Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:07

KULTURA;2010-07-25;Hizkuntza, kultur politikaren Ģerdiguneģ. Hizkuntza eta hizkuntzaren egoera aintzat hartu gabe diseinatutako kultur politiken ordez, hizkuntza ardatz duten kultur politiken alde agertu da Lorea Agirre kazetaria, eta horrelako politikek aintzat hartu beharreko puntu batzuk zehaztu ditu.

Hizkuntza eta hizkuntzaren egoera aintzat hartu gabe diseinatutako kultur politiken ordez, hizkuntza ardatz duten kultur politiken alde agertu da Lorea Agirre kazetaria, eta horrelako politikek aintzat hartu beharreko puntu batzuk zehaztu ditu.

Hizkuntza, kultur politikaren «erdigune»

Juan Luis Zabala.

Kultur politikarako oinarriak zehazterakoan hizkuntza «erdigunean» jartzearen alde agertu zen atzo Lorea Agirre kazetari eta Sorguneak ikertegiko kidea, Mintzola Fundazioak antolatutako Ahoa bete hots jardunaldien barruan. Hizkuntza eta hizkuntza horretako kulturgintza elkarrekin estu lotuta daude, Agirrek azaldu zuenez, eta batak besteari eragiten dio, «are gehiago gurea bezalako hizkuntza ez-normalizatu baten kasuan». Horregatik, ez zaio zentzuzkoa iruditzen kultur politika diseinatzea hizkuntza eta hizkuntza horren egoera aintzat hartu gabe.

«Euskara kontzienteki erdigunean jartzeak modu jakin bateko euskal kultur politika bat eskatuko lioke bai Administrazioari eta bai herrigintzako agenteei», Agirreren iritziz. «Botere publikoei begira, soilik euskarazko kulturari dagokion kultur politika bat diseinatzea eskatuko luke, kultur politika orokor bat, hizkuntza zehaztu gabe, eta horren barruan euskarazkoa eta erdarazkoak denak batera sartuta baino».

Era horretako kultur politika batek zientzia soziolinguistikoak ezarritako irakasbideak kontuan hartu beharko lituzke. «Hizkuntza politikan edo euskarazko kultur politikan ez du edozerk balio, eta ustez normalizaziorako hartutako neurriek guztiz aurkako ondorioak izan ditzakete, hizkuntzen berreskurapenean zientzia soziolinguistikoak dioenaren kontra jokatzen bada. Adibidez, esaten bada Hezkuntza Sisteman gaztelaniak eta euskarak maila berean izan behar dutela irakas hizkuntza, hori zientzia soziolinguistikoak dioenaren aurka jotzea da, erabaki hori euskararen kalterako baita nabarmen, ez baitaude bi hizkuntzak maila berean, are handiak txikiari funtzioak kentzen baitizkio».

«Behetik gorako eredua»

«Euskara erdigunean jarrita, eta euskararen egoera ez-normalizatua kontuan izanda, bideratu nahi den ekimenak bai profesionalak eta bai zaleak hartu beharko ditu kontuan, lotura bat eskatuko du sortzaileen eta kontsumitzaileen artean», Agirreren ustez. «Horretarako behetik gorako eredua beharko da. Hizkuntza normalizatuek transmisio arau guztiak martxan dituzte; euskarak, ordea, ez, eta arlo hau zaintzea nahitaezkoa du».

Euskara erdigune lukeen kultur politika batek aintzat hartu beharreko beste hiru puntu ere zehaztu zituen Agirrek: merkaturatze eta hedatze sistemaren inguruko gogoeta egin beharko litzateke, kontuan hartuz euskarazko kultura ikusezina dela, baita euskal hiztun gehienentzat ere; gizarte zibilak jarraituko luke euskalgintzaren motorra izaten, baina Administrazioarekin elkarlana ezinbestekoa izango litzateke; euskal kulturaren eragile edo sortzaileak sustatzaile ere izan beharko luke.Kontzientzia ezinbestekotzat du Agirrek kultur politikaren arloan. «Erakargarritasuna aipatzen da askotan, erakargarri izan beharra. Hori ondo egon daiteke, dudarik gabe, baina horrek ez du bermatzen aurrera egingo dugunik. Kontzientzia bat ere behar da, zertan ari garen, nola ari garen, nora jo behar dugun eta horretarako zer behar dugun kontziente izan behar dugu».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia