Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:07

KULTURA;2010-07-27;'Xahakoa' gozatu da, hodeipean. Tarteka langarra ari arren, 2.400 ikuslek harrera beroa egin diote barkoxtarren pastoralaren lehenengo emanaldiari Alexis Etxekopar 'Attuli'-k utzitako obraren garrantziaz ohartu ahal izan dira asko

'Xahakoa' gozatu da, hodeipean

Tarteka langarra ari arren, 2.400 ikuslek harrera beroa egin diote barkoxtarren pastoralaren lehenengo emanaldiari

Alexis Etxekopar 'Attuli'-k utzitako obraren garrantziaz ohartu ahal izan dira asko

Allande Sokarros.

Barkoxe

Egarri izateko eta xahakotik edo beste edozertatik edateko aroa ez zen izan igandean, Barkoxen (Zuberoa) eskaini zuten pastoralaren lehenengo agerraldian. Eguraldia, hargatik, ez zen txarra izan, langar erauntsi oso laburrak ari arren. Pastoral egunetan behin baino gehiagotan izan den bero handia nola ere sargoria baino askoz ere hobea izan zen Xahakoa trajeriaren aurreneko agerraldiko eguraldia. Jendea trumilka etortzea eta jarlekuetan finko geratzea izan zen honen frogarik argiena. Ezen, antolatzaileek finkatutako kopurua gaindituz, 2.400 ikusle inguruk harrera beroa egin dio Patrick Keheille Kanpo-k idatzitako obrari.

Hori bai... ikusleen artean freskagarriak saltzen ibili zirenek ez zuten hainbesteko arrakastarik izan, egarritzeko girorik ez baitzen. Giroa bai izan zela, ordea, oholtza gainean gertatzen zenari oihartzunez. Jendeak asko preziatu dituen uneetatik batzuk baino aipatzearren, 6. jelkaldian gertatzen den lehen baleta, apaiza Aingürüen kantorearen unean oholtzako tranpatik agertzea, maskaraden ikusgarri zati baten ematea, Attuli aita (Jean-Claude Artzanütürri Larranda) eta semea (Mathieu Ütürriborda Ibarrea) artean bertsetezko hizketaldia aipa daitezke. Attuli aita-semeen solasaldi hau, hain zuzen, Alexis Etxekoparrek 1950-1951 bitartean idatzitako Aita semeak kantuaren antzezte bat da, eta txalo luze eta kartsuekin ordaindu dute ikusleek une zirraragarri hori gozatzea.

Txistu eta oihu zaparrada jaso dute, berriz, euren agerraldi orotan, Alemania naziaren Gestapo eta Frantzia okupatuaren Milice poliziakoek, baita Wehrmachteko soldaduek ere. Urteen gelditu gabeko errotak bakantzen baditu ere, batzuek bizitu edo pairatu dituzte garai larri haiek edo euren seme-alabei aipatu izan dizkiete. Türk edo gaiztoen lerroan jarritako aleman eta frantses saldu hauen antzezteek, beraz, jendearen oldartze garrasiak piztu dituzte, eta horrek beste behin agerian jartzen du pastorala dela arizaleen eta ikusleen artean elkartasun eta harreman gehien sortzen duen ikuskizunetatik bat.

Alexis Etxekopar Attuli-ren obra nasaiz gutxi dakitenek edo batere ezagutzen ez dutenek ustekabea bizitu dute, halaber, 16. jelkaldian frantseseko kantu bat aditzean. Qui troue les roues? (Nork zulatzen ditu gurpilak?) izen xelebreko kantu hori, Attuli heldua antzezten duen Jean-Noel Pinke Galharretborda-k abesten du. Usoaren ehizketaldi batean, arrotz batekin gertatutako liskar bat gogorarazten du. Izan ere, Attulik dohain berezia zeukan jendearen makurkeriez adarra jotzeko. Baita bere senideenez ere, hala nola 23. jelkaldian emana den Leheneko denboran (1993) kantuarekin bezala.

Kantore turrustan... eguzkia!

Pastoralean osotasunean emanak diren kantuez gain, Alexis Etxekoparren aparteko dohainaz ohartzeko aukera ematen du azkena den 24. jelkaldiko Kantore turrusta popourri edo saski-naskiak ere. Une hunkigarri horren agurtzeko erabakia harturik, antza, aroak eguzki printza ederrez beztitu zituen bazterrak.

Ohidura zaharrei jarraituz, azken perediküa eta amaierako kantua eman ondoren, antxerak egin ziren. Pastoralaren oholtza gainean muñeiñak eta aitzina pika dantzak ematearren ohorerako lehiatu ziren Zuberoako hamar herrietan iazko trajeria eman zuen Aloze-Ziboze-Onizegaina zen garaile irten... 1.600 euro ordaindu beharraren truke, haatik.

Beste herriek berriro lehiatzeko aukerarik izango dute Xahakoa-ren beste bi agerraldietan: datorren larunbata arratsean edo agorrilaren 8an, arratsaldez.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia