagotzen dituzte. Onartezinak dira eta ez ditugu sostengatuko», zuzendu zaio Yusuf Raza Guilani Pakistango lehen ministroa AEBetako enbaxadoreari. «Pakistango lurralde osotasunaren eta subiranotasunaren urratze larriak dira».
Bake akordioa arriskuan
Hafiz Gul Bahadur buru duten Ipar Waziristango talibanen eta Pakistango armadaren artean bake akordioa dago indarrean 2006tik. Alabaina, eskualde hori izan da AEBen eraso gehien jasan dituena iragan abuztuaz geroztik. «Azaroaren 20tik aurrera halako gehiago egiten badituzte, eremu tribaletatik kanpoko erasoei ekingo diegu», azaldu du Bahadurren aldeko ekintzaileen bozeramaile Ahmedullah Ahmedik. Izan ere, estatubatuarren erasoen zeharkako erantzule egiten dute talibanek Islamabad, Washingtonek haren laguntzarik gabe ezin izango lukeela halakorik egin argudiatuta.
Talibanen hiru adar daude Pakistanen. Baittulah Mehsud dute buru Swat eta Bajaurko ekintzaileek; horien eta armadaren arteko borrokak bereziki gogorrak izan dira azken hilabeteetan. Bajaurren 1.500 ekintzaile eta 80 soldadu hil dira azken hiru hilabetetan. Atzo, bederatzi ekintzaile hil ziren eta beste sei lagun mezkita baten aurka egindako erasoan. Swaten ere gatazka agerikoa da; atzo hamasei ekintzaile hil ziren.
Beste bi taldeek Waziristan dute kontrolpean -Mullah Nazir eta Hafiz Gul Bahadur dira eskualde horretako talibanen buru-. Azken horiek nolabaiteko su-etena hitzartu dute Gobernuarekin, eta Pakistango barne auzietan ez dute esku-hartze handiegirik izan.
Pakistango gatazkak 300.000 desplazatu inguru eragin ditu. Indarkeriak ez du etenik, eta toki seguruagoetara ihes egin beste aukerarik ez dute izan askok.
«Haiek ez dira inoiz hiltzen»
I. Z.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
