Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:05

KULTURA;2010-06-19;Desosegu eragilea. Jose Saramago idazlea hil da, 1998ko Nobel sariaren irabazlea eta mundu osoko idazle garaikideen artean laudatuenetakoa Gizakiaren kezka sakonenei aurrez aurre begiratzen saiatu da beti bere lanetan

Desosegu eragilea

Jose Saramago idazlea hil da, 1998ko Nobel sariaren irabazlea eta mundu osoko idazle garaikideen artean laudatuenetakoa

Gizakiaren kezka sakonenei aurrez aurre begiratzen saiatu da beti bere lanetan

Juan Luis Zabala.

«Jose Saramago 12:30ean hil da, Lanzaroteko bere etxean, 87 urte zituela, gaixoaldi luze baten ondorengo hutsegite multiorganiko baten ondorioz. Familia ondoan duela hil da idazlea, eta bare eta lasai esan du adio». Horixe zioen, portugesez eta gaztelaniaz, Saramago Fundazioak atzo arratsaldeko lehen orduan Jose Saramagoren blogean ezarri zuen ohar laburrak. Albistearekin batera dolumina zabaldu zen berehala kulturaren munduan.

Literaturako Nobel Saria irabazi zuen Saramagok 1998an, eta idazle garaikideen artean gutxi dira, mundu osoan, hura bezain estimatu eta laudatuak. Ez zen hala ere arrakastaren bila idazten zuen idazlea. Gizakiaren kezka sakonenei aurrez aurre begiratzen saiatu zen beti bere lanetan. «Ez dut atsegin izateko idazten, ezta inor gaitzitzeko ere. Desosegua eragiteko idazten dut», adierazi zuen behin.

Hil kapera Lanzarote uharteko Tias herrian (Espainia) ezarri zuten atzo arratsaldean, baina Portugalgo Gobernuak igorritako hegazkin batek gorpua Lisboara eramango du gaur, han erraustua izateko. Errautsak bi lekutan utziko dituzte: idazlearen sorlekuan eta Lanzaroteko etxeko olibondo baten ondoan.

Jose de Sousa Saramago 1922ko azaroaren 16an jaio zen Portugalgo Ribatejo eskualdeko Azinhaga auzoan (Golega udalerrian). Nekazari familia behartsu bateko umea zen. 1925ean Lisboara aldatu zen familia. Gaztetan, ikasle ona izan arren, lanean hasi behar izan zuen, gurasoek ezin zizkiotelako ikasketak ordaindu. Irakurtzeari ez zion, ordea, inoiz utzi.

1947an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Terra de pecado, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Bigarrenak -Clarabóia zuen izenburu- are zori makurragoa izan zuen, ez baitzuen hura argitaratuko zionik aurkitu.

Diário de Noticias egunkarian hasi zen lanean, baina lanetik egotzi egin zuten, arrazoi politikoengatik. Seara Nova aldizkarian kritika literarioak eta kultura arloko artikuluak argitaratu zituen gero. Portugalgo Idazleen Elkartearen aurreneko zuzendaritza batzordeko kide izan zen, eta Diário de Noticias-era itzuli zen lanera, zuzendariorde gisa.

Alderdi Komunistako kide

Antonio de Oliveira Salazarren diktaduraren garaian jazarri eta zentsuratu egin zuten, beste idazle asko bezala. Argitaletxe batean aurkitu zuen lana, eta libre zuen denboran hainbat idazle ezagunen lanak portugesera itzultzeari ekin zion: Guy de Maupassant, Leon Tolstoi, Charles Baudelaire... Horretaz gain, Os poemas possíveis lehen poema liburua argitaratu zuen 1966an. Portugalgo Alderdi Komunistako kide egin zen 1969an, artean klandestinitatean, eta 1974an Krabelinen Iraultzan parte hartu zuen.

Idazle moduan oihartzun handia eta eragina izaten 80ko hamarkadan hasi zen, Levantado do chão (1980) eta Memorial do convento (1982) nobelekin. Alentejo eskualdeko laborarien penak eta nekeak kontatu zituen lehenengoan, eta bigarrengoan Erdi Aroko herri xehearen bizimoduaren gordintasuna utzi zuen agerian. A jangada de pedra (1986) eta História do Cerco de Lisboa (1989) nobelek ere harrera ona izan zuten.

Polemika piztearekin batera, Saramagok ordurako zuen ospeari bultzada handia eman zion O Evangelho segundo Jesus Cristo (1991) nobelak. Portugalgo Gobernuak betoa jarri zien nobela hori Europako Literatura Sarietara aurkeztu nahi zutenei eta, protesta gisa, Portugal utzi eta Lanzarotera aldatu zen Saramago.

Ensaio sobre a Cegueira (1995) nobelak are oihartzun eta zabalkunde handiagoa izan zuen, eta hiru urte geroago Nobel Saria eman zioten Saramagori. Sari hori eskuratu duen Portugalgo idazle bakarra da oraingoz.

Nobel Saria irabazi ondorengo urteetan jendaurreko agerpen eta adierazpen ugari egin ditu, baita gatazka giroan dauden lekuetara bidaiak ere. Maiz izan da Saramago Euskal Herrian azken urteotan, eta Euskal Herriko gatazkaz bere iritzia eman izan du. Ezker Batua alderdiaren aldeko bozka eskatu zuen hainbat hauteskunde kanpainatan.

Hala ere, inoiz ez dio utzi idazteari. A caverna (2000), Ensaio sobre a lucidez (2004), As intermitências da morte (2005), A Viagem do Elefante (2008) eta Caín (2009) dira Saramagoren azken nobelak. Haren nobela bakarra dago euskarara itzulita: História do Cerco de Lisboa. Jon Alonsok euskaratu zuen -Lisboako setioaren historia izenburuarekin-, eta 1999an argitaratu, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Saramago bera ondoan izan zuen Alonsok, Bilbon, itzulpena aurkeztu zuen egunean.

 

«Idazle morala bihurtu zen»

'Obabakoak' Lisboan aurkeztu zuen egunean ezagutu zuen Saramago Bernardo Atxagak, eta adiskide izan dira gero

J.L. Zabala.



Jose Saramagoren alargunak, Pilar del Riok, egin zuen Bernardo Atxagaren Obabakoak-en aurkezpena Lisboan, eta egun hartan ezagutu zuen Atxagak Saramago, duela 20 urte inguru, Saramagok Nobel Saria irabazi baino lehen, artean horren ezaguna ez zen garaian. «Bera ere etorri zen aurkezpenera eta orduan ezagutu genuen elkar», ekarri du gogora Atxagak telefonoz Zalduondoko bere etxetik, bisita egin zion egun batez Saramago eserita egon zen aulki berean eserita.

Geroztik hainbatetan elkartu baita Atxaga Saramagorekin. «Literaturaz eta poesiaz hitz egiten genuen, baina politikaz hitz egitea ere gustatzen zitzaion». Hizketan «nahiko lakonikoa» zela oroitzen du, eta normalean Pilar del Rio izaten zela, Saramagoren emaztea, solasaldietan «txinparta» jartzen zuena.

Saramago A Viagem do Elefante nobela idazten ari zen garaian, haren Lanzaroteko etxean egon zen Atxaga, bisitan. «Hura izango da ikusi nuen azkeneko aldia. Nahiz eta osasunez pattal egon eta adin handiarekin, nahiz eta batera eta bestera ibili, etxeko salaren goialdean zeukan ganbaratxora igotzen zen idaztera. Kemen izugarria zuen».

Duela hilabete batzuk hitz egin zuten azkenekoz elkarrekin Atxagak eta Saramagok. «Telefonoz lagun bati deitu nion, eta lagunak esan zidan bere etxean Saramago zegoela une hartan, eta nirekin hitz egin nahi zuela pixka batean. Esan zidan garrantzia duena lagun izatea eta adiskidetasunari eustea dela. Harritu egin ninduen, ez zuelako hizketan bere barrua erakusteko joera handirik. Banekien osasunez ez zebilela ondo, eta pentsatu nuen agian bere egoera ahul horren ondorioz sentitu zuela horrelako baieztapena egiteko beharra».

