Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:55

KULTURA;2009-12-29;«Ez zait interesatzen birtuosoa izatea, baina banaizela uste dut». Gelditu gabe dabil. Gaur, Elirale dantza konpainiaren 'Otto' obraren saioa, bihar Atom Rhumba taldearekin entsegua, etzi On Benitorekin grabazioa... eta gainera, 'Euria ari du' atera berri du. Joseba Irazoki. Kantari eta gitarrista

Joseba Irazoki.

Kantari eta gitarrista

Gelditu gabe dabil. Gaur, Elirale dantza konpainiaren 'Otto' obraren saioa, bihar Atom Rhumba taldearekin entsegua, etzi On Benitorekin grabazioa... eta gainera, 'Euria ari du' atera berri du.

«Ez zait interesatzen birtuosoa izatea, baina banaizela uste dut»

Jon Eskisabel.

Bera

Euria ari du Beran (Nafarroa), ostiral goiz honetan. «Jendea laster doa aterpearen bila. Eta ni ez naiz bustitzen, babes bat badaukatelako, euria maitatzearen babesa alegia», abesten du Joseba Irazokik bere disko berriari, Euria ari du (Moonpalace), izenburua ematen dion kantuan. «Hagitz letra polita eta maitagarria da. Baikortasun apur bat du. Diskoaren izenburuan, berriz, metaforarekin jokatu dut, herri honetan eta mundu osoan aspaldi baita zaparrada botatzen ari dela». Hortik azaleko hodei beltza.

Beasaingo (Gipuzkoa) zigilu txikiarekin kaleratzen duen bigarren lana da, Brian Michael-Roff estatubatuarrarekin partekatutako Folk me, laztana haren ondoren, eta Moonpalaceren lan guztiek bezala, eskuz egindako diseinu ederra dakar. Felix Buffekin (bateria; Willis Drummond-eko kidea) grabatutako diskoan, Irazokik orain arte Do izeneko proiektuan zein bere izenez sinatutakoetan jorratu dituen bideak biltzen dira: folk akustikoa gehienbat, rock apur bat eta 12 hariko gitarrarekin sorturiko mantra instrumentalak.

Ikasturte honetan gitarra eskolak emateari utzi, eta musika jotzetik bizitzeko apustua egin du Irazokik. Oraingoz ez du aspertzeko betarik. Gitarra jotzen du Pantxika Telleriaren Elirale dantza konpainiaren Otto obran, abuztutik Atom Rhumba taldearekin ari da entseatzen, eta laster hasiko dira kontzertuak ematen, eta urte berriarekin batera On Benitoren beste disko bat kaleratuko du.

Orain arte jorratu dituzun ildo guztiak jaso dituzu Elurra ari du-n. Gero eta zailagoa egiten zaizu bereiztea?

Bai, hala da. Ez da kontzienteki egindako zerbait izan. Kantuen artean gustukoenak aukeratu nituen eta kito. Instrumental batzuk ere sartu nahi nituen, gustatzen zaizkidalako alde bakar batetik jotzen ez duten diskoak. Geroago konturatu naiz orain arte egin dudanaren batuketa bat dela diskoa.

Finean folk disko bat da, zenbaitetan antzinako musikaren oihartzuna dakarrena. Esaterako, Yemengo atuna, Bashorentzat edota Nonahi kantuetan.

Baliteke... Egia da aurreko diskoak amerikarragoak zirela, eta hau puskaz europarragoa edo ingelesagoa da neurri batean. Azkenaldian Espers eta horrelako taldeak asko entzun ditut, eta sumatzen da folk zaharraren ukitu hori. Saiatu naiz mantrak egiten... Tira, duela gutxi hasi naiz musika barrokoa entzuten, eta bada hor gustatzen zaidan zerbait: instrumentuak, jotzeko modua...

Beste eragin nagusi bat, Belardianekin grabatu zenuen Pobre gara diskoan bezala, kantu tradizionala da.

Ez dut gehiegi entzuten. Bedaxagarren azken diskoa erosi dut, Zuberoako kantuak entzuten ditut, Laboa... baina zuk diozuna hizkuntzarengatik izan daiteke, melodikoki baino gehiago.

Pobre gara disko politikoa zen, eta lan berria irekitzen duen kantuak, Batzuek ixo-k, ildo beretik jotzen du.

Mikel Tabernak eta biok pentsamolde antzekoa dugu. Lehengusuak gara, baina adin tarte handia dago bion artean, eta gero eta hobeto ezagutzen nau. Kantu honek hagitz ongi laburbiltzen du hemen gertatzen ari dena.

Beldurrik gabe da beste kantu baten izenburua. Ezeri badiozu beldurrik musikari gisa?

Ez diot beldurrik ezeri. Probatzea gustatzen zait, eta, nahi dudan horretara ailegatzen ez banaiz, landu eta erronka gisa hartzen dut. Nahiko burugogorra naiz.

Zer deritzozu birtuosismoari? Zeure burua birtuosotzat jotzen duzu?

Ez zait birtuosismoa interesatzen, baina uste dut banaizela [barre egin du]. Gaztetan oso modu birtuosoan jotzen nuen gitarra, oso heavy zalea nintzen, baina Xabier Montoiarekin hasi nintzenean aldaketa bat gertatu zen. Alderantzizko bidaia egin behar izan nuen, zikin jotzen ikasi behar izan nuen kasik, zarata ateratzen... Ikasitakoa desikasten. Zaila egin zitzaidan baina lortu nuen. Orain teknika ikasteko gogoa daukat berriz; baina, kontuz, birtuosismoan erori gabe. Birtuosismoak lagundu ahal dizu zikin jotzen, eta teknikaren arlo guztiak menperatzen badituzu jotzen ahal duzu era batera edo bestera. Musikariok arrisku hori hartzen dugu: erakutsi nahi izaten dugu dakiguna, eta beti ez da musikaren mesederako izaten. Wilco taldeko Neils Clinek nola jotzen duen asko gustatzen zait, esaterako, baina muga-mugan dago.

Moonpalacek diskoa kaleratu zuen egun berean, Internetetik doan jaisteko moduan jarri zenuen. Zergatik ez duzu itxaron harrera ikusi arte?

Diskoaren 100 ale baino ez direlako egin jarri nuen. 500 izan balira ez nukeen horren azkar jarriko. Pentsatzen dut 100 aleak nahiko erraz salduko direla, eta, diseinuak lan handia eskatzen duenez, zaila izango da gehiago argitaratzea. Agian kontzertuetarako egingo dugu argitalpen estandarrago bat, eta merkeagoa. Gaur egun musikariok ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dugu, eta Internet da horretarako biderik azkarrena. Gure sosak kontzertuetan ateratzen ditugu.

Pieza instrumental bat Josetxo Anituari eskaini diozu.

Kantu hori bukatzen ari nintzen egunetan hil zen Josetxo Anitua. Azkenaldian harremana izan genuen Arto artian katalogoaren bitartez. Ez nuen gehiegi ezagutu, baina pertsona maitagarri baten itxura hartu nion. Omenaldi polita izan zitekeela pentsatu nuen.

Ez da omenaldi bakarra. Beste bat Robbie Bashori eskaini diozu.

Kanta hori aspaldi egin nuen. AEBetako gitarrista batzuen bildumarako eskatu zidaten, eta ilusio handia egin zidan, benetan munstroak diren gitarristak baitaude bertan. Important Records zigiluak kaleratuko du 2010ean, eta nirea edizio digitalean aterako da.

Laudorioak entzun ziren Pobre gara- diskoari buruz. Harrerak asebete zintuen?

Izan duen harrerarekin kontent nago, baina diskoarekin ez horrenbeste. Soinu rockeroa du, eta sentiarazi dit hori ez dela nire ahotsarentzat musikarik egokiena. Horregatik, doinu lasaiagoetara itzuli naiz, nire ahotsa hobeto dabil hor. Hagitz pozikago nago disko honekin.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia