Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:01

KULTURA;2010-06-05;Urruneko berba goxoa egun da oihartzun. Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz bikotea jasaten ari den deportazioa 'Sagarren denbora' dokumentalean azaldu dute Josu Martinez eta Txaber Larreategik; filma ekainaren 11n estreinatuko dute, Baionan.

Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz bikotea jasaten ari den deportazioa 'Sagarren denbora' dokumentalean azaldu dute Josu Martinez eta Txaber Larreategik; filma ekainaren 11n estreinatuko dute, Baionan.

Urruneko berba goxoa egun da oihartzun

Nora Arbelbide.

Baiona

Astiri bat, Domintxaine-Berroetan (Zuberoa). Kristiane Etxaluzen etxean, Josu Martinez eta biak zeuden. Martinezek Haizea Garizumakoa Ruper Ordorikak atera berri zuen diskoko Urrun urrun kantua entzuten jarri zuen Etxaluz. Argi zuen kantu horrek filmean izan behar zuela, hitzek dokumentala ezin hobeki azaltzen dutelako, bere iduriko.

Kantua abiatu: «Urrun, urrun, bihotzeko lagun, hola deitzen ninduzun, bihotzeko lagun. Non da orain lehengo berba goxoa? Oihartzun da egun, bihotzeko lagun...». Eta negarrez hasi zen Etxaluz. Bai, dudarik ez, filmean behar zuen.

Segidan, «zer polita litzatekeen Ruperrek egingo balu musika», Martinezek. Ordorikari nola eskatu galdera pausatu baino lehen jada, Etxaluz hasi zitzaion Ordorikaren telefonoa nork izan zezakeen bila. Eskuratu eta han, mementoan berean Etxaluzek deitu zuen: «Kaixo, Ruper! Hemen Kristiane Etxaluz Domintxainetik». Ordorikak bazekien nor zen Etxaluz, eta bazuen Josu Martinezen berri ere. Proiektua azaldu eta hamabost egun barne Saran bildu ziren hirurak. Kantuak egiten zituela baina filmerako musika egiteko ez zela gai sentitzen azaldu zien Ordorikak. Baina bere taldeko gitarrista eta biolinista gomendatu zien: Arkaitz Miner. Eta horra hor Miner dokumentala janzten duen musika grabatzen. Biolina, gitarra, mandolina, biola, instrumentu guztiak berak joak eta etxean grabatuak. Kantarien artean, Maddi Oihenart (Sodade abestian), Eñaut Etxamendi (Etxaluz preso zen garaiak gogora ekartzen dituen abestian) eta Ruper Ordorika (Sagarrondo bati sehaska) daude. Bada Sao Tomeoko hainbat herritarrek Alfonso Etxegarairi eskainitako Azken dantza ere, Manex Pagolarena, eta, noski, Urrun urrun, filmeko leitmotiv nagusia, bukaeran Ruper Ordorikak berak kantatua.

Hori guztia adierazgarri izan daiteke Josu Martinezek eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala (Sagarren denbora) nola iragan den zehazteko. Ideia batetik bestera, ezagutza batek bestea ekarriz dena molde naturalean. Iazko apirilean Etxaluzekin harremanetan jarri ziren, eta ekainean Sao Tomen zegoen lan taldea. Urtebete geroago, hilaren 11n, Baionan estreinatuko dute Alfonso Etxegarai eta haren bikotekide Kristiane Etxaluzen deportazioari buruzko zuzeneko lekukotasun bizia.

Beste euskal herritar anitz bezala, 80ko hamarkadan deportatu zuten Etxegarai. Zehazki, 1978an utzi zuen sorterria, Espainiako Poliziaren jazarpenetik ihes egin nahian, eta 1985ean Frantziako Gobernuak Ekuadorrera deportatu zuen. Han zegoela, Espainiako poliziek bahitu eta torturatu egin zuten. Urtebete geroago, Sao Tome eta Principera bidali zuten, eta han da geroztik. 23 urte. Etxaluzek, berriz, Euskal Herrian eta Sao Tomen iragaten ditu sasoiak.