«Betidanik beharbada, baina batez ere Nobel Saria irabazi eta gero, garai bateko idazleen taxuera bereganatu zuen Saramagok eta idazle morala bihurtu zen», Atxagaren iritziz. «Komunista izan zen, Portugalgo Alderdi Komunistako kidea, eta idazle konprometituaren jarrera bereganatu zuen. Euskal Herrira etorritakoan, hemengo arazoez aritu zen, batean autodeterminazioaren alde, bestean ETAk egindako hilketa baten aurka protesta egiteko; Israelera joan eta gogor kritikatu zuen Israelek palestinarrekin egindakoa, eta seguru asko orain Saramagoren libururik ezingo da erosi Israelen; Silvio Berlusconiri egindako kritikengatik Einaudi argitaletxearekin arazoak izan zituen... Noranahi joan eta bertako gatazken inguruan informazioa jaso eta iritzia ematen zuen».

«Idazle morala» izatearen ondorioz, Saramagoren literaturak «oso jite alegorikoa» hartu du azken urteetan. «Alegoria literatura moralaren ohiko forma da, Jonathan Swiftengandik hasi eta George Orwellekin jarraitu. Baina uste dut Saramagok hori bakarrik hartu izan balu, ez zela hain idazle irakurria izango. Horrekin batera, umore puntu bat ere bazuen ordea. Literaturaren historian badira umorerik gabeko alegoriak, eta oso antipatikoak egiten dira. Saramagoren kasuan, umoreak lan handia egin du. Bera ere horrelakoa zen lagun artean. Ez zen oso hiztuna baina hitz erdika adierazitako umore lakoniko indartsua zuen».



 

Itzultzailearen iritzia

Koherentzia



Jon Alonsok Lisboako setioaren historia (Ibaizabal, 1999) libururako idatzitako hitzaurrearen pasarte bat da hau.

«Saramagoren obraren ezaugarriren bat azpimarratu beharko bagenu, ezaugarri hori koherentzia izango litzateke. Azken hogei urte hauetan idatzi dituen nobelak behiala ernatu zen proiektu literario erraldoi baten fruituak dira. Saramagoren nobela bakoitza autonomoa da, gainerakoekin zerikusirik ez duena, itxuraz, eta hala ere, hari fin batek elkarlotzen ditu guztiak, halako moldez non denak elkarren osagarri direla esan daitekeen, bere obra, multzo bezala hartuta, esanahi orokorragoa eta osatuagoa erdiesteraino. Batek ez du entzun Saramagok esateko duen den-dena bere nobela guztiak irakurri arte, eta puzzlea osatu duelarik aurkituko duena munduari eta gizakiari buruzko gogoeta oso eta sakona da. Gizakiaren gaineko beste ikuspegi bat, nolabait esan. Honela laburbil litekeena: gizabanakoak, banan banan harturik, izen trukagarrizko itzal hutsalak dira, eta multzoan bildurik, espezie kategoria harrapatzen dutenean baizik ez dira benetan garrantzizkoak. Gizakia munduko gainazalean itsumandoka dabilen espeziea baizik ez da. Agian horregatik, bere obra ezagutzen duenak ikara txiki bat sentitzen du gizateriaren gainean azken garaiotan egin dituen aldarri ezkorrak entzuten dituenean.

Saramago kezkatzen duten gai nagusiak bere nobela guztietan daude, baina nobela bakoitzak gai horietako bat izaten du ardatz. Poetaren, idazlearen eta are artistaren engaiamendua -bai bere arteari buruz, baita bizi den gizarteari buruz ere-, litzateke Manual de Pintura e Caligrafía (1977) izenekoaren ardatza; O Ano da Morte de Ricardo Reis (1984) nobelak, bere aldetik, aurreko gai hori erabat alde batera utzi gabe, tradizio literarioari buruzko kezka oso kontuan hartzen du; O Evangelho segundo Jesus Cristo (1991) liburuak Saramagok erlijioarekin, eta batez ere erlijioaren erabilera lo-eragingarri eta alienantearekin duen kezka biziari buruz jarduteko balio izan zuen; Ensaio sobre a Cegueira (1995) gizakion arimaren gaineko azterketa zorrotza da; Todos os Nomes (1997), oraingoz idatzi duen azkenak, gure izatearen hutsalaz dihardu. Eta honela segi genezake bere nobeletako bakoitzarekin...».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia