EHUren zuzendaritzapean, Veleia «berreskuratu» nahi du Aldundiak
Hitzarmenaren kontra errekurtsoa jarri du Eliseo Gilek, partaideak «alde interesatua» direla argudiatuta
Anakoz Amenabar.
GasteizIruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako euskarazko eta kristautasunari buruzko aztarna batzuen ustezko faltsutasunaren afera «amaitutzat» eman nahi du Arabako Aldundiak. Horretarako, etorkizunera begira, aztarnategia zuzenduko duen planaren lehen gakoak aurkeztu dituzte Lorena Lopez de Lacalle kultura diputatuak eta Julio Nuñez planaren koordinatzaile eta EHUko Arkeologia saileko buruak.
Veleia «berreskuratzeko» asmoz, joan den indusketa aldia «errotik aldatu» eta lan ildo berria izango dena aurkeztu zuen atzo diputatuak Arabako Biltzar Nagusietan eginiko agerraldian. «Diskurtsoa errotik aldatuko du Veleiak, ondare bikain honen kontrol publiko zuzena izan eta gizartearentzat berreskuratzeko». Lopez de Lacalleren esanetan, 600.000 euroko aurrekontua zuen Veleiak aurreko indusketa aldian eta «kontrol publiko eskasa».
Datozen hamar urteei begira, proposamen teknikoa aurkeztu du EHUko lan taldeak, Julio Nuñez irakaslea buru, hurrengo hilabeteetan Aldundiak aztertu ahal izateko. Indusketa eremua zabaltzearekin batera, kontserbazioa izango du lehentasun. Hala, besteak beste, hurrengo hiru urteetan 17.000 metro koadroko ustiaketa eremua areagotzea eta eraikinen murruak babestea dute helburu. «Higaduragatik oso kaltetuta daude etxeetako murruak, eta esku hartzen ez badugu arazoak izan daitezke». Aztarnategi inguruko ibilbide naturala prestatzea eta Bibat museoarekin harremana sendotzea dira, halaber, etorkizunerako asmoak. «Ondarea osorik erakustea da helburua, hiribildutik harago». Astorga (Espainia) eta Bordele (Frantzia) arteko bide erromatarraren zatia ere berreskuratu nahi dute.
Aldundiak proposamena aztertu eta kronograma ezarriko du ondoren, betiere gainontzeko erakundeen babesa jaso ondoren.
Errekurtsoa
Aurreko indusketak zuzendu zituen Lurmen enpresa, bestalde, EHUrekin egindako hitzarmenaren kontra agertu da, eta errekurtsoa aurkeztu du aste honen hasieran Gasteizko epaitegian. Etorkizunean aztarnategian lanean arituko den taldeak «alde interesatuaren peritu eta lekuko lanak» egin dituela argudiatu du, eta ikerketaren bidea «nahierara» alda lezakeela uste du. Errekurtsoaren bitartez, grafitoak kontrol judizialik gabe EHUk edukitzea saihestu nahi du Lurmenek.
EHUko lan taldearekin hitzarmena egitearen kontrako kritika horiei erantzunez, «hitzarmen egokia» dela adierazi zuen Lopez de Lacallek. «Ez dira gauzak nahastu behar. Gogoratu behar dut aholkularitza taldean zeuden partaideekin Eliseo Gil bera konforme zegoela. Orain Nuñez lan taldean izatea normala da». Kultura diputatuaren arabera, EHU lan talde berrian egotea «beharrezkoa» da, beste unibertsitate batzuetako adituak egongo diren moduan. «Normala ez dena kontrakoa da, hainbat urtez esku pribatuetan egotea, dirutza tartean, eta ia kontrol publikorik gabe».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
