Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:55

KULTURA;2009-12-12;Euskaldunen aztarnari usnaka. Ameriketara atzerriratutakoen inguruan idatzi du Asun Garikanok 'Far Westeko Euskal Herria'

Euskaldunen aztarnari usnaka

Ameriketara atzerriratutakoen inguruan idatzi du Asun Garikanok 'Far Westeko Euskal Herria'

Ainara Rodriguez.

Donostia

Eulalia Ugaldek, Neguriko jauregi batean neskame aritu ondoren, Angiozar jaioterria (Bergara) gibelean utzi eta Idahora egin zuen, anaiaren albora. Euskal Herriko bizitza gustuko ez, eta Idahoko mendi aldean eraikitako etxalde batera ezkondu zen, ehiztari finaren lanak jorratzera. Ugalde bezala Ameriketara atzerriratutako emakume eta gizonen bizipenak jaso ditu Asun Garikanok Far Westeko Euskal Herria liburuan (Pamiela). Istorio antologikoa osatu du, narrazio moduan idatzirik eta «bertakoen testigantzetan oinarrituz». Garikanoren arabera, emigranteek eurek hitz egiten dutenez, modu partikularrean ageri da emigrazioa liburuan; baina baita modu unibertsalean ere, «ilegalek hitz egiten dutelako, paperik gabeko euskaldunek, deportatuek». Euskaldun horien bizipenen baitan txertatu ditu Garikanok kultura, ohitura eta hizkuntzarekin izandako talkak, «zer izan den euskaldun batentzat arlote sentitzea, barregarri. Integrazio prozesutik asimilaziorako tarteaz hitz egiten da, azken finean».

Dokumentazio lan mardula

Lan horren atzean, dokumentazio lan handia egin du idazleak. Ameriketara joanik, hainbat iturri baliatu ditu informazioa biltzeko, bistakoenetatik hasi eta ezkutuenetaraino. Liburuen lerroetan murgildurik eman ditu orduak, artxiboetan arakatuz, garai hartako prentsa irakurriz... Californiako Eskual Herria euskara hutsezko aldizkaria iturri garrantzitsu izan du, besteak beste. «Aldizkari horrek erakusten du zein garrantzitsua zen euskal komunitatea garai haietan, zenbat indar zuen». Baina guztia ez da erraza izan informazioa biltzerakoan. «Gizonezkoen inguruan asko dago idatzia; emakumeen inguruan, berriz, zailtasunak izan ditut informazioa biltzeko, nahiz eta zer edo zer lortu dudan».

Halaber, beharrezko lanabesak eskuratuta eta Euskal Herrira itzulirik, horiek antolatzea izan zuen eginkizun idazleak. Hautatutako testuak modu kronologikoan antolatu ditu. «Zehatza izan nahi nuen nire lanean. Liburuan sartutako argazkiak, mapak, dokumentuak narrazioan jazotzen diren gertaeren garai berekoak biltzen saiatu naiz».

Azken emaitza eskuetan, hainbat inpresio eragin dizkiola aitortu du idazleak. «Gure herriko historia uste baino zabalagoa da. Uste dut, gainera, Far Westeko historia osatzen lagundu duela lan honek». Ameriketan euskal jatorria dutenak asko direla eta, ez du baztertzen liburua ingelesera itzultzea. «Bertakoei asko gustatuko litzaieke liburu hau irakurtzea».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia