Iruña-Veleiako zabalkunde garaiko eremuaren indusketa hasi dute
Lanean emandako lau egunetan «ezusteko aurkikuntzak» izan dira, gangadun eraikin bat izan zitekeena kasu
Jon Rejado.
Iruña OkaIruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari planaren lehen lanak hasi ditu EHUko arkeologo taldeak. Harresitutako hiribilduaren hego-ekialdeko lurretan 17.000 metro koadroko indusketak egitea dago jasota zuzendaritza planean, eta dagoeneko horretan hasi dira. Horren helburua Iruña-Veleiako zabalkunde aroan sakontzea da. «Inperioaren hasieran zabalkunde aro bat gertatu zela dakigu, eta hori da zientifikoki jarri dugun jomuga».
Orain arte izaera militarra egotzi diote Iruña-Veleiari, baina, EHUko taldearen ustez, salerosketan ere garrantzia izan zuen. Duela egun gutxi hasitako indusketa lan horien helburuen artean dago Arabako hiritik pasatzen zen Bordele eta Astorga arteko bidearen eragina aztertzea. «Hegoaldeko atearen aurretik dago eremu hau, eta gure asmoa da bertako eraikin guztiak dokumentatzea eta bidearekin zuten harremana aztertzea», aurreratu du Julio Nuñezek, zuzendari planaren arduradunak.
Lanak «duela lau egun» hasi arren ezustekoak izan dituzte EHUko taldeko arkeologoek, orain arte landutako eremuan «gangaduna» izan daitekeen eraikin bat topatu dutelako, besteak beste. «Eraikin horiek modan jarri ziren erromatarren okupazioaren garai berantiarrago batean», azaldu du Nuñezek.
Hasiera eztabaidatsua
Indusketa lanen hasiera dela-eta SOS Iruña-Veleia plataformak salaketa bat jarri zuen aurreko ostiralean Arabako Aldundiaren aurka, hondeamakinek ondare arkeologikoaren zati bat suntsitu zutela argudiatuta. Makina horiek 1,5 metroko sakoneradun indusketa egin zutela nabarmendu dute, eta gogorarazi dute zuzendari planaren arabera ezin dela 0,5 metro baino gehiago sakondu makinak erabilita. Horrez gain, hondakindegiak miatzeko eskatu du SOS Iruña-Veleiak, bertan material arkeologikoa dagoen ikusteko.
Luis Nuñezek beste modu batean azaldu ditu lehen lan horiek, eztabaidan sartu gabe. Hondeamakinek kendutako lurra goiko geruza dela azaldu du, «mendeetan egindako laborantza lanek nahastutako lurrak». Lehen geruza horrek eman dezakeen informazioa «oso mugatua» dela gaineratu du, erromatar garaiko eta XX. mendeko materiala agertzen delako bertan.
Orain arte egindako lanetan «oso ohikoa» dela gaineratu du Nuñezek: terra sigillata, biltegiko ontziak, mahaiko ontziak... Material adierazgarriena zela-tutu bat dela gaineratu du, eta horren arabera pentsa daitekeela eraikin horretan berogailu sistema bat zuela. Orratz bat eta txanponak ere aurkitu dituzte.
Eremu horrekin batera hegoaldeko harresian ere lanak hasiko dituzte denbora gutxi barru, baita Iruña-Veleiako harresiaren «irteerako atearen» ondoan dagoen eremuan ere. Guztira 26.500 metro koadroko indusketa eremua zehaztu du zuzendari planak.
«Aro berria»
Zuzendari planean oinarritutako lanen hasierarekin «aro berria» hasi dela nabarmendu du Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak. Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuak aztarnategiaren garrantzia nabarmendu du, eta «historia liburua» dela gogorarazi du.
Aro berri horretan gaur bertan hasiko dituzte Iruña-Veleiako bisita gidatuak, urte eta erdiko geldialdia izan ostean. Bisitan azken urteetan egindako lana ikusteko aukera egongo da, baita azken egunetan hasitako lanak ere. Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, 945 -20 37 07 telefonoan.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
