2009-12-04
Maitasunaren oinarriak
Bertsolaritzaren eta raparen arteko uztarketa egin du Xabier Silveirak 'M`C Txirrita' lanean
Ainara Rodriguez.
DonostiaXX. mendeko bertsolari handiek lozorrotik burua altxatuko balute, ahozkotasunak garatu dituen teknika guztiek zur eta lur utziko lituzkete. Bertsolaritza eta rapa sortzez urrunekoak izanik, egituran nahiz izaeran antzekotasunak ere badituzten bi mundu horiek uztartzeko burutazioa izan du Xabier Silveirak, eta dokumental gisara aurkeztu du gogoeta horren emaitza: M'C Txirrita, Bertsoaren eta Raparen maitasun istorioa. «Bertsolaritzak geroz eta sona handiagoa du gaur egun. Hip hoparekin antzeko zerbait gertatzen ari da: leku ilunetatik irten eta mundura zabaltzen hasi da», dio Silveirak. Mugimendu handia sortu da bi alor horietan azken bi urteetan, eta horren berri jaso nahi izan du Silveirak lan berrian. «Batzuek etorkizunari begirako hazia balitz bezala ikusten dute mugimendua; beste batzuek, berriz, denborarekin igaroko den moda gisa».
Edonola ere, hain urrun eta hain hurbil diren bertsolaritza eta raparen artean zubiak eraikitzeko sortu du Silveirak lanaren gidoia; Jon Ansa izan du zuzendari eta errealizazio lanetan lagun. Bertsolaritzari errepasoa egiten dio, bertsolari ezagun bezain entzutetsuak ageri direla: Sebastian Lizaso, Txirrita, Jon Maia, Igor Elortza, Manuel Lasarte, Andoni Egaña, Lazkao Txiki... Haien ondoan, apurka hip hopa euskaraz lantzen hasi diren artistak agertzen dira: Haritz Sound System, Eneko Maisha, Invert, Rufoh, Endika Lahaine, Ekaitz Astiz... Bertsoak beharrezkoa duen metrika eta doinua eta raparen oinarrien melodia, biak bat.
Bi munduak gerturatzeaz gain, Euskal Herriko gazteei hitzarekin jolasteko moduak erakustea jarri du bertsolariak helburu gisa. «Ez diezaiela baskismoak bertsolaritza inposatu, ezta modernismoak hip hopa ere. Aukera dezatela eurek nahiago dutena». DVDtik haratago, proiektu osoa da Silveirak osatu duena; emanaldiak egin eta prestatu duten material didaktikoa zabaltzeko asmoa dute gazteak biltzen diren guneetan, «hala hezkuntza arautuan, nola bestelakoetan».
Lanku Bertso Zerbitzuakekin kaleratu du Silveirak proiektu berria. Ezagutzera ematea eta zabaltzea du orain eginkizun.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