Egoera korapilatsua, eta dokumentalean urratsez urrats azaltzeko parioa egin dute. Lehenik bakoitzaren iragan eta hautuak azalduz eta ondotik Sao Tomen elkartuz, bikotearen errealitatea marrazten dute, baita, tarteka, geroari begira dauzkaten itxaropenen irriak ere: «Zahartzen garenean Domintxaineko sagarrondoak zainduz pasako dugu denbora», dio Etxaluzek dokumentalean. Hortik dokumentalaren izenburua. Halako «batasun poetiko bat» da, egoera ilunetik argia ekartzen duena, Martinezek ohartarazi duenez.

Beste elementu nagusia, Hibai Castrok atxikitzen duen kamera bustitzeraino doana, maitasuna da. «Azkenean, amodiozko istorio bat irten da, testuinguru konkretu batean bizi dena. Ez geneukan horrela pentsatuta, edo hain pentsatuta. Baina hala da», dio Larreategik. «Dokumentalak hori dauka. Ibilian zoaz gauzak deskubritzen. Indar handiagoa daukaten elementu batzuk ikusten dituzu eta horiei eusten diezu gehiago». Martinez ausartzen da esatera: «Komedia erromantiko bat da. Momentuz ez dauka happy end-ik, baina...»

Maitasuna, bikotearen artekoa baina baita biek Euskal Herriarentzat daukatena ere, Martinezek zehaztu duenez: «Alfonsok daukan herrimin hori, hori maitasuna da. Eta Kristianerena berdin. Leku batetik zein bestetik joaten denean zinez azken aldia balitz bezala begiratzen duela gogora ekartzen duen momentuan hunkituta agertzen da». Larreategik ere horretan ikusten du Etxaluzi deportazioak ekarri dion zoriontasun eza: «Ezin ditu bere bi maitasunak batera izan. Euskal Herrian dagoenean Alfonso falta zaio, eta Sao Tomen dagoenean Euskal Herria falta zaio».

Errealitatea beren gain hartua

Maitasuna, ordea, sendo bezain umila agertzen da, iragan eta eguneroko errealitate gordina bere gain hartzeko gai dena. Ez du ezkutatzen, ez apaintzen. ETA, Lemoizko zentral nuklearraren aukako borroka, Iruñeko presondegian pasatutako hilabeteak, Etxegaraik jasandako torturak, desagerturik igarotako hamabost egunak, etengabeko joan-jinak. Hor daude Frantzia eta Espainiaren arteko hitzartzeak eta Sao Tomeko administrazioak deportazio kontuetan betetzen duen rola.

Historia handia, jendeen historiatik ekarria, xede garbi batekin, Larreategik esplikaturik: «Mundu ofizialak-edo borrokan murgilduta dagoen jende guztiari gizatasuna ukatzen dio. Orduan, humanizatzeko forma bat da historiak lehenengo pertsonan kontatzea. Ez da aho, begi eta eskurik gabeko masa bat. Zehazteak aukera hori ematen dizu, sentimendu, amets eta akatsak dituzten pertsonak direla erakustea». Itsasoaren alaba dokumentalean martxan jarri zuten lan ildoa da. Eta hark jasotako arrakastak indartu zien, Martinezek dioenez, horretan jarraitzeko gogoa: «Jendeak horrelako gaietarako badauka gose bat. Lehena hildako baten inguruan zen, eta bigarren filma gerra zikinaren beste adar batean oinarritzea erabaki genuen».

Eta, horren irudikatzeko, Etxegarai eta Etxaluz bikoteak bazuen aski indar: «Zure pertsonaiekin maitemintzen zara beti. Film bat egiten duzunean pertsonak indarra izan behar du. Alfonso eta Kristiane pertsona izugarriak dira. Pertsona gisa. Zenbat ematen duten, zer eskuzabalak diren, zer maitasuna duten... Hain duinak dira, hain koherenteak. Bada ere erakustea horretan dabilen jendeak ez direla fanatiko batzuk, askotan ematen duen bezala... Pertsonak dira, eta, gainera, kristorenak, ezagutu behar direnak, bizitza eman duten izengabeak, maitasunarengatik eman dutenak. Lehenik herriarentzat eta ez berentzat aldarrikatzen dute».

Eta pertsonekin ari den heinean, «hurbiletik eta konfiantzarekin lan egitea», hori du lan egiteko manera bikoteak. Hitz egin luzaz, kamera itzali hala behar denean, eta ez joan «odolaren egitera». Filmatuak direnek ere konfiantza hori sentitzen duten bezala, ikusleak ere bai. Eta horra apustua: «Naturaltasunez beren egunerokotasuna ateratzea».

Horren ondoan, bada memoria lan bat ere. Dokumental egileak oraindik ez ziren sortuak Etxegarai Sao Tomera deportatu zutelarik, biek 23 urte baitituzte. Etxegarai Regresar a Sara (Txalaparta, 1995) liburutik zuten ezagutu: «Historia, nolabait esatearren, ia kasik idatzia zegoen. Alfonsorena behintzat». Larreategik aitaren bidez aspaldi ezagutzen zuen Etxaluz, eta behin baino gehiagotan aipatua zion Martinezi, «istorio indartsua zuen emazte gisa». Ez zuten bazterrean utzi nahi: «Itsasoaren alaba-n ere gudaria gizona da, eta emakumea da laguntzen diona... Orduan, pentsatu genuen, zergatik ez kontatu bikotearen historia». Horrek Euskal Herriaren bi bide azaltzeko aukera ematen zien: «Bi pertsona antagoniko dira. Bata Zuberoakoa, familia euskaldunekoa baina ez abertzalea, diru apur bat zeukana herrian. Eta Alfonso Euskal Herriaren beste puntakoa, kostakoa, Plentziakoa. Familiakoak proletario eginda, euskaldunak, baina ez zioten euskara irakatsi...». Izaeran ere guztiz diferenteak izanik, «Euskal Herriaren aldeko borrokak batzen ditu». Bizi horiek beren historia bezala hartu dituzte bi dokumental egileek: «Nahiz eta ez jaio izan, hurbileko gauza bat balitz bezala sentitzen dugu, beste gauzen artean konpondu gabekoa delako haien egoera».

Ahantzi baino lehen filmatu nahi izan dutena, orain, zinema geletara pasatuko da. Bilboko GITE-IPES taldeak ekoizteari esker posible izan da filma. Baionako Atalante aretoan estreinatuko dute, datorren ostiralean, 19:30ean. Han izanen dira film egileak, baita Kristiane Etxaluz ere. Hilaren 17an Ainhize Monjoloseko (Zuberoa) Euskal Herriko Laborantza Ganberan aurkeztuko dute, 19an Bilboko Capitol aretoan eta uztailaren 3an Heletan (Nafarroa Beherea), Euskal Herria Zuzenean jaialdian.

 

Kristiane Etxaluz.

Deportazioaren egunerokoa sentimenduen bidez azaltzeaz gain, bere belaunaldiak egindako hautuak esplikatzeko ere hartu du zuberotarrak 'Sagarren denbora' dokumentalaren parioa.

«Iraultzarekin batera, iraupena ere lortu behar dugu»

N.A.

Baiona



Kristiane Etxaluzek (Domintxine, Zuberoa, 1941) segitzen du bere begi bizi-biziekin. Beti adi, beti emankor, hautuak eta egoera argi eta arazorik gabe azaltzeko.

Zer ekarri du Sao Tomen deportatua izateak egunerokoan?

Sao Tome eta Principera joaten direnek normalean publizitate bat segitzen dute, erraten duena paradisu bat dela hura. Guretako, aldiz, amesgaizto bat da. Biziaren dorpetasuna dugu ikusten, pobreziaren mundua. Urrun da geografikoki, baina baita aitzinamenduaren aldetik ere. Eta hor bizi behar da. Alfonso paperik gabe atxikitzen dute. Badu gidatzeko baimena, baina besterik ez. Herri txikia da eta badakite nor den, baina horrek erran nahi du ez duzula eskubiderik. Merkantzia bat da, Sao Tomeko administrazioak atxikitzen duena zerbaiten truke. Ez da legala, ez ilegala, legetik kanpo da beti. Deportazioa idatzia ez den zigor bat da. 25 urte egin ditu ia, baina kartzelan sartzea erabakitzen badute, hutsetik hasiko da. Aitzinako erregimeneko botere gehiegikeria bat da.

Dokumentalaren egitasmoak zertan erakarri zaituzte?

Historien kontatzeko manera ona dela iruditzen zaigu Alfonsori eta bioi. Hau da, historia kontatzea jendeen historiatik pasatuz. Metodoa biziki polita da. Gehiago dena, beharrezkoa iruditu zaigu. Gure belaunaldiak egin dituenak ez dira ezagunak gazteen artean, eta, beharbada, gure inguruan ere gauzak ez dira beti konprenituak izan, ez baitira esplikatuak izan, klandestinitatearen baldintzak zirela eta.

Etxegaraik liburua idatzia zuen jada.

Liburua idatziz hasia zuen historia horren kanporatze lana. Haren behar handi bat Euskal Herrian presente izatea da. Ez presente protagonista bezala, ez bere buruaz oroit gaitezen, baina bai bere mundua delako. Akuario batean bizi diren arrainei ageri zaie ez direla ontsa bizi. Baina beren sorterriko ura ekartzen badiezu, orduan bizkortzen dira. Alfonsorentzat, hori zen.

Zuk nola bizi izan duzu proiektua?

Niretzat Alfonsorekin zerbait egitea zen [irriak]. Eta, gainera, zahartzen ari naiz... Gogoratzen naiz biziki ongi nola 20 bat urte nituela, abertzaletasunean sartzen ari nintzela, arrats batez Monzon ekarrarazi genuen mintzatzera. Ahoa zabal-zabalik gelditu nintzen. Orduan ulertu nuen zer zen bere bizia egiazki engaiatzea. Lekukotasun hori biziki inportanta izan zen. Gogoa eman zidan hobekiago ezagutzeko Euskal Herriaren historia. Garai hartan, gerla 30 urte lehenagokoa zen. Eta hori pentsatuz, ikusten ditut oraingo gazteek, eta gure gerla 30 urte duena... Ez dut erran nahi Monzonen lekua hartu nahi dudala [irriak], baina bai eskaini nahi nuke bizi lekukotasun bat, gazteek jakin dezaten nondik heldu diren. Iraupena da lehenik lortu behar duguna. Iraultzarekin batera. Iraun eta iraul hitzek sustrai bera dute. Yinek eta yangek bezala, biek elkarrekin aitzinatu beharko lukete.

Aldiz, Monzonek aipatzen zuen gerla bururatua zen; oraingoa, berriz, ez.

Ez da fini, ez. Baina argi dut, gurea bukatu gabe, beste bat txertatu zaiola, eta gureak, maleruski, ez duela bukaerarik ukan. Sentitzen dut azkar memento honetan ez garela irabazten ari, baina beldur garela, gerla gelditu eta dena galduko dugula. Eta, beraz, itsua den kale batetik jarraitzen da, ttur-ttur. Borroka armatua gelditzen ahal dutenek ardura bat dute. Erran behar dute argi eta garbi segitu nahi duten edo utzi, borroka armatuan ez dauden batzuek segitzeko, helburu berak atxikiz... Hala ere, ez duzu diskurtso politikorik, apologiarik edo beste ikusiko film horretan. Hausnartzeko gogoa ematen duten sentimenduak, besterik ez. Pirritx eta Porrotxek diotena azken finean: «Sentitu, pentsatu eta egin».

Testuinguru horretan, Etxegarai beti dago deportatua. Hitza hartuz arriskuak badaude? Neurtu dituzue?

Dagoen egoeran, Sao Tomen Alfonso libre bizitzea hari mehe batetik xilintxan dago. Den mendreneko eskubiderik ere ez du bere buruaren defendatzeko. Baina, aldi berean, baditu adiskideak eta lagunak han eta hemen. Haiei egia zor dielakoan, dokumentalaren abenturan sartzera atrebitu da. Haren itxaropena baita leihoak, bideak, sateliteak, liburuak, irratiak ireki ditzagun, azkenean, gauden bezala artatuak izateko: desagertzear dagoen espezie bat. 'Egiari gutuna' idatzi du, non agerian uzten duen egiaren bila ibiltzea merezi duela, arriskutsu izanik ere. Horra zati bat: «Nire euskal arimak heroirik gabeko istorioa baino ezin du erretratatu, bideei buruzko istorio bat... Denontzako egiaren bila doan istorio bat; beti posible ez den egiaren bila doan istorio bat...»

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia