Garaikide, libre eta doakoa
Garaikideak elkartea eratu dute Nafarroako hainbat musikarik, obrak sortu eta ezagutarazteko
Iñigo Astiz.
IruñeaDoakoa, librea eta parte-hartzailea. Halakoa izango da Garaikideak Musika Garaikideko Zentroa, proiektuaren sortzaileek azaldu dutenez. Nafarroan musika klasiko garaikideko lanak sortu eta ezagutaraztea da haien helburua. Horretarako eratu dute irabazi asmorik gabeko kultur proiektu pribatu hau: musika garaikidea entzun eta ikusarazteko.
«XXI. mendearen lehen hamarkada honetan, musika garaikidea izan da, ziur aski, kultur programazioetan egon den hutsunerik nabarmenena», dio Ignacio Fernandez Galindok, elkarteko kideak, eta, sortu berri duten proiektuaren bidez, egoera horri buelta ematen laguntzea da haien asmo nagusia. «Sortzaileak eta jotzaileak inolako lotura eta aurreiritzi estetikorik gabe elkartzeko gogoz sortu zen taldea», azaldu du Fernandez Galindok, eta hala elkartu ziren proiektua osatzen duten zortzi kideak: Mitya izeneko hari laukoteko Amaia Razkin, Paloma Ortas, Asier Jimenez eta Igor Saenz, eta Yolanda Campos, Carlos Nuñez, Carlos Rodrigo eta Ignacio Fernandez Galindo konpositoreak. Horiexek osatzen dute oraingoz Garaikideak. Hemendik aurrera, baina, jende gehiago biltzea da haien xedea.
Hiru ardatz ditu proiektuak. Bi urtean behin disko bat kaleratzea izango da lehena. Urrian grabatuko dute lehen lana: Contra las cuerdas. Elkarteko lau musikarik sorturiko zortzi konposizio argitaragabe bilduko dituzte. Mitya arduratuko da haiek grabatzeaz, eta doan banatzea da zentroko kideen asmoa. «Ez da disko bakar bat ere salduko», zehaztu du Fernandez Galindok. Elkartearen blogean (cmcgaraikideak.blogspot.com) ordaindu beharrik gabe jaso ahal izango da, eta liburutegi sareari ere dohainik emango dizkiote CDak.
Partituren liburutegi birtual bat sortzea da elkartearen bigarren asmoa. Librea eta doakoa izango den artxibo bat sortzea. Nafarroako musikagileen lanak jarriko dituzte Interneteko gune horretan, eta nahi duenak batere ordaindu beharrik gabe jaso eta erabili ahal izango ditu partiturak. «Proiektuan parte hartzeko prest dauden musikari eta konpositore guztiei dei egiten diegu gurekin harremanetan jarri eta hartu-emanean hasteko», dio Fernandez Galindok. Argitaratu eta estreinatu gabeko 50 partitura bildu nahi lituzkete datozen urteetan.
Gizarteari azaldu
Kontzertuak eta ekintza kulturalak garatzeko asmoa da elkartearen hirugarren lan ardatza. Hainbat erakunde eta elkarterekin jarri dira harremanetan. Publikoaren eta sortzaileen arteko distantzia txikitzeko beharra aipatu du Carlos Nuñez musikagileak: «Egia da desoreka bat dagoela», dio, «sorkuntzak ikerketaren bidetik jo duelako eta gizarteak jarraitu ez duelako. Kalitateko lan asko dago, baina ez dira ulertzen, eta azalpen onik eman ez dugulako ere izan daiteke». Lan horri heltzearen garrantzia azpimarratu du.
Sortzaileentzako aholkularitza eta zale eta egileen arteko zubi lanak ere egin nahi dituzte, azkenik, musika garaikideko zentroko kideek. Bilgune izan dadin nahi dute, eta musikari, zale eta konpositoreak blogaren bidez jar daitezke harremanetan elkarteko kideekin.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
