2012-06-13
Mikel Martinez. Aktorea
«Bi aktore gara, eta ia beste bat: euskara bera»
Patxo Telleriarekin batera, Ez Dok Hiru antzerki taldea osatzen du Martinezek. Gaur estreinatuko dute 'Lingua Nabajorum' antzezlan komikoa.
Gorka Salces Alcalde Bilbo
/ JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Gaur Bilboko Kafe Antzokian Ez Dok Hiru antzerki taldeak estreinatuko duen Lingua Nabajorum, euskararen historia txoroa lanaren kontakizunean euskara da protagonista nagusia. Aurrekoekin alderatuta, obra berriak dakartzan berritasunak azaldu ditu Mikel Martinez aktoreak (Lizarra, 1955).
Antzerki komikoa, euskaraz eta euskararen inguruan. Egoera barre egiteko ala negar egiteko modukoa da?
Negar egiteko modukoa, inolaz ere ez. Gure helburua antzerkia euskaraz egitea da, eta, gainera, jendeak euskarazko antzerkiarekin eta euskararekin berarekin barre egitea, ondo pasatzea. Shakespeare bat egin genezakeen euskaraz, baina guk, agian kasualitatez, aspaldian hasi ginen euskaraz komedia egiten, eta hizkuntza protagonista bihurtzen dugu. Bi aktore gara, eta ia beste bat: euskara bera. Zergatik egiten dugun? Hasieran, konturatu gabe hartu genuen bide hori, beharbada, gure barruan dagoelako, euskaldun berriak garelako, eta Bilbokoak. Badaukagu abantaila bat, publiko euskalduna daukagula, eta publiko horrek badaukala gauza komun bat: euskara. Orduan, guk euskara bera protagonista egiten dugunean eta euskararekin jolasten dugunean, publikoak oso ondo ezagutzen duen mundu batean sartzen gara, identifikatzen dira horrekin.
Antzezlana estreinatu baino lehen, jendaurreko entsegua egin zenuten Soraluzen. Pozik zaude jendearen lehen erreakzioarekin?
Jende pilo bat joan zen; hasteko, oso ondo dago. Egia esan, gero eta jende gehiago erakartzen dugu. Hau laugarren muntaketa da, jendeak ezagutzen gaitu, badaki zer egiten dugun, eta gustatzen zaio. Jendeak oso ondo pasatu zuen, Soraluzeko publikoa soslai mota jakin batekoa zen; ziur aski, Kafe Antzokian izango duguna beste adin eta kultura batekoa izango da, eta beste une batzuetan egingo dute barre. Horrela ikusiko dugu hainbat motatako publiko euskaldunarentzat barregarria dela.
Lingua Nabajorum «trilogiaren laugarren saioa» dela diozue. Aurreko hiru antzezlanen estiloa gailenduko da, edo berritasunak nagusituko dira?
Berritasun batzuk badaude. Egituraren aldetik, esketxak egiten jarraitzen dugu. Berritasun nagusia da, lehen beti ginela Mikel eta Patxo, beti geundela berdin jantzita, eszenografiarik gabe, eta orain eszenografiarekin jolasten dugu, eta esketxak jantzi egiten ditugu. Hau euskararen sasi-historia bat denez, historiarekin jolasten dugu, historiaren pasarte batzuk agertzen dira: Edan eta Epa, Espartin eta Amoroto, Yin eta Yan... horiek guztiak, lehen ez bezala, jantzi egiten ditugu. Ondorioz, beste muntaketak baino ikusgarriagoa eta bisualagoa da.
Euskararen historia kontatzeari heldu diozue. Historia desmitifikatzeko eta gure kontura barre egiteko modu bat da?
Bai, desmitifikatzea beharrezkoa da. Hasteko, euskararen historia txoroa egin dugula esan nahi dut. Ez berez txoroa delako, baizik eta guk nahi izan dugun moduan manipulatu dugulako. Desmitifikatzea ez da gure helburua, gure helburua barre egitea da, baina bide batez desmitifikatzen badugu, oso ondo iruditzen zaigu.
Bergararen besarkadaren inguruko pasartea badago obran. Gaur egun, Maroto Gasteizeko alkatea da. Espartero nor den azalduko duzue?
Guk Espartin eta Amoroto deitzen diegu, ikus dezazun zer puntutaraino manipulatu eta txoratu egiten dugun historia. Hor planteatzen duguna da aurreko gerrak etorri zirela euskarak ergatiborik ez zuelako, eta jendeak ez zekielako nork nor jipoitu zuen edo nor nori eraso egin zion. Guk azaltzen dugu hori guztia konpondu egin zela Bergarako besarkadaren bitartez, edo, gaztelaniaz esaten den moduan La paz del nor-nori-nork (Nor-nori-nork-aren bakea). Hor asmatu zuten ergatiboa, eta horren aurretik elkar joka aritu baginen zergatik jakin gabe, hortik aurrera berdin jarraitu genuen borrokan, baina, gutxienez, arrazoiak jakinda.
Antzezlanean euskaldunen arteko borroken eta kanpokoen kontra egindakoen ondorioz garatzen da euskara. Ekinaren ekinaz baino ez du hizkuntzak aurrera egingo?
Euskara gordetzeko eta bilakatzeko, oso garrantzitsua da euskararekin gozatzea. Batzuetan, ez dugu euskararekin gozatzen, apur bat sufritzen dugu. Guk euskararen alde egiteko modu bat da ikusleari barrea eta harridura eragitea.
Bokazioa ogibide bilakatzea ezinezkoa da euskaraz egindako antzerkiaren kasuan?
Guk ahal dugu, baina urte pilo bat daramagu lanean. Hori bai, egin dezakegu, baina gure ahaleginak asko dibertsifikatzen: gidoilari moduan, aktore moduan, produktore moduan, bikoizle moduan... mundu honetan hainbeste gauza egin dugu, eta egiten dugu gaur egun. Ni, bestalde, ostalaria ere banaiz, bizkarra babesten dut horrela. Zaila da, egia esan. Guk lortzen dugu, baina urte askotan lan egin ondoren.
Hala ere, hori lortzeko proiektu bat bestearen atzetik kateatu behar duzu, ezta?
Bai. Guk orain, Tartean antzerki konpainian, proiektuak kateatzeaz gain, dibertsifikatu egiten ditugu. Hiru zigilu artistiko ditugu: Ez Dok Hiru, Tartean bera, eta Marie de Jongh familiarentzako antzerki taldea. Azken horrekin asko irteten gara Euskal Herrian barrena, batez ere obrek testurik ez daukatelako. Sariak jaso ditugu, adibidez, Gijongo Feten jaialdian. Horrez gain, beste gauza batzuk egiten ditugu, ipuin kontalaritzan ibiltzen gara, esaterako. Lan pilo bat egin behar da. Urtean bi antzezlan egiten saiatzen gara, edo hiru, ahal bada.
Ez Dok Hiruk euskararen historiari buruzko «interpretazio eroa» taxutu du
Gaur estreinatuko dute Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek 'Lingua Nabajorum', Jokin Oregik zuzendua
G.S.A. Bilbo
Ez Dok Hiru bikoteak euskararen jatorriari eta bilakaerari buruzko interpretazio eroa egingo du gaur, 20:00etan, Bilboko Kafe Antzokian estreinatuko duen Lingua Nabajorum, euskararen historia txoroa antzezlanean. Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Mikel Martinez eta Patxo Telleriak teoria berri bat garatuko dute komedia dibertigarri horren bitartez: une historiko garrantzitsuetan izandako gatazken ondorioz garatu da euskara.
Telleriari dagokionez, aktorea izateaz gain obrako gidoilaria ere bada. Hark azaldu du lan berriaren helburu nagusia zein den: «Hau da gure trilogiaren laugarren alea, eta horrela erakusten dugu matematikan ze iaioak garen. Izenarekin argi utzi dugu zein den gure asmoa: dibertitzea, jendeari ondo pasaraztea, euskararen inguruan, euskara hutsean sortutako ikuskizun batean». Izan ere, hizkuntzarekin dibertitzeko asmoarekin egin zituzten Euskara Sencilloaren Manifiestoa, Larru haizeetara eta Euskarazetamol antzezlanak, eta ildo beretik jarraituko dute obra berriarekin.
Historia, pertsonaien bidez
Aurreko lanekin alderatuta «berritasunak» egongo direla jakinarazi du Telleriak. «Normalean, gure ikuskizunetan beti gara Mikel eta Patxo, eta agertokian elkarri Mikel eta Patxo deitzen diogu. Kasu honetan, esketx bakoitzean pertsonaia bat egiten dugu, eta pertsonaia horren barruan sartzen gara». Hortaz, euskararen garapena ardatz duen kontakizun bat egin dute pertsonaia horien bitartez. «Eszena batean Edan eta Epa gara, bestean erromatarra eta gerlari baskoia, eta hurrengoan gerlari frankoa eta Orreagako trobadorea».
Istorioaren hasierako ideia Stefan Zweig idazlearen Gizadiaren historiako momentu gorenak liburuak eman zien. «Liburu horretan historia kontatzen da, baina ez historia handia, baizik eta mikrohistoria: momentu zehatz batzuetako historia intimoa».






