2009-11-19
Mintzola, ahozkotasunaren zutabea
Ahozko hizkeraren ikerketak egitea eta bultzatzea du xede Mintzola zentroak, besteak beste
Ainara Rodriguez.
VillabonaBesteen aurrean ondo hitz egitea zenbat kostatzen den jakinik, ideiak ongi lotzea, argudioak ondo antolatzea... Finean, ahozkotasunaren beharrari erantzunez sortu da Mintzola zentroa. Duela urtebete eman zuten fundazioaren izenpetzearen berri, baina orain izan du habitik ateratzeko unea, ahozkotasunaren erreferentzia eta ikerketaren oinarria izateko xedez. Atzo egin zuten aurkezpena zentroaren egoitzan, Villabonako Subijana etxean; fundazioa osatzen duten erakundeen ordezkariak izan ziren bertan.
Mintzolaren eginkizunak ardatz ezberdinak harilkatzen dituela azpimarratu du Josune Zabala Mintzolako zuzendariak. Martxan daraman urtebetean, Xenpelar dokumentazio zentroa zabaltzeko egitasmoa landu dute. Bertsogintzan zentratu dira horretarako; bertan dago ikus-entzunezko zein idatzizko material andana. Haatik, bertsogintzaz haratago, antzerkigintza, ipuin-kontalaritza, kantagintza... ere landu nahi dituzte. «Ahozkotasunean lantzen diren genero guztiak batzera jo behar dugu», dio Zabalak.
Ahozkotasunari loturiko ikerketak bultzatzea izango da bigarren ardatza. Orain arte hainbat azterketa jorratu badituzte ere, horiek bultzatu eta berriak sustatzeko asmoa erakutsi du Mintzolak. «Une honetan behar-beharrezkoa da euskarazko ahozko hizkuntza aztertuko duten ikerketak gauzatzea». Trasmisioaren beharraz ere aritu da Zabala; haren iritziz, ahozkotasunaren elementu garrantzitsuenetariko eta interesgarrienetako bat da. Hori dela eta, Zarautzen eta Lasarte-Orian ahozkotasunaren didaktikaren gaineko ikastaroak ematen hasiak direla azaldu du Mintzolako zuzendariak; alta, Tolosako gazteen ahozko hizkuntza aztertzeko asmoa dutela gaineratu du, horien jarrerak, erabilera gaitasuna eta konpetentziak aztertuko dituztela. «Laborategi antzeko bat bihurtuko dugu Tolosa, gero bertatik ateratako ondorioak beste herrietan baliagarri izateko».
Horretaz guztiaz gain, ahozko irakaskuntza irakasteko metodologia prestatzeko asmoa ere badute, eta harremanak lantzeko xedea ere bai, «auzolanean lan egiteko». Horri loturik, 2010eko urtarriletik aurrera Villabonako Subijana etxean ekitaldi modukoak bultzatuko dituztela espero du Zabalak, «izan daitezke hitzaldiak, edo ikastaroak, edo esperimentazioak, edo jardunaldiak... denetariko elementuak jorratu nahi ditugu».
Erakundeen babesa
2008ko abenduaren 12an hartu zuten elkar, Mintzola Fundazioaren barnean, EHBE Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Villabonako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Hilabete batzuk geroago, baina, bosgarren patronoa gehitu zitzaion aurrez aipatutakoen zerrendari: Kutxa. Ekarpen berri horrekin Mintzola Fundazioa asko indartu dela nabarmendu du Maria Jesus Aranburuk, Kultura eta Euskara foru diputatuak: «Fundazioaren eragin esparrua handitzeko balio izan du, eta erakunde publiko zein pribatuen arteko loturak indartzeko». Fundazioaren lehendakaria ere bada Aranburu.
Eusko Jaurlaritzak ere babestu du proiektua. Mintzola proiektu sendo eta garrantzitsutzat jo du Lurdes Auzmendi Kultura Sailaren ordezkariak: «Erronka nagusietako bat euskaraz hitz egin dezagun lortzea da, museo eta biblioteketan gera ez dadin». Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi du, nazioartean, euskal herritarrak eredu izan direla ahozko kulturan eta komunikazioan. Herritarrekin hitza partekatu nahi duela esan du Olanok, iritziak jakiteko asmoz.
Subijana etxean, Mintzola zentroaz gain, Xenpelar dokumentazio zentroak eta EHBEk ere hartu dute tokia.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
