Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 06:00

KULTURA;2010-03-13;Edorta Jimenez. Idazlea. «Poesia sinesmen kontua da. Orain sinesmen hori berreskuratu dut». 'Haragizko amoreak' liburu berriarekin, poesiara itzuli da Edorta Jimenez 21 urteko isilaldiaren ondoren, genero horretarako beti erabili izan duen heteronimoari berriro helduta: Omar Nabarro.

Edorta Jimenez.

Idazlea

'Haragizko amoreak' liburu berriarekin, poesiara itzuli da Edorta Jimenez 21 urteko isilaldiaren ondoren, genero horretarako beti erabili izan duen heteronimoari berriro helduta: Omar Nabarro.

«Poesia sinesmen kontua da. Orain sinesmen hori berreskuratu dut»

Juan Luis Zabala.

Donostia

Omar Nabarro heteronimoarekin, lau poema liburu argitaratu zituen Edorta Jimenezek (Mundaka, Bizkaia, 1953) 80ko hamarkadan. Gero, narratibari eta beste genero batzuetako lanei lotuta, 21 urte igaro ditu poema libururik argitaratu gabe, harik eta Haragizko amoreak (Susa) obraz erditu den arte. Omar Nabarroren aurreko liburuen ezaugarri batzuk ditu obra berriak, baina «ulergarriagoa» dela uste du egileak. Bera idaztean bezala, irakurlea liburua irakurtzean «emozioaren gailur batera» iristea espero du.

Nor da Omar Nabarro?

Poesiarako ahots bat sortu zitzaidan 15 edo 16 urte nituela. Esperientzia poetiko batzuk izan nituen, haluzinazio antzekoak, batez ere Mundakako portuarekin eta amarekin zerikusia zutenak. Gero berriro izan nuen antzeko esperientziarik Somorrostron lanean ari nintzela, poesia irakurtzen. Orduan hasi nintzen poesia idazten, eta ahots hari Omar Nabarro izena eman nion. Ez nuen nire izena erabili nahi. Izen hori ezaguna zen beste giro batzuetan, politikan-eta. Gainera, beti sentitu izan dut pertsona diferenteak izan beharra, ni diferenteak.

Heteronimoak?

Bai. Eta heteronimo gehiago ere erabili ditut. Beste batzuk ez dizkidate onartu, eta beste batzuk galdu egin dira. Ahotsak dira. Somorrostron trenean lan egiten nuenean, [Fernando] Pessoa irakurtzen nuen, eta bat egiten nuen harekin. Niretzat beti izan da harrigarria «ahots koherentea» esaten den hori. Ni naizen honen baitan, ahots asko dira, eta ez dira beti koherenteak elkarrekin.

Zer gertatu zaio Omar Nabarrori azken 21 urteotan isilik egoteko?

Ahots hori bat-batean desagertu egin zen. Oso gogoan daukat 1988an Mikel Lasari egin ziotela elkarrizketa Argia-n. Ezin nuen sinetsi hark esaten zuena: poetikarik ez daukala euskarak berak, eta bera ere poetikarik gabe geratu ote zen, bidea urratu zuela, baina bidearen amaierara iritsi zela... Hurrengo urtean, 1989an, neuri gertatu zitzaidan gauza bera: Omar Nabarroren ahotsa desagertu egin zen. Ez nekien zer idatzi, ez nuen aurkitzen poesiarako ahots hori, poesia irakurtzen nuen, baina ez nuen sinesten. Orduan narratibako lanetan sartu nintzen: Atoiuntzia, Speed gauak, Baleen berbaroa... Uste dut Baleen berbaroa-n badagoela Omar Nabarroren zerbait, Euskalduna Revisited poema bilduma txikia ere idatzi nuen, kantaren bat... Baina bai, nahiko desagertuta egon zen Omar Nabarro.

Eta nola itzuli da?

Poesia erotikoaren antologiarekin [Desira plazer 68-08 liburua] hasi baino lehen, berriro poesia irakurtzen hasi nintzen. Horrela, irakurketaren bidez, Omar Nabarroren ahotsa berriro agertzen hasi zen. Zugarramurdira joan eta han XVI eta XVII. mendean emakumeen aurka -eta ez sorginen aurka; sorginkeriarik ez da izan inoiz, hori trikimailu historikoa da, nire ustez- egin ziren auziaz interesatu eta informatu nintzen. Koaderno txikiak etorri ziren berriro, berriro hasi nintzen poesia idazten. Baina batez ere Ingalaterrako Rochester konterrian 2008an egindako egonaldian sortu zen berriro nire barruko ahotsa. 2009an itzuli nintzen Rochesterrera, eta orduan ere itzuli zen ahotsa.

XVI eta XVII. mendeko emakume haiek ardatz hartuta. Sorgintzat hartu eta erre zituztenak.

Bai. Horiek eta sagarraren irudia. Sagarra euskal sinbolismoan, antzina, emakumearen sexu biologikoa izan da. Sagarraren inguruko liburua zen orduan: sagarraren gozamena, sagarraren debekua -naturaren ukazioa- eta sagarraren ostekoa -sagarrak jatetik erretiratu denaren gogoeta-. Sagarraren debekua kendu egin nuen gero, eta indartsu agertu zitzaidan azken ataletan Omar Nabarroren ahotsa, eta liburua amaitu nuenean ohartu nintzen Omar Nabarrok lehenago egindako bidaia errepikatzen ari nintzela liburu berrian: pertsonaletik hirira joan, eta hiritik berriro itsasora. Liburu honetan ere horixe dago.

Sagarraren irudiak XVI eta XVII. mendeko emakume haiek eta gaurko kontuak lotzen ditu liburuan, eta askotarikoak dira liburuan agertzen diren gaiak.

Bai. Tartean, adibidez, ama dago, eta aita ere zentzu batean. Amaren sexua dago, eta nirekiko tabu bat urratu nuen: amaren sexuaz aritzearena. Emakumeekin egon eta gero, etxeko lanak egiten, jabetu nintzen semenaren eta lixibaren usainak nahastu egiten zirela nire eskuetan ere. Txikia nintzela, amaren eskuak usaindu eta ez nekien nondik zetorkien usain hura. Gero, neure eskuak usainduz, konturatu nintzen jardun sexualaren osteko usaina zela, semenarena eta lixibarena nahastuta. Alabari zuzentzearena ere beti egon da Omar Nabarroren poesian, eta portua eta itsasoa ere agertu dira berriro.

Zertan da diferentea Omar Nabarroren liburu berria aurrekoen aldean?

Horixe da nik neure buruari galdetzen diodana. Lehengora etorrita, Mikel Lasak esaten zuen moduan, poetika behar da, eta nik denbora luzez poesia irakurri eta ez dut sinetsi. Poesia sinesmen kontua da. Orain sinesmen hori berreskuratu dut, eta ez dut uste oso diferentea denik liburu hau. Baina ez da hain kriptikoa, gakoak antzematen errazagoak direla uste dut. Liburu hau ulergarriagoa delakoan nago, laztangarriagoa, zuzenagoa, ahozkoagoa. Bestalde, nire obsesioetako bat musikaren bilaketa da, poesiaren barruan eta hizkuntzaren barruan. Une batean irakurlea negarraren punturaino eraman nahi nuke. Liburua lau zatitan egituratua dago, eta amaiera emozioen aldetik ere itsasgora baten antzekoa da. Ni neu, idazterakoan, emozioaren gailur batera iritsi naiz, eta nahi nuke irakurlea ere horretara iristea.

Dena da haragia du izenburu liburuko poema batek. Poesia ere haragia da?

Jakina. Baita ere. Garai batean haragi bejetalaz pentsatzen nuen asko, eta gero Bixente Ameztoiren pintura ezagutu nuen. Ikaragarrizko gurutzaketa izan zen, nik ere horixe pentsatzen nuelako, dena dela haragia. Poesia sentitu egin behar dut nik. Bada poesia abstraktuagoa, bada poesia hotzagoa, bada poesia filosofikoa... Niretzat poesia haragia da. Odola, taupada, bihotza...

Duela hilabete batzuk Stock 13 kaleratu zenuen. Nobela erotikoa zen hura, eta Haragizko amoreak-en ere erotismoak oso presentzia handia du. Zer lotura dago bi liburuen artean?

Liburu biak dira emakumearen ospakizuna eta gorazarrea. Beharbada ni matxista izan naiz Edorta Jimenez gisa; ez dakit Omar Nabarro gisa matxista izan naizen. Baina aberria, natura eta literatura alde batera utzita, haragia izan da niretzat bizitzan inportanteena, eta horren gorazarrea dago liburu bietan, beste gogoeta batzuekin batera. Stock 13-n, haragiaren gorazarreaz aparte, batez ere botereari desafio egitearen gaia agertzen da. Ez ordea bakarrik estatuari, baita irakurle bakoitzak barruan daraman poliziari ere.

 

«Euskal literatura anormala da, munstroa»

J.L. Zabala.

Donostia



«Euskal literaturari kiratsa dario». Oihartzun handia izan du Edorta Jimenezek hedabide batean baino gehiagotan egindako adierazpen horrek, batez ere ETBko Sautrela saioan agertu zenetik; polemika iturri ere gertatu dira hitz horiek eta horiekin batera esandakoak hainbat foro eta hedabidetan. «Nire kezka da norena den euskal literatura», ñabartu du Jimenezek, gai horretaz galdetutakoan. «Nork hartu du euskal literatura? Nork kudeatzen du? Nora eraman nahi dute? Beste literatura batzuetan ere gertatzen da. Euskadi Sarietan euskarazko literaturarekin gertatzen dena ez da ezer gaztelaniazkoarekin gertatu izan denaren ondoan, baina nik gaztelaniazko literaturaz ez dut hitz egin. Euskal literaturari kiratsa dario, baina oraindik ere beste literatura batzuei baino gutxiago».

Orain, gaia «urrunago» eramanez, «kontzeptu biren inguruan» gogoeta egiten ari da Jimenez: irakurtasuna eta kolonizazioa.

«Irakurtasuna kontzeptu abstraktua da, askatasuna bezala», Jimenezek dioenez. «Euskaldunok ez dugu irakurtasunik. Ez daukagu noiznahi zernahi irakurtzeko modurik. Irakurtasuna izatea izango litzateke kirol gaiak euskaraz irakurri ahal izatea; edo moda kontuak; kioskoetan euskaraz idatzitako kontsumoko literatura izatea... Guk ez daukagu hori. Eta irakurtasunik ez daukan hizkuntza anormala da, munstroa da. Munstroa ez da itsusia berez, organo bat hiper- edo hipotrofiatuta duena baizik, garatuegia edo azpigaratuegia. Diskurtso ofizialak baikortasunez saldu nahi izan du euskal literatura. Nire ustez, euskal literatura anormala da, munstroa, irakurtasunik ez duelako».

Bestalde, euskalduna, euskal hiztuna «kolonizatuta» dago. «Hain kolonizatuta dago, ez da konturatzen ezin duela nahi duena bere hizkuntzan irakurri».

Kolonizazioaren kontzeptua ilustratzeko, lagungarri izan daiteke Jimenezek Euskaltzaindiaren jokabideari buruz dioena: «Euskaltzaindiari esan diote norbait bidaltzeko Espainiako Sari Nazionaletara eta Euskaltzaindiak bidali egin du. Orduan, galdetu behar diogu Euskaltzaindiari zer harreman duen Espainiarekin, eta ea Espainia nazioa den. Eta Espainia nazioa bada, gu... ez gara nazioa? Naziotasuna ez da hizkuntza? Norbait espainiar sentitzen bada, urdail horretan egongo da jada, ez da irentsiko duten beldur izango. Baina nik ez dut irents nazaten nahi. Eta ez diot hau oraingo Espainiako Sari Nazionalagatik, zabalagoa da kontua».

Irakurtasunik gabe eta kolonizatuta, menpekotasun larri baten arriskua du euskal literatura, Jimenezen iritziz: «Gaur egun, euskal literaturaren tragediarik handiena da urteetan, hamarkadetan, euskararen kontra egon diren botere taldeek, euren hedabideen bitartez, euskal literaturaren monopolioa berenganatu eta euskal literatura nahi duten lekura bideratu nahi dutela, alegia, Espainiara, espainiar izatera. Horregatik da Premio Nacional de Literatura... de España; eta ez dute ipintzen. Eta Premio de la Asociación de Críticos... de España. Eta nondik dator hori guztia? Kolonizaziotik. Frankismoan irakurtzen ziren egunkariak irakurtzen jarraitzen du jendeak. Hori da egia. Kolonizatuta gaude».

Atetik pasatzeko, «zerga»

«Kanpora ganoraz zabaldu den euskal literatura bakarra Espainiako Sari Nazionala irabazi duena da», Jimenezek dioenez. «Madrilen dago atea, benetako atea. Ate horrek zaindariak ditu, eta ordaindu egin behar da zerga. Ni ate horretatik ez noa».

Ate hori berarentzat eta bera bezalako askorentzat guztiz itxita dagoela uste du Jimenezek: «Euskal literatura goitik kudeatzen dutenek badaukate beren ideologia, eta horren arabera jokatzen dute. Idazleoi askotan eskatzen zaigu plazan agertzeko. Eta norbera zelan agertzen den, horrek markatu egiten du, estigmatizatu. Zerrenda beltzak daude, eta nik badakit non ez naizen agertuko zernahi eginda ere, ez banaiz suizidatzen».

Euskal literatura kanpora zabaltzeko, beste bide batzuetatik saiatu beharra dagoela uste du Haragizko amoreak poema liburuaren egileak: «Gure lanak Alemania edo Italiara zabaltzeko zubi taldeak daude, Euskalemari eta Erroman dagoen elkarte bati esker, hurrenez hurren. Frantsesaren eta ingelesaren kasuan ez dugu horrelakorik lortu, nik dakidala. Bide hori apala da, baina beste bat hartzen badugu, indartsuagoa, ez digute aurrera egiten utziko. Zer gara gu? Adar hauskorren artean sarea josten duten armiarmak, ala ingeniari boteretsuak? Gu hasiko bagina ingeniari boteretsuen antzera jokatzen, berehala galaraziko ligukete, nola edo hala. Euskalduna kanpoan beti da susmagarria. Kanpoan literatura kontuengatik egon naizenean, beti sentitu dut belarri atzean norbaiten itzala. Eta alde horretatik argigarria da Asel Luzarragaren kasua».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia