Slavoj Zizek.
PentsalariaEuropako ezkerreko pentsalarien artean nabarmenetarikoa da Slovaj Zizek esloveniarra; psikoanalisia eta marxismoa uztartuz, bere burua aideologikotzat aurkezten duen kapitalismo globalaren sakoneko ideologia azaleratzen saiatzen da.
«Ezkerrak, egun, ez du mito propiorik»
Iñigo Astiz.
IruñeaModako pentsalaria da Slavoj Zizek esloveniarra. Ezkerreko filosofoen artean nabarmenena. Eta nazioarteko hainbat aldizkarik hura deskribatzeko erabili dituzten hitzak izan litezke horren froga: «pop filosofo», «akademiako rock izar» eta «filosofiaren Elvis Presley» gisa aurkeztu dute behin baino gehiagotan, haren ekarpen nagusia marxismoa eta psikoanalisia uztartzea izan den arren. Haren liburuak irakurri dituen zale eta etsai mordo bat dauka, baita haren libururik irakurri ez duen aldeko eta kontrako sail bat ere. 50 bat lan daude haren bibliografian, eta famatu egiten lagundu dute Interneten dauden haren bideoek eta hari buruz Astra Taylor zinemagileak eginiko Zizek! filmak ere.
Bere burua aideologikotzat aurkeztu duen sistema kapitalistaren benetako izaera ideologikoa azaleratzeko asmoa da Zizeken lanaren ardatza. Eta berdin erabiltzen ditu, horretarako, Lacan, Mao edo Deleuze pentsalarien aipuak, zein Matrix filmeko irudiak, Umberto Ecoren Arrosaren izena eleberriko pertsonaiak, edo txokolatez egindako giza irudiak. Berdin, filosofia gaiak, zein nazioarteko politika. Kolpeka egiten du salto eremu batetik bestera, eta hala mintzo da, kolpeka, imintzioka; pentsamenduan eragin nahi duen astinaldia aurrez gorputzean jasango balu bezala. Iruñean izan da egunotan arkitekturari buruzko Gutxiago gehiago da kongresuan. Hedoi Etxarte idazleak ere parte hartu du elkarrizketan.
Biolentziari buruzko gogoeta franko egina zara. Bortizkeria sinboliko eta objektiboa (ezkutuagoak) eta subjektiboa (bistakoagoa) aztertu dituzu. Ezagutzen duzu Euskal Herriko kasua? Baduzu iritzirik hartaz?
Hemengo egoera ez dut oso sakon ezagutzen. Ez dakit zein den benetan euskal herritarren eskaera. Autonomia nahi duten, estatu propioa... Ez dut biolentziari buruzko inolako aurreiritzirik, baina oso pragmatikoa naiz, eta kasu honetan ez dakit zein ikuspegitatik sortzen den biolentzia hori. Badago, halere, hemengo kasuarekin loturik, erakargarria zaidan ideia bat: lurraldeen Europarena. Europako Batasuna zenbat eta gehiago garatu, orduan eta autonomoagoak bilakatzen dira lurraldeak beren nazio-estatuen barnean. Aukera ederra da erabaki gune nagusia nazio-estatuetan kokatu beharrean, koska bat beherago kokatuko duen sistema berri bat sortzeko. Zerbait bakana eta guztiz berria. Umberto Ecok aipatu zuenez, Erdi Aroko hiri-estatuen eredura ari gara itzultzen.
Globalizazioaren ondorio deigarria.
Nazio-estatu tradizionalak ez du gehiago oinarrizko unitate politiko gisa balio. Globalizazioaren benetako biktimak ez dira AEBak bezalako super-botereak, Frantzia, Alemania, Espainia eta gisako botere ertainak baizik. Matxinatu egiten zaizkie beren lurraldeak. Guztiz egiten dut bat euskal herritarrak autonomia gehiagorako egiten duen eskariarekin, halere; ez baitzait iruditzen, beste askok esaten duten bezala, eskari hori arkaikoa denik, guztiz modernoa baizik. Super-modernoa. Hemen dago etorkizuna. Zerbait berria asmatu behar du Euskal Herriak; beharrezkoa da hori; bestela, nazio-estatu bat beste bategatik trukatuko baitu, eta ezin garrantzitsuagoa da Europako Lurraldeen Batasunerantz pauso handi bat ematea. Estatu bakoitzaren barnean lurraldeek espazio gehiago izatea da europar unibertsaltasunaren oinarria. Hasiera batean, ez nago estatu propio burujabe bat izatearen aurka. Eslovenian bezala.
Euskal Herriaren eta Esloveniaren kasuak parekatu dituzu.
Nire herrialdean ere Euskal Herriak jasaten dituen aurreiritzi berak jasan behar izan genituen. «Herrialde txikiak ez dira estatu burujabe baten jabe izateko gai». Hori da behin eta berriz entzuten dugun argudioa, eta hori da [Jurgen] Habermasek eta horrelako pentsalariek darabilten argudioa. Jugoslavian, Serbiarren aldeko jarrera baten erakusgarri zen hori. Haren arabera, Serbiak soilik funtziona zezakeen demokratikoki. Argudio horrekin oso mesfidatia naiz ni, europar nazionalismoaren adibide bat baino ez baita hori, nire ustez. Eslovenian badago austriar-hungariar inperioarekiko nolabaiteko nostalgia bat; konfederazio moduko baten antz handia zuelako da hori. Kultura anitzekoa zen, tolerantea, irekia... Paradoxikoki, atzera egiteko garaia izan daiteke oraingoa, inperio multinazional eta lauso horretara itzultzeko sasoia. Hor dago etorkizuna, eta ez nazio-estatuen ereduan. Hori ez da joera zoro atzerakoi bat. Hori da zerbait benetan berria, eta hemen ari da gertatzen.
Kultura-aniztasuna aipatu duzu, irekiera, tolerantzia. Baina kritikoki mintzo zara kontzeptu horietaz zure lanetan.
Tolerantziaren alde nago, noski, baita kultura-aniztasunaren alde ere, tolerantzia eta kultura-aniztasuna baino esan nahi ez badituzte, behintzat. Arazoa da hitz horiek sekula ez dutela esan nahi izaten iradokitzen dutena bakarrik. Hitz horiek aipatzean, beste gauza asko aipatzen dira, eta horrek bihurtzen ditu problematiko.
Deleuzen aipu bat da hau: «Beste inoren ametsaren preso bazaude, izorratuta zaude». Hori da, zure ustez, egun ezkerrak duen arazoa, ezta?
Kapitalismo alternatiboa da haien ametsa. Gazte ginenean, adibidez, sozialismo gizatiarrago batekin egiten genuen amets. Sozialismoa, baina gulag-ik gabe; halako zerbait. Orain, kapitalismo global gizatiarragoa da ezkerraren ametsa. Kapitalismoa, baina homosexualentzako eskubideekin, abortu eskubidearekin, osasun sistema osoagoarekin... Ez nago horren aurka, noski, ez diot eseri eta iraultzaren zain egon behar garenik. Baina uste dut, epe luzera balioko ez duen eredu bat dela hori. Oso ikasgai interesgarria atera liteke Deleuzek dioenetik, psikoanalisiaren eta ideologiaren teoriaren uztarketaz. Ni ez naiz ametsez fio. Ametsak ere izan daitezke erreakzionarioak. Kritika egiteko, ametsak kritikatzen hasi behar da. Ariketa ona da ametsak birformulatzea. Hori da ezkerraren makurra. Bistan denez, XX. mendeko muturreko jarrera ezkertiarrek ez dute funtzionatu. 1990ekoa alderdi komunista tradizionalen bukaera izan zen, baina baita Mendebaldean zegoen sozialdemokrazia ereduren bukaera ere. Orain argi ikusten da. Sozialdemokrata tradizionalek pentsatu zuten komunismoa bukatua zela, eta haien garaia heldu zela, baina oker zeuden. Guztiz desagertzen ez bada ere, gero eta gutxiago da sozialdemokrata eredu hori. Teknokratikoa da, funtsean, feminismo pixka bat eta halakoekin. Ezkerrak ez du benetako proposamen propiorik. Ez du mito propiorik, eta politikan beharrezkoak dira mito indartsuak.
Esan izan duzunez, krisi ekonomikoak ez du kapitalismoaren porrota agerraraziko, ezkerrarena baizik, alternatiba osorik eraikitzeko gai ez delako. 60ko hamarkadako krisi ekonomikoan hiru aukera zeudela ere esan izan duzu; drogena, nor bere buruaren bilaketarena eta muturreko borroka ia suizidarena. Egun, badago beste alternatibarik?
Ez dago alternatibarik.
Beraz, zer egin liteke?
Gramsciren aipu batekin azalduko dizut nola ikusten dudan garai hau: «Mundu zaharra pixkanaka desagertuz doa, eta mundu berria sortzeko borrokan dabil: munstroen garaia da hau». Oso garai tragikoa. Gero eta argiago ikusten dira egungo sistemaren hutsuneak, ekologikoak, adibidez. Argi dago kapitalismoak ez duela epe luzerako balio. Baina tragikoki ezkerrak ere oso posizio kontserbatzailea hartu du. Hori da, adibidez, Grezian ezkerrak egin dituen manifestaldiekin gertatu dena. Beren pribilegio zaharrei eustearen alde atera dira kalera. Horregatik, ez dut haiekin guztiz bat egiten. 52 urterekin hartzen zuten erretiroa, batez beste, adibidez. Ez da iraultza sozial benetako bat, langileen aristokrazia da hau pribilegio zaharren alde borrokan. Hau da ezkerraren alderik txarrena, ez du programa propiorik. Pribilegio zaharren desagertzearen aurka egitea baino ez. Ni ere ongizate estatuaren alde nago, baina sozialdemokrazia honek ez du gehiago balio egungo kapitalismo globalaren baldintza berrietan funtzionatzeko. Zerbait asmatu behar da. Posizio tragikoa da: ikusi egiten dugu berria den zerbait asmatzeko beharra, baina ez dugu ikusten zer.
