Berria.info

Asteazkena, 2014ko apirilak 23 - 12:35

2012-05-08

Bihotzetik arantza kendu du Andak Bilbon 'Denboraren kontrako formak' zizelkatuz

Jose Ramon Andaren oraintsuko 39 eskultura bildu dituzte Bilboko Arte Eder museoan antolatutako erakusketan

Egurraren formak muturrera eraman ditu, geometria eta mugimendua lantzeko

Nagore Ares Amaya Bilbo

Jose Ramon Anda, atzo Bilboko Arte Eder museoan, erakusketaren inaugurazioan. / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Arantza bat kendu du bihotzetik Jose Ramon Andak (Bakaiku, Nafarroa, 1949) Bilboko Arte Eder museoan inauguratu berri duen Jose Ramon Anda. Denboraren aurkako formak erakusketaren bidez. 80ko hamarkadan museoan erakusketa bat egitekoa zen baina arazo pertsonalak zirela medio bertan behera utzi behar izan zuen. 30 urte geroago, orduan sartu zitzaion arantza hori gogotsu kendu du. Erakusketa atzo inauguratu zuten, eta irailaren 9ra arte ikusi ahalko dira artelanak. Andak eskatuta, Javier Balda margolari nafarrak komisariatu du erakusketa.

Bilboko museoan artistaren ibilbidea laburbiltzen duten 39 eskultura ikus daitezke, nahiz eta, Baldak azaldu bezala, ez duten erakusketa antologikoa antolatzeko asmorik izan. Hori dela eta, batez ere, azkenaldian sortutako lanak bildu dituzte, horietako batzuk erakusketa antolatu eta bitartean amaitutakoak dira: «Erakusketak oraintsuko lanak bil zitezen nahi nuen, eta gaurkotasunari lotutako ideia izan zezan nahi nuen, nahiz eta Jose Ramonen lan egiteko erarekin bat ez egin», azaldu du Baldak.

Izan ere, bildutako eskultura guztiek, lan prozesu luzearen emaitza dira. Andak urteak ematen baititu bere lanak sortzen. Artistak berak azaldu duenez, ez da inoiz guztiz gustura geratzen sortutako lanekin, baina erakusketaren emaitzarekin eta Javier Baldak egindako lanarekin oso pozik dago: «Ni ez naiz inoiz geratzen guztiz pozik nire lanarekin, beti daudelako hobetu daitezkeen gauzak, baina oso pozik nago erakusten ari naizenarekin, erakusteko moduarekin eta antolatzeko moduarekin, eta hori Javier Baldaren lana izan da», azaldu du.

Egurrezko eta metalezko eskulturak dira ikus daitezkeen gehienak, nahiz eta igeltsuzko eta marmolezko zenbait ere badagoen. Geometriarekin jolasean, oinarri organizistako lan abstraktuak sortu ditu artistak, hainbat tamaina eta formakoak. Horiek guztiek bere interesak eta balioak agerian uzten dituzte, baita bere lan egiteko modua ere. Andak denbora gabeko lanak sortu ditu, lan iraunkorrak. Baldak azaldu duenez, «bere lanaren motorra diren idealismoa, materializazioaren erregistro sentibera eta proportzio eta zehaztasuna edertasun forma legez islatzen ditu».

Arte klasikoari eta errenazentistari dion miresmenaren eragina igar badaiteke ere, Bangoardietako eskultura abstraktuaren eta arkitektura eta diseinu modernoaren eragina begi bistakoagoa da erakusketako lanetan. Eragin horiek, lantzen dituen materialen domeinuarekin batera ezaugarritzen dute Andaren lana, erakusketako komisarioaren iritziz. Zizelkari eta ebanisten familiakoa izanik, Andak gazte-gaztetik hasi zen egurrarekin lanean eta materialaren ezagutza handia du.

Museoaren kanpoaldean kokatutako bi lanek zabaldu eta ixten dute erakusketa. Hain zuzen ere, Kirolari zaharra (1974-2011) eta Ikusmira (2011) eskulturek erakusketaren «hitzaurre» eta «epilogoa» dira, eta erakusketan ibilbide borobila sortzen dute, Javier Baldak argitu duenez. Izan ere, lanak, aldi berean, Andaren lehen garaietakoak eta oraingoetakoak dira. Lehenengoa, 1974an buztinean moldeatutako lanaren brontzezko egungo kopia da; horretan, artistaren lanean «etengabeko erreferentea den giza eskala modu esplizituan agertzen da», azaldu du Baldak. Eskultura fundizio tailerretik atera berri dute erakusketarako.

Planoen bidezko soiltasuna

Bost atal nagusitan egituratu dute erakusketa. Izan ere, ez dute serie asko sortzeko asmorik izan. Bere obraren lan adierazgarrienak biltzen ditu Plano gurutzatuak erakusketako lehen serieak. Egurrezko formatu handiko sei lanek osatzen dute eta Andaren laneko serierik zabalena da, nahiz eta hemen horietako batzuk baino ez dituzten bildu. Anda, 70eko hamarkadan hasi zen lan horiek garatzen, eta, oraindik ere, ez du seriea amaitu. Intxaurrondo egurrean landutako eskultura bertikalak dira denak. Kurben eta planoen loturaren bidez lortutako soiltasun formala da horien ezaugarri nagusia.

Horiekin elkarrizketan dira, Enbor Hutsak serieko sei lanak. Ehun urtetik gorako haritz-enborren gainean lan egin du horretan. Naturaren handitasuna aitortzeko bidea topatu du seriea osatzen duten lanen bidez. Urte askoko lana dago, halaber, serie hori osatzen duten eskulturetan, Anda 80ko hamarkadan hasi baitzen horretan lanean. Egurraren konkaboa muturrera eramanda, hustutako espazioan sartzeko gonbidapena egiten dio ikusleari.

Aretoko hormetan zintzilikaturik ikus daitezke, berriz, hirugarren atala osatzen duten lanak. Artistak ariketa arrazionalista moduan sortu zituen hirurak. Horietan irudi geometrikoek berebiziko garrantzia dute. Horietako batean, Uki nazakezu delakoaren bidez, Andak ikusleak artelanarekin harreman estuagoa izatera gonbidatzen ditu: «Hori nire eskulturan konstante bat da, hasi nintzenetik, nik egiten dudan eskulturak ikusleari eskatzen dio uki dezan, piezak ikustearekin batera, begirada ukimenarekin osatzen da; egurrak, gainera, hain material sentsuala denez, are eta gehiago eskatzen du hori».

Handi egiteko bokazioa dute, Arte Eder museoko 33. aretoan, erakusketarako apropos sortutako mahai luze baten gainean, kokaturik dauden eskultura txikiek. Nagusia izan nahi dut serieko 19 lanek, formatu monumentaleko eskulturak izateko azterlanak baitira. Baldak esan duenez, horietakoren bat gauzatu du dagoeneko, eta beste hainbat prozesuan daude: «Oso mahai garrantzitsua da, horretan Andak geometria eta mugimenduaren inguruko bere ideiak biltzen dituelako». Gela hartatik kanpo ikus daitezke erakusketa osatzen duten azken lanek. Eskaileratan behera eginda aurkitzen du ikusleak Bauhausen eragina duen mahaia eta Miguel de Unamunoren bustoa. Azkenik, artistaren lan monumentalak ikus daitezke, Arte Eder museoko parterrean eta ate ondoan.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia