Zizek: «Ideologiak esan ezin duena idazten du harriak»
Arkitektura klase borrokaren ispilu dela adierazi du pentsalari esloveniarrak Iruñeko nazioarteko kongresuan
Haren ustez, arkitektoek darabilten irekiera kontzeptuak «bazterketan» du oinarria
Iñigo Astiz.
IruñeaKinder arrautzak, Lacan, lagun baten sexu saio frustratu bat, Karl Marx, txisteak... Horiek guztiak aipatu zituen Slavoj Zizek pentsalari esloveniarrak atzo Iruñean, Gutxiago gehiago da nazioarteko arkitektura kongresuan eman zuen hitzaldian. Denak nahasita, ohi duenez: zentrifugoki -lautan esan zuen hitzaldia bukatzekotan zela, gero berriz ere hariari heltzeko-. Horiek guztiak arkitekturaz aritzeko, gizarte kapitalista demokratikoek hitzez isiltzen dutena esaten baitute harriek, Zizeken ustez. «Existitzen ez dela esaten diguten klase borroka hori egon badago, eta arkitekturan ikus daiteke».
Hala gertatzen da maiz, ospe handiko pentsalariak azaldu zuenez. Ez, agian, hitz eta asmoetan, baina bai ekintzetan. Antzoki ireki handien kasua aipatu zuen, adibide gisa. Printzipioz, edozeinentzat irekitako guneak dira, arteaz gozatzeko aukera guztiei ematen dieten lekuak. Eta hala dira espazioari dagokionez, baina, eraikin itxiak bezala, elitistak dira horiek ere, esloveniarraren hitzetan. «Demokratikoki baztertzaileak», esan zuen.
Sarrera librea izan arren, inguruan dituzten kafetegiek egiten dituzte elitista. «Adibide argia da, gutxien espero den guneetan ere ikus daiteke ideologia lanean. Baita itxuraz izaerarik funtzionalena duten objektuetan ere».
Opera aipatu zuen Zizekek, Walter Benjamin pentsalariaren hitzak bere eginez: «Operan, obra bezain garrantzitsua da eskaileretan ematen den ikuskizuna». Hau da, operara doazenek besteen soineko eta arropei begiratu eta elkarri neurria hartzen dioten gune horretan gertatzen dena. Antzera da espazio irekietan ere: bestela irudi arren, mekanismo sozial horiek martxan jartzeko guneak dira. «Irekierak, benetan, bazterketan du oinarria».
Jerusalemen altxatzekoa den eraikin baten adibidea jarri zuen arkitekturak erdi agertu eta erdi ezkutatzen dituen egiak azaltzeko. «Irakurri dudanez, halako eraikin handi bat egin behar dute bertan, erlijio guztiak, denak errespetuz, bere barnean hartuko dituena. Halako santutasunaren parke tematiko bat juduentzat, musulmanentzat, katolikoentzat... Bakearen ikur gisa saltzen dute hori eraikitzeko lekualdatu behar izan dituzten palestinarrak aipatu gabe betiere».
«Ez dakizkigun dakizkigunak»
Donald Rumsfeld AEBetako Defentsa idazkari nagusiak Iraki eraso baino lehenago eginiko adierazpenak ekarri zituen gogora Zizekek gogoetan sakontzeko: «Badira badakizkigula dakizkigun gauzak, badira ez dakizkigula badakizkigunak, baita ez dakizkigun ez dakizkigunak ere». Esaldi bat falta zitzaion, ordea, Rumsfeldi filosofo osoa izateko, Zizeken aburuz. Azken koska bat, «ez dakizkigun dakizkigunak» ere badaudelako esloveniarraren arabera. Hau da, badirela jakin arren badirenik esaten ez direnak.
Estalinismo garaiko arkitekturaren adibidea aipatu zuen hori azaltzeko. Komunismoa ezartzearekin, klaseak desagertu egin zirela esaten zen, eta inork ez zuen ezberdintasun sozialak bazirenik aipatzen, hori esateagatik hilko zuten beldurrez. Arkitekturan, baina, bistakoa zen ezberdintasun horiek egon bazeudela, eraikuntzak guztiz hierarkikoak baitziren. Hala, Zizeken hitzetan, «harrian idazten du arkitekturak ideologiak jendaurrean esan ezin duena ere».
William Butler Yeats poeta erromantikoaren hitzak erabili zituen aretoan ziren arkitektoak ohartarazteko. «Zure oinen azpian zabaldu ditut nire ametsak;/ goxo ibili, beraz, nire ametsen gainean baitzabiltza». Hori Yeatsen aipua, eta hau Zizeken abisua: «Goxo aritu zuek ere, zuek eraikitakoaren barnean bizi behar diren pertsonen ametsen gainean baitzabiltzate».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