Eta nondik jo?
Badira ekonomian egin litezkeen gauzak, adibidez. Malasyan, adibidez, estatuak bankuetako diru mugimenduen ardura hartu zuen. Liberalek eraso egin zituzten, sozializazio zoro batean murgiltzen ari zirela esanez. Baina primeran funtzionatu zuen. Txina da horren adibide ere. Ironikoa da, baina primeran funtzionatzen du kapitalismoak han, alderdi komunista mantendu dutelako boterean. Ekonomian zuzenean esku hartzeko modua aurkitu zuten hala. Pragmatiko izan beharra dago, badago jokorako espazio bat.
Zein da espazio hori?
Ahaztu beharra dago merkatuari bere kasa jokatzen uztearen kontu hori. Arrakasta historia guztiak estatuaren muturreko esku-hartzearen adibide dira? Singapurren, adibidez, argi dago estatuak erregulatutako kapitalismo kasu bat dela. Txinan ere badakite. Garrantzitsuena ez da demokrazia parlamentarioaren barnean boterea edukitzea, baizik eta jendea beren interesak gizarte mugimenduetan antolatzen aritzea, indar politiko zuzenetatik kanpo bada ere, gero estatua presionatu ahal izateko. Argi dago alderdien ordezkaritza sistema eraginkortasuna galtzen ari dela. Erresuma Batuan ikusi nuen nik hori. Telebista saio bateko ikusleek gehien gorroto zuten pertsona aukeratu behar zuten, eta Tony Blair hautatu zuten. Handik bi astetara, hauteskundeak irabazi zituen. Hutsune handi bat dago hor. Badago jendearen nahi multzo handi bat, ordezkaritza parlamentarioaren bidez errekuperatu ezin dena. Oso arriskutsua da hori.
Eta nola lotzen duzu estatuaren esku-hartze handiagoaren behar hori, lehen aipatu duzun lurraldeak indartzeko beharraren ideiarekin?
Lurraldeek ere rol garrantzitsua joka dezakete hemen. Oinarritik zenbat eta gertuago egon, orduan eta hobeki. Estatu zentrala lurraldekako aginte guneak baino askoz ere dorpeagoa eta burokratikoagoa da, normalean. Lurraldeak dira egungo gure esperantza bakarra. Botere politiko lokal horrek bakarrik funtziona dezake hemendik aurrera eraginkortasun nahikoz. Liberalismoa kritikatzeko modua, gero eta argiago dut, ez da esatea ez duela funtzionatzen, baizik eta existitu ez dela esatea. AEBetako kasua da horren adibide argia. Gezurra da merkatu liberal hutsa dela. Estatua gero eta garrantzitsuagoa da ekonomian, baita han ere. Hori izan liteke krisi ekonomikoaren ondorio positiboa: gero eta argiago ikusten da estatuak oso rol garrantzitsua jokatzen duela ekonomian.
Zuk tragikotzat deskribatu duzun egoera honetan, zein da pentsalariek duten eginkizuna?
Inoiz baino garrantzitsuagoa. Benetan ez dakigu non gauden. Ez da teoria badugula, eta jendea mugiarazten asmatzea bakarrik falta zaigula. Ez dugu argazki orokorrik. Inoiz baino beharrezkoagoa da geure buruak orientatzea. Ekologia, biogenetika, genomarekin egiten diren ikerketak... Badira guztiz berriak diren gauzak, eta ideologia eta etika zaharrak ez dira haiei erantzuteko aski. Formula marxista berria behar dugu pentsalariok: XX. mendean mundua aldatzen gehiegi saiatu gara, eta orain interpretatzen hasi beharko dugu. Ez gaude egoera gardenean, ez dago begiratu bat eman, eta non gauden jakiterik. Behar bezala jokatu ahal izateko, ulertu egin behar dugu gertatzen ari dena. Teoria behar dugu, baina ez soilik abstraktua, intelektual publikoak ere behar ditugu, eta horren aurka doa zuzenean unibertsitatean egiten ari diren Bologna deituriko prozesua, adibidez. Gizartearen beharrei erantzuteko moldatu nahi dute unibertsitatea, baina hori ez da aski. Ez zaie erantzun behar bakarrik gizarteak dituen arazoei. Arazoak planteatzeko modua bera ere kritikatu behar da. Erradikalkiago pentsatu behar dugu.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
