Ruper Ordorika.
MusikariaAurrera egiteko atzera begiratzeko ahalegina, denboraren joanari buruzko gogoetak, belaunaldi baten aitortza... eta atmosfera leunez ehundutako «oso disko musikala» da 'Haizea garizumakoa', Ruper Ordorikaren lan berria.
«Aldatzea ez da beti derrigorrezko; egokitzea, akaso»
Gorka Erostarbe.
OñatiDozena osatu du dagoeneko. Bildumak eta Hiru Trukurekin kaleraturikoak albo batera utzita, hamabigarren diskoa du Haizea garizumakoa (Elkar). Eta hamabi kantuz osatua da, gainera. Modu akustikoan eta Jon Piris kontrabaxu jotzailearen laguntza soilaz landutako Memoriaren mapak (2006) eta Hamar t'erdietan (2008) zuzenekoaren ondotik, aspaldiko lagun duen toki batean (Brooklyn, New York), eta aspaldiko musikari lagunekin - Ben Monder (gitarrak), Skuli Sverrisson (baxua) eta Kenny Wollesen (bateria eta perkusioa)- osatu du lan berria. Diskoaren grabazioa «ikasbide bat» izan dela dio Ruper Ordorikak (Oñati, 1956). Musikaren etorkizunarekiko kezka ageri du, baina, kantari gisa duen «eginkizunean» inoiz baino seguruago dirudi. Ikasbide bat da berekin musikaz eta beste edozertaz solastatzea ere.
Kantu berrietan zuk zeuk darabiltzazun bi hitz erabil daitezke diskoaren izaera definitzeko: goxua eta sosegua. Goxotasun eta sosegu beharrean zinen artistikoki?
[Asko pentsatu ondoren] Ez. Disko hau asko oinarritzen da norbere soka luzatzen uztearekin. Badu, adibidez, sosegutik, nola grabatu dudan... Oso hurbilekoa egiten da, bitarteko gutxi-gutxi erabili ditudalako. Iruditzen zait oso hor nagoela. Disko guztietan banago, baina honetan bereziki.
Eta hurbiltasun horrek ez al dio ematen goxotasunik?
Bai, bai, ez nuke esango ezetz, baina esan nahi dudana da ez zela nire helburua izan, baizik eta den bezala grabatzea..
Kantu soilak baino gehiago, atmosfera bat dutenak dira lan berriko gehienak, entzunaldi bat baino gehiago eskatzen dutenak...
Bai, baliteke. Fernandoren egia dirudi, baina oso disko musikala da eta deskribatzeko zaila. Izugarrizko saioak egin genituen. Grabatzen hasi baino bi hilabete lehenago ez nekien nola egingo nuen diskoa teknikoki. Kantuak eginak nituen; kantu sendoak ziren, baina ez nuen garbi entzuten.
Eta noiz entzun zenituen garbi?
Beno, nik kantuak osorik nituen, baina ez nekien seguru nondik jo. AEBetako lagun horiek buruan nituen, baina ez nekien haiengana jo ala ez, batetik arrazoi prosaikoengatik, aurrekontuengatik. Baina sasoi hartan han topatu nituen hirurak (Ben Monder, Kenny Wollesen eta Skuli Sverrisson). Eurek asko animatu ninduten, eta pentsatu nuen egokiera ona zela haiekin grabatzeko. Han zaude mundu ezezagun batean zure kasara, eta sortzen da zorabio moduko bat oso onuragarria dena.
Nolakoak izan ziren grabazio saioak?
Oso estudio zahar batean, teknologi analogiko zahar batekin, eta bi egunetako saioetan egin genuen. Eta urrezko musikari batzuekin. Berehala laketu nintzen. Elkartu eta berehala ikusi nuen hor zegoela diskoa, Hori sanjoanak aldera-edo izango zen. Kantu pare bat ere grabatu nituen bakarrik, han bertan, ahots eta gitarrarekin. Uda guztia izan dut pentsatzeko zer sartu eta zer ez. Hona etorri eta Fredi Pelaez gonbidatu nuen teklatuetan, eta nire mugalariek ahotsa sartu eta denbora eduki dut pentsatzeko zer sartu eta zer ez.
Elkarrekin eta aldi berean jotzen grabatu zenuten?
Bai, azken disko guztiak horrela grabatu izan ditut. Saiatu nintzen ahalik eta zuzenketa gutxien egiten. Dagoeneko ez ditut maite termino horiek: zuzenketak, konponketak... zentzu musikalean, baina jakina, horretarako behar duzu horrelako talentu izugarria duten musikariak. Bosgarren edo seigarren diskoa dute nirekin.
Musikari horiek gabe egin zitekeen disko hau?
Bai, bai, disko batek izan ditzake milaka aldaera. Nik bide hau hartu nuen. Niretzako mintzo da, eta zorabio horren ostean konturatzen naiz jauzi bat eman dudala eta hori niretzat oso onuragarria da beti ematen dizulako gogoa hurrengo baterako. Uste dut nire kantuak oso pozik daudela musikari horiekin, laketzen direla beraiekin.
Entzunaldi bat baino o gehiago behar dutenak akaso, baina betiko Ruper Ordorika oso identifikagarri ageri da. Akaso baten batek aldaketa gehiago ere nahiko zukeen...
Ez naiz kezkatzen gauza horiekin. Oso disko desberdina dela uste dut. Baina ez dakit hori balore bat den. Desberdina zerekin? Ezinezkoa da hona ailegatzea aurrekoak egin gabe. Disko honetan dagoena oso destilatua dagoela uste dut. Ezin nezakeen disko hau egin beste guztiak egin gabe. Ausardia handia dago bere horretan. Aldaketena-eta askotan prentsaren gauzak dira. Zuk benetan maite dituzun kantariak eta musikariak ez duzu nahi derrigorrez alda daitezen. Disko berriak aurreko askoren oihartzuna dakar, baina, aldi berean, beste nonbait dago. Ez ditut inoiz egin horrelako erritmoak eta horrelako gardentasunez ez dut inoiz grabatu.
Haizea garizumakoa izenekoan diozu, «...hemen okerreko belaunaldikook, ezertan asmatu ez dugunok, norbere lotsaz ardura dadila, gu geureaz arduratzen bezala». Huts egindako belaunaldia zarete?
Gure belaunaldiaren inguruko gogoeta bat badago, eta hutsak egingo ziren, baina jende asko datorkit burura batez ere generosidate handia zuena. Emateko dohaina, eta inolaz ere ez pentsatzea geroak zer dakarren edo ondo kokatzea gizarte honetan. Hori ez da izan nire kide askoren ardura inoiz. Gure belaunalditik gauza asko errebindikatuko nituzke, gaur egun ikusten ez ditudanak. Aburuz aldatzea, jarreraz aldatzea, ez dut esango inteligentziaren ondorio denik, baina bai behar izaten dela hausnarketa bat eta abar... baina ez beti. Aldatzea ez da beti derrigorrezko, egokitzea akaso.
Adiskidetasunaren gaia ere hor dago jira-bueltan. Denbora atxikitzea bezain zaila adiskidetasuna atxikitzea?
Bai, hala da. Barrutik ateratakoa ontzen saiatu naiz. Nahi nuke pentsatu horren ondorioz ez dela nitaz mintzo, baizik eta ni bezalako askori buruz, nahi baduzu gure munduari buruz. Esan nahi dudana da, nik nekez egiten ditudala kantuak gai bati buruz. Barrutik gauzak antolatu nahian nabil. Azken bi urtetako kantuak dira eta hau da nire apurra!
Barrua antolatzeko badirudi atzera begira jartzeko tenorean jarri zarela...
Hala nahi nuke, zeren eta ez daukat dohainik horretarako. Izan nahi nuke kapaz aurrera beste modu batera egiteko, baina ahal bezala ibiltzen naiz, ez daukat beharko nukeen ganora. Hori esanda, uste dut, beste alor batzuetan, esaterako literaturan, hasi direla iraganeko urte haietaz hausnarketak ateratzen, nobelagintzan... orain arte ez bezala. Nik ez dut oraindik gaitasunik sentitzen horretarako, baina ez litzateke txarra!
Adiskidetasuna aipatuta ezin ahaztu azken kantua adiskide handi bati eskaini diozula, Mikel Laboari.
Kantu hori ia berez etorri zitzaidan. Oso gutxitan gertatzen da hain bat-batean idaztea. Uste dut musikak dakarren gauzarik handienetakoa hori dela, ia -ia kantatzeraino bultzatu zaituen musikariarekin harreman bat izatea. Ez da soilik esker oneko kantu bat, baizik eta goraipatzeko bere xumetasunean, artista handi bat.
Letrak zureak dira osoki. Geroz eta konfiantza handiago idazterako orduan, geroz eta behar handiagoa zure ni hori agertzeko?
Ez, ez dut uste horrekin harremanik duenik. Nik beste baten testua kantatzeko sentitu behar dut oso oso hurbilekoa, nireak bezainbat gutxienez. Ez dut uste inon kantatuko denik hainbeste poema Euskal Herrian bezainbat. Zer pentsatua ematen du. Konfiantza aipatu duzu eta hortik egon liteke zerbait. Askotan hizkuntzaren egoerak berak badu zerikusirik horretan. Gutariko asko ez da segur hizkuntzarekin. Ez daki ondo esaten ari den, eta beste baten testua hartzen duzunean sentitzen duzu zeure burua justifikaturik.
Baina zu zeu gustura zabiltza zure letrak idazten?
Bai, bai. Askotan esan dut kantua genero bat dela bere horretan. Disko hau egiten asko ikasi dut eta ikasbide horretan dihardut. Behin ere ez zara nahi duzun lekura iristen baina disko bakoitza da urrats bat. Diskoa bukatzean izan dut oso sentipen lasaia. Bere horretan mintzo da diskoa. Nire sentipena da bai letretan bai doinuetan haratago noala eta hobeto ulertzen dudala zer esan nahi dudan, zehatzagoa naiz eta niretzat hori bertute bat da. Eta musikan ere bai. Nire sentsazioa da ari naizela nire iturri denak erreka batera ekartzen, poliki-poliki.
Natur aipamenak sarri erabili dituzu, izenburutik hasita...
Nik uste hori erabiltzen dudala toki komun bat bezala. Ez zehazki erreka, edo ez zehazki haizea... iruditzen zait disko honek baduela lotura tokiekin. Ez dago jakiterik lekuak eta zer eragin duen norbere eginkizunetan baina izan badu; non zauden kantuak egiten dituzunean, nondik nora zabiltzan.
Klasikotasuna darie letrei nahiz kantuei.
Bai? Beno, izan liteke. Ez da hori nire asmoa izan, baina beti betiko gaiak ageri direla egia da.
Haizea garizumakoa izenburuak ere ez al du zerbait klasikotik
Beno, pasadizo batean oinarritua dago. Ertamerikan eta Karibean otsailean harrotzen den haizea da, egunero ordu bata aldera. Ilunkera arte irauten du, eta ontziak joaten dira itsaso aldera lehenago. Nik galdetu nien zergatik deitzen dioten Garizumako haizea eta ez dakite. Beraientzat da uda eta eguraldi ona iragartzen duen haizea. Eta pentsatu nuen bitxia zela, gurean kristau tradizioan ze pisua duen garizumak eta barauak eta... munduko beste bazter batean hitz berak guztiz bestelako zentzua duen.
Lehen entzunaldian arreta eragiten du, hain zuzen ere, izenburuaren balizko konotazio erlijiosoak eta abestian bertan esaten da «jainkoari esker, elkarrekin gara...».
Baina hori ere ez da aipamen erlijiosoa, leku komun bat baizik, mundu guztian erabiltzen den errefrau bat da. Badakit jendeak horrela har dezakeela, baina ez ez... lehen aipatu dugun natura bezala, niretzako da leku komun bat.
Diskoa entzun eta lasaitasun moduko bat sentitzen da, efektu baltsamikoa ote duen...
Ez dakit... Kantuak askotan behar du eta izaten du betebehar hori, jendea goxatzeko, eta berba eguneroko diskurtsotik ateratzeko eta niretzako kantuan aritzea eta musika bera bada osagarria eta baltsamikoa hitza nik neuk ere erabiltzen dut. Gustatu egiten zait pentsatzea zuk esaten didazun hori ba ote den...Niretzako gauza ona da hori. Kantuak ez dira gai baten ingururakoak, baina badira loturik azken bi urte hauetako gorabeherekin eta...
«Kontraesan handi batean bizi gara musikariok»
G.E.
OñatiAlbisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
