Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:59

KULTURA;2010-02-12;Udalek ere nahi dute Gaztemaniak! Gipuzkoako Diputazioaren kontzertu egitarauari jarraipena eman ahal izateko, prest daude iazko diru kopurua jartzeko Gazteen eta instituzioen arteko harremana estutzeko tresna dela nabarmendu dute

Udalek ere nahi dute Gaztemaniak!

Gipuzkoako Diputazioaren kontzertu egitarauari jarraipena eman ahal izateko, prest daude iazko diru kopurua jartzeko

Gazteen eta instituzioen arteko harremana estutzeko tresna dela nabarmendu dute

Jon Eskisabel.

Donostia

Otsaila da Gaztemaniak!-en etorkizuna zehazteko Gipuzkoako Diputazioak jarri duen hilabetea. Egitaraua bertan behera uzteko erabakia atzera bota eta 2010ean ere «zenbait kontzertu» egingo direla bermatu ostean, kopuruak zehaztea falta zaio foru instituzioari. Horretarako, Gaztemaniak!-en parte hartzen duten herrietako udalekin -gehienekin, behintzat- harremanetan jarri da Haurren eta Gazteen Atala, haien asmoak ezagutze aldera, eta taldeak kontratatzen hasteko agindua eman du.

Udal batzuk ustekabean harrapatu ditu Diputazioaren jarrera aldaketak, Gaztemaniak! aintzat hartu gabe osatu baitzituzten 2010eko aurrekontuak, baina, hala ere, gehienak prest dira kontzertuak hartzeko iazko diru kopuru bera jartzeko. Donostiaren kasuan, Udaleko Gazteria Atalaren ekarpena 10.000 eurokoa da, urtean bi kontzertu antolatzeko. Gainerako udalek ere -Arrasate, Hondarribia, Oñati eta Zarautz- bi kontzerturen finantzaketa hartzen dute beren gain, baina 6.000 euro jarrita. Diputazioak beste bi kontzertu ordaintzen ditu herri bakoitzeko.

Udal guztiek egitarauaren «oso balorazio ona» egiten dute, bai Gaztemaniak!-en kultur eskaintzari dagokionez, bai herritarren erantzunari dagokionez. Arrasateren, Hondarribiaren eta Zarautzen kasuetan gainera, gazteek kudeaturiko aretoen eta instituzioen arteko harremana eta elkarlana sustatzeko aukera eman duela nabarmendu dute herriotako Gazteria teknikariek.

Arrasate

Arrasateko Udala da oraindik Gaztemaniak!-en segituko duen erabaki ez duen bakarra. Egitaraua bertan behera geratuko zelakoan itxi zituen 2010eko aurrekontuak, eta Diputazioaren jarrera aldaketak egoera birplanteatzera eraman du.

1994tik, Gaztemaniak!-en sorreratik, hartu du parte Arrasatek egitarau horretan; «orduan, kontzertuak eta beldurrezko zinema maratoiak antolatzen ziren, gehienak Amaia antzokian», Udaleko Gazteria teknikari Blanka Jauregik gogoratu duenez. Antzokia eraberritzeko lanak zirela eta, kolaborazioa eten zen hainbat urtez, baina 2008an berreskuratu zuten. Bigarren aro honetan gaztetxean egin dira Gaztemaniak!-eko kontzertuak, eta Jauregik alderdi hori azpimarratu du. «Diputazioaren, Udalaren eta gaztetxearen arteko elkarlana ekarri du, eta hori interesgarria iruditzen zait. Instituzioen eta gazteen artean dagoen distantzia murriztu nahi bada, ondo dago Gaztemaniak! eta halako tresnak izatea». Jauregik nabarmendu du Gaztemaniak!-ek gaztetxera publiko «plurala» eraman duela, Arrasateko taldeei gonbidatu gisa jotzeko aukera eman diela eta hiru aldeek elkarlanaren balorazio «ona» egiten dutela.

Hala ere, Udalak erabakitzeke du «parte hartzen jarraituko duen eta zein baldintzatan». Jauregiren iritziz, Gaztemaniak!-ek «kalitateko kultur proposamenak» egiten jarraitu beharko luke, Udalentzat «jasangarriak» diren aurrekontuekin -«kontuan izan udaletako gazteria sailek aurrekontu txikia izaten dutela ikuskizunak antolatzeko, gastuaren zati handiena ekipamenduetara bideratzen baita»-, eta kontzertuen sarrera merkeari eutsi beharko lioke.

Donostia

Donostiako musika eskaintza bateratu nahi duen egitasmo zabalago batean ari da lanean Udala, eta horri lotuta dago Gaztemaniak!-en etorkizuna hirian, Denis Itxaso Gazteria eta Kultura zinegotziak (PSE-EE) azaldu duenez. «Formatu txiki eta ertaineko areto publiko eta pribatuen programazioa uztartu eta eskaintza global bat plazaratu nahi dugu, Donostia hiri aspergarria eta zaharkitua dela dioen estereotipoa amaitzeko».

Plangintza horretan, Gaztemaniak!-ek «nola edo hala» iraun beharko lukeela dio Itxasok, «kultur proposamen berezia delako. Gure hirian mundu osoko artista handiak 7 eurotan ikusteko aukera ematen du, kalitatea bermatzen du, publiko finko eta fidela sortzen du, eta hemengo musika taldeak sustatzeko plataforma egokia eta erabilgarria da. Beraz, helburuak betetzen ditu Gaztemaniak!-ek».

Hondarribia

Hondarribiak ibilbide laburra egin du Gaztemaniak!-en, 2008an hasi baitzen egitarauan parte hartzen. Psylocibe elkarteak kudeatuko Psylocibenea aretoa zabaltzearekin batera, Udalak ikusi zuen aukera ona zela berak bakarrik antolatu egingo lituzkeen kontzertuak egiteko. Arrasaten bezala, gazteen, Udalaren eta Diputazioaren arteko elkarlana ahalbidetu du Gaztemaniak!-ek, eta balorazioa «oso ona da». «Kontzertuek oso harrera ona izan dute, eta Psylocibe elkarteko gazteak oso pozik daude», adierazi du Maite Pelaez Ongizate eta Gazteriako zinegotziak (EAJ). Hortaz, zuzenean Diputazioaren asmoen berri jaso ez badute ere, 2010erako diru multzo bat gorde du Udalak Gaztemaniak!-eko ekitaldietarako, aurreko urteetako kopuru bera, 6.000 euro.

Hala ere, aurrekontu murrizketa dela-eta Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Politikako Departamenduak Gaztemaniak! bertan behera uzteko hartu zuen erabakia «ulergarria» dela zehaztu du Pelaezek, eta horren aurrean begi onez ikusiko luke herri bakoitzak bi kontzertu antolatu beharrean bakarra izatea eta gastu guztiak Udalak bere gain hartzea.

Gaztemaniak!-ek sorreran beste helburu batzuk zituela gogoratu du Hondarribiko zinegotziak: «Gipuzkoak taldeen kontzertuak antolatzeko sortu zen, baina, urteak pasa ahala, beste norabide bat hartu du, eta ondo funtzionatu du, hori egia da». Alde horretatik, une hau egokia izan liteke egitaraua birplanteatzeko, «zertarako jaio zen eta zer bihurtu den aztertu, eta zertan hobetu daitekeen pentsatzeko».

Oñati

Sorretatik Gaztemaniak!-en parte hartu du Oñatiko Udalak, eta Donostia eta Zarautzekin batera, kontzertu gehien hartu dutenetako bat da. 2010ean jarraitzeko asmoa du, aurreko urteetako diru kopuru bera jarrita. Diputazioak egitarauari diru laguntza kentzeko erabakia hartua zuela jakin zutenetik, kezka handiz jarraitu dute auzia. Mikel Iturrospe Haur eta Gazteak saileko zinegotziaren iritziz (EAJ), «programazioaren kalitateari eutsiz saio gutxiago antolatzea» izan daiteke egungo egoeratik ateratzeko «behin-behineko irtenbide bat». Etorkizunari begira, ordea, «udalen inplikazioa mantendu eta Diputazioarekin elkarlanean aurrekontu propio bat finkatu beharko litzateke, kulturaren arloan Gaztemaniak! osagai garrantzitsua dela onartuta!», adierazi du Iturrospek.

Zarautz

Zarautzek ere ibilbide luzea egin du Gaztemaniak!-en, kontzertuak hartzeko leku egokirik ez izan arren. Gaztelekuan egin dira ia denak, baina iaz Putzuzulo gaztetxea ere erabili zen emanaldi baterako, The Wave Pictures taldearen kontzerturako, hain zuzen ere. Kasu honetan ere gaztetxearen eta Udalaren arteko «harremanak estutzeko» balio izan du Gaztemaniak!-ek, Onditz de Leizaola Gazteria teknikariak azaldu duenez. Hortaz, egitaraua bertan behera uzteko asmoa zela eta, kexak jaso dituzte; «jarraitzaile sutsuak daude hemen ere».

Egitarauan parte hartzen jarraitzeko asmoa du Udalak, «agian diru gutxiago jarrita, guk ere murrizketak ditugunez», baina egitasmoak «agian moldaketa batzuk beharko lituzke», De Leizaolaren iritziz. Andoni Ibarguren Gazteriako zinegotziak (Aralar) udalen parte-hartzea areagotzea proposatu du. «Kontzertuak planifikatzeko orduan, Gaztemaniak!-ek proposamen bat egiten digu, eta guk onartu edo atzera botatzen dugu. Guk zeresan handiagoa beharko genuke izan plangintza horretan, eta udalen artean ere koordinazio gune bat sortzearen aldekoak gara».

 

Ezbaian jarri dute diru publikoarekin promotore pribatuen ereduari jarraitzea



Gutxi dira Gaztemaniak!-en eredua zalantzan jarri duten ahotsak, baina egon badira. Gora Gaztemaniak! plataformak sortutako webgunean irakurri ahal dira horietako batzuk. Esaterako, Juancar Landa musikari (Sanchis y Jocano) eta kazetariarena. «Underground sorkuntza ugari dago gurean. Instituzioen gutxieneko babesa jasoko balute, formatu duin bihur litezke. Ez ote da hori interesgarriagoa diru publikoarekin Australiako bi anaia ekartzea baino, hori edozein promotore pribatuk egin ahal badu?», galdetu du Landak. Ildo beretik, Javi Pez disko jartzaileak uste du Gaztemaniak!-en bidez Diputazioak «lehia bidegabea» egiten diela promotore eta kultur elkarte independenteei.

Mikel Camino Syntorama promotorako arduradunak tonu gogorragoan idatzi du. «Gure zergekin, oinarrian ingelesezkoa den programazio bat ordaintzearen aurka nago. Bitartean, hemen biluzik gaude, ez dugu ez azpiegiturarik ez dirurik Musikene duin bat izateko, ezta gure musikariek entseatu, grabatu, jo eta beren lanagatik kobratu ahal izango duten gizarte zentro behar bezain ongi hornituak izateko ere».



 

Gora Gaztemaniak! plataformak ospakizun kontzertua antolatu du



Gaztemaniak! egitarauaren alde sortutako plataformak hainbat ekimen eraman ditu aurrera azken hilabetean. Salba dezagun Gaztemaniak! manifestua idatzi eta Internetez zabaldu ondoren, atxikimenduak biltzeari ekin zion. Auziak komunikabideetan izan duen islaren jarraipena egin du, eta manifestua sinatu dutenen iritziak jaso eta erakutsi ditu bere webgunean (goragaztemaniak.wordpress.com).

Plataformaren azken ekimena kontzertu bat antolatzea izan da, hain zuen «Gaztemaniak!-en jarraipena ospatzeko». Gaur izango da, Donostiako Guardetxean (20:30ean), eta Munlet, Los Steaks eta Correos taldeek joko dute. Sartzeko 5 euro ordaindu beharko da.



 

Musikariek, kontzertu sustatzaileek, zaleek eta kulturgile anitzek bat egin dute Gaztemaniak!-en alde. Diputazioak babestutako programazioak entzuleria leial bat sortu du 16 urteko ibilbidean.

Maniakoak eta fidelak

J. Eskisabel.

Donostia



Gutxitan bezalako erreakzioa sortu du Gaztemaniak! bertan behera uzteko Gipuzkoako Diputazioaren asmoak. Are gutxiagotan gertatzen da gizarte mobilizazioak helburua lortzea. Ia 800 lagunek sinatu dute Gora Gaztemaniak! plataforma plazaratutako manifestua, duela hilabete inguru Interneten jarri zuenetik. Gaztemaniak! salba dezagun idazkiarekin bat egin dute hainbat musikari eta taldek (Joserra Senperena, Fermin eta Jabier Muguruza, Sorkun Rubio, Xabier Montoia, Gorka Urbizu, Audience, Gose, Norman...), idazlek (Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Juan Ramon Makuso...), zinemagilek (Koldo Almandoz, Telmo Esnal, Jose Mari Goenaga, Mireia Gabilondo...), kontzertu sustatzailek, kazetarik eta herritarrek.

Imanol Ubeda (Deabruak Teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetako kidea), Laida Torres (Lisabo taldeko kide ohia, gaur egun Caligulako kidea) eta Mikel Unzurrunzaga Makala disko jartzailea ere sinatzaileen artean daude. Musikariak ez ezik, musikazaleak dira hirurak. Horregatik mintzo dira hain argiro Gaztemaniak!-en alde. Egitaraua desagertzen bada, «zerotik hastea bezala» izango da, Makalaren iritziz. Azken urteotan Gipuzkoak izan duen «kultur eskaintza interesgarrienetako bat» galduko da, Ubedaren arabera. «Gipuzkoan musika zaletasuna hain handia izanik eta horrenbeste talde egonik, ez litzateke bidezkoa izango», adierazi du Torresek.

Gaztemaniak! desagertuko ez bada, Gora Gaztemaniak! plataformatik bideratutako protestari esker izan da. Alde batetik positiboa dena -batzuetan agintariek herritarren iritzia kontuan hartzen dutela ikustea- bestetik kezkagarria iruditzen zaio Ubedari. Haren iritziz, polemikaren ostean hasi dira Diputazioko arduradun politikoak Gaztemaniak!-en garrantziaz jabetzen. «Oso larria iruditzen zait, urteetan babestu duten hori ez dutelako ezagutzen. Noren eskuetan gaude? Iritzi publikoaren aurrean politikariek irudi kaskarra dutela? Onegiak gara instituzioekin».

Publikoa sortu

«Musikarekiko errespetu falta» ikusten du Torresek aurrekontu murrizketaren argudioaren atzean. «Jende askok antolatzen ditu kontzertuak, modu indibidualean edo kolektiboan, etekin ekonomikorik jaso gabe, gustuko talde bat ekartzea atsegin dutelako. Jende horrek baliabide gutxirekin egiten badu, diru publikoa kudeatzen duen instituzio bat nola ez da ba gai izango murrizketari aurre egiteko? Sinestea kostatzen zait». Sutsu mintzatu da Makala. «Niri bost axola Aldundiaren aitzakiak! Argudio horiek ez dute balio egun batetik bestera horrelako ondare bat bidetik kentzeko».

Irrati formuletan eta telebistetan agertzen ez diren artistak ekartzeko eta jendeari prezio merkean eskaintzeko Gaztemaniak!-ek egin duen ahalegina nabarmendu dute hirurek. «Gaztemaniak!-en leloa izan da: antolakuntzan arriskatu eta kalitatea eskaini», dio Makalak, «atzerriko egitasmo interesgarri eta berritzaileak ekarri ditu, berdin zion zer musika motatakoak ziren».

Horren ondorioa izan da urteak aurrera joan ahala talde berriak ezagutzeko kezka duen entzuleria fidel bat sortu izana. «Publiko bat sortu du, taldea ezagutu gabe ere kontzertuetara joaten dena, guztiz fidagarria egiten zaiolako programatzailearen eskaintza», azaldu du Ubedak. Iritzi berekoa da Torres. «Interneten garai honetan gero eta zailagoa da jendea ezagutzen ez duen talde baten kontzertura joatea, baina Gaztemaniak!-ek erraz jarri du, denontzat eskuragarria den prezio batean taldeok ikusteko aukera emanez. Oso plan interesgarria da ostegun batean Jareñora joatea, edo Zarautzera joan, izozki bat jan eta Holly Golightlyren kontzertua ikustea!».

Bertakoari babesa

Gipuzkoako taldeei jendaurrean jotzeko Gaztemaniak!-ek eman dien aukera ere azpimarratu dute. Hasierako urteetan, maketak bildu eta aukeraketa bat egin ostean CD bat argitaratzen zuen. Diskoko taldeek Gaztemaniak!-eko kontzertuak irekitzen zituzten. Horri lotuta, iazko anekdota bat ekarri du gogora Ubedak. «Jolie Holland ikustera joan ginen. Ez genuen asko ezagutzen, baina 'Gaztemaniak!-ek ekartzen badu, ondo egongo den seinale', gure artean. Aurretik, Mursego eibartarrak abestu zuen. Ba pentsa, atzerriko kantaria ikustera joan eta etxeko artistaren ekarpenarekin maitemindu ginen. Hori ere nabarmentzekoa da. Ekimen pribatuko promotoreek ezer gutxi egiten dute bertako eta atzerriko artistak lotzeko. Gaz-temaniak!-ek, atzerriko talde batek sortzen duen jakin-mina aprobetxatuz, bertako proposamen asko bultzatu eta ezagutarazi ditu».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia