«Liburua, berez, ez da ezer»
Etorkizuneko liburutegiek ez dute liburua izango ardatz, jendea baizik, Eppo van Nispenen iritziz
Juan Luis Zabala.
DonostiaEz bihar edo etzi, eta ez erabat, baina liburua «desagertu» egingo delakoan dago Eppo van Nispen (Sevenaer, Herbehereak, 1964), Delft-eko DOK Library Concept Center liburutegiaren sortzailea, eta uste du horrek eragingo dituela liburutegi publikoek etorkizunean izango dituzten aldaketa nagusiak. «Baina liburutegian garrantzitsuena ez da liburua, liburua berez ez baita ezer», dio. «Garrantzitsuena jendea da». Donostiako Tabakalera zentroan liburutegien etorkizunari buruzko hitzaldia eman zuen herenegun arratsean.
«Antzinako liburutegiak jendearen topaketarako eta eztabaidarako lekuak ziren, jakintza partekatu eta zalantzan jartzeko lekuak», Van Nispenek dioenez. «Egun gune publikoen artean liburutegiak dira jende gehien hartzen dutenak, baina inork ez daki. Liburutegien irudia oso bestelakoa da, asperraldiarekin dago lotuta. Ez nago liburuez hitz egitearen aurka, baina batez ere liburutegian egoten den jendeaz hitz egin behar dela uste dut».
Inoiz ez du ulertu zergatik diren «hain serioak» liburutegiak. «Bizitza ez da serioa. Hortaz, zergatik dira serioak liburutegiak?». Arau eta debeku gehiegi ezartzearen guztiz aurka dago. «Liburutegian galdera bat egiten duzun bakoitzean erantzuna ezezkoa izatea kaltegarria da. Liburutegiak irekiagoa izan behar du, liburutegian denak izan behar du posible. Auzo batean musika banda bat baldin badago, zergatik ez gonbidatu liburutegian jotzera? Liburutegiak isiltasunarekin lotzen dira, baina antzinako liburutegietan ez zen isiltasunik. Behar da isilik egoteko gunerik, jakina; baina baita bestelakoak ere».
Gogoan du «debekuen ergelkeriaren adibide» izan zen gertakari bat: «Gure liburutegian jendeak kafea hartzeko aukera dauka, eta, kafeaz gain, beste aukera batzuk daude: tartak eta beste. Batzuek ohartarazi zidaten arriskutsua zela hori, liburuak zikindu egin zitezkeelako. Nik esan nien liburuak maileguan ematen ditugunean ez dugula ikusten liburu horiek non eta nola irakurtzen diren, eta liburutegian baino askoz egoera arriskutsuagoan irakur daitezkeela».
Hemengoak, «tradizionalak»
Ezagutzeko aukera izan duen neurrian, Euskal Herriko liburutegiak «oso tradizionalak» iruditu zaizkio Van Nispeni. «Normala da. Munduko leku askotan horrelakoak dira. Ez dira liburutegi txarrak, liburuen inguruko pasioa badagoelako. Baina informazioa zabaltzeko eta jasotzeko moduak aldatzen ari dira eta gazteek aldaketa ekarriko dute. Aldaketa ez da edukitzailearena, paperarena izango, istorioena baizik. Eta edozein objektuk du bere istorioa, ez soilik liburuek; baita koadroek, musikak eta abarrek».
Donostiako «airea eta giroa» asko gustatu zaizkio. «Sormen handia dagoela sumatu dut, baina sormenen artean behar adinako konexiorik ez. Egungo krisiak liburutegiak berrasmatzeko balio dezakeela uste dut, sormen handiz eta kolore anitzez».
Gizarte elebidun eta diglosikoetan «hizkuntzen arteko konexioa indartzen» beste edozein gunek baino indar handiagoz lagun dezake liburutegiak, Van Nispenen ustez. «Denak senti daitezke ondo, etxean, eta kultura eta hizkuntzen arteko elkarbizitzan zeregin garrantzitsua izaten du liburutegiak, zentro katalizatzaile gisa».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
