Iruña-Veleiako aztarnategiaren kudeaketa EHUri eman diote
Julio Nuñez EHUko Arkeologia saileko irakaslea izango da Arabako aztarnategiaren zuzendari berria
Gorka Erostarbe.
Iruña-Veleian (Araba) aurkitutako grafitoen inguruko eztabaida zientifikoa «agortutzat» eman du Arabako Foru Aldundiak, eta bertako plan zuzendaria egiteko hitzarmena sinatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin.
Hitzarmenaren bidez, Iruñea-Veleiako aztarnategiaren kudeaketa EHUren eskuetan geratuko da datozen hamar urteetan. Julio Nuñez EHUko Arkeologia saileko irakaslea izango da zuzendaritza planaren arduradun nagusia, eta bertako nahiz nazioarteko akademia giroko 20 adituk parte hartuko dute planaren osaketan, Arabako kultura diputatu Lorena Lopez de Lacallek atzo egindako agerpen publikoan azaldu zuenez. Lopez de Lacallerekin batera, Eugenio Ruiz Urrestarazu EHUko ikerkuntzarako errektoreordeak eman zuen sinaturiko hitzarmenaren berri, Arabako Bibat Arkeologia Museoan egindako agerpenean.
Arabako Diputazioak kargutik kendu zuen iaz aztarnategiko aurreko zuzendaria, Eliseo Gil. Zenbait adituk egindako txostenen arabera, 2005 eta 2006an Veleiako aztarnategian aurkitutako zenbait grafito faltsuak zirela egotzi zioten Gili. Ustez faltsuak diren ostraka horiek Gasteizko Arkeologia Museoan daude egun. III., IV. eta V. mendeetako zeramiketan idatzitako grafitoak dira, bere garaian aurkikuntza historikotzat jo zirenak, euskararen agerpena III. mendera aurreraratzen zutelako, besteak beste.
Eliseo Gilek berak beste zenbait adituren 13 txosten aurkeztu zituen iragan astean, grafitoen benetakotasunaren alde, eta Arabako Diputazioari eskatu zion objektuen proba analitikoak egin zitzan afera argitze aldera. De Lacalle Arabako kultura diputatuak analisi horiek ez direla egingo baieztatu zuen atzo, eta bide zientifikoa «agortuta» dagoela ziurtatu zuen: «Orain auzia bide penaletik doa», adierazi zuen. Arabako Diputazioak salaketa jarri zuen Eliseo Gil beraren eta Idoia Filloy aztarnategiko zuzendariorde ohiaren aurka. Auzipetutakoak ez ezik, idazkunen benetakotasunaren aurka hitz egin eta idatzi zuten EHUko adituak ere Arabako auzitegian izan dira azken asteotan.
100.000 euroko aurrekontua
Iruña-Veleiako aztarnategiaren kudeaketarako 100.000 euroko aurrekontua izango du Julio Nuñezek gidaturiko lan taldeak. Zaharberritze eta kontserbazio arkitektonikoa aztertzeko 50.000 euro bideratuko dituzte. Arkeologi azterketa eta analisietarako 25.000 euro bideratuko dituzte. 10.000 euro ingurumen-zaharberritze eta aurkezpen lanetarako erabiliko dituzte, eta 15.000 euro zabalkundeari eta didaktikari eskaintzeko.
Iruña-Veleiako zuzendari plana indusketekin loturiko protokoloetan, zaharberritze eta zabalkunde lanetan, paisajismo eta mantentze lanetan oinarrituko dela aurreratu zuen Lopez de Lacallek. Plangintza berriaren ardatz nagusiak hauek izango dira: aztarnategi erromatarraren «egokitze berehalakoa», landarediaren sastraka kentzea eta kanpoko elementuak kentzea, batez ere espazioan dauden instalazioak; hitzarmena sinatu duten aldeek adierazi dutenez.
Aztarnategiari buruzko datu baseak sortuko dituzte, eta bertako egiturak zaharberritu ahal izateko metodo eta materialak ere erraztuko dituzte, arduradunen hitzetan. EHUko ikerkuntzarako errektoreorde Ruiz Urrestarazuk adierazi zuenez, «ikertzaile onenek» egingo dute lan aztarnategian, eta ikasleek laborategi moduan erabili ahal izango dute praktika lana egiteko.
Eliseo Gilen aurkako salaketak izan arren, haren aldeko jarrera agertu dutenak ere izan dira. Maiatzaz geroztik, idazkunen benetakotasunen aldeko hainbat txosten kaleratu dira. Hector Iglesias filologoak txosten bat plazaratu zuen duela ez asko. Iglesiasek euskararen idazkunen benetakotasunaz jardun zuen bertan. Idoia Filloy zuzendariorde ohiak hiru txosten plazaratu ditu epigrafiaz, ikonografiaz, eta paleografiaz, eta Eliseo Gilek berak txosten arkeologikoa jarri du sarean, veleia.com webgunean.
Duela ez asko Iruña-Veleian aurkitutako grafitoen inguruko auzia argitzeko eskatu du herritar talde batek manifestu baten bidez. 2005ean eta 2006an Arabako aztarnategian agertutako idazkunen faltsutasuna ez dagoela «behar bezala frogatuta» salatu dute.
Juan Martin Elexpuru filologian doktorea izan da grafitoen benetakotasuna aldarrikatzen gehien nabarmendu direnetako bat. Udaberrian ikerketa filologiko bat aurkeztu zuen ostraken benetakotasunaren defentsan. Elexpuruk berak Arabako Diputazioak eta EHUk sinatutako hitzarmena «eskandalua» dela adierazi du Goiena.net blog komunitatean idatzitako testuan. Besteak beste, hau dio: «Eta nor izango da horren arduraduna eta itxura guztien arabera I-Vko zuzendaria? Julio Nuñez Marcen jauna... Nuñezen txostena izan zen Eliseoren taldearen aurka egindakoen artean zakarrena eta kaxkarrena». Aurrerago dio, «jaun honek, beste perla batzuen artean, esaten du 'inposibleak' direla lau hankako mahaiak, marra erdian duten emakume-orrazkerak, arrain-isatseko sirenak... [...] Ba jaun hau izango da I-Vko zuzendaria. Lehenengo aurkaria txikitu eta gero haren herentzia bereganatu».
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
