Claudiu Komartin - Poeta
Bere jatorriarekiko ardura gainean duela, Errumania bere iraganaren katetik askatzeko eta egungo munduari erantzuteko egiten du poesia errumaniar literaturako gazte talentudun honek.
«Komunismoaren ondotik, hizkuntza berri bat ari gara sortzen»
Ainhoa Oiartzabal.
DonostiaClaudiu Komartinek (Bukarest, 1983) ibilbide oparoa egin du oso denbora gutxian. Papusarul si alte insomnii (Titiriteroa eta beste insomnio batzuk) 2003ko poesia lanarekin Mihai Eminescu Errumaniako opera prima sari nazionala eta literatura debut onenaren Promethevs saria irabazi zituen. Bi urte geroago, Akademia Errumaniarraren poesia saria eskuratu zuen Circul domestic (Zirkua) lanarekin. Un anotimp in Berceni (Geltoki bat Bercenin) poesia liburua labetik atera berritan etorri da bere herriko kultur mugimendu garaikidearen berri ematera. Bihar, Literaktum jardunaldien barruan, Donostiako Benartegi baserrian izango da Aritz Gorrotxategi eta Olvido Garcia Valdes idazleekin. Literaturaz ariko da, eta egungo gizartearen beste hainbat kezkaz.
Sari garrantzitsuak irabazi dituzu zure ibilbide laburrean. Nola daramazu Errumaniako egungo kulturaren ordezkari izatearen ardura?
Oso erlatiboa da hori. Egia da nire egoeran dagoen edonor saiatzen dela Errumaniaren eta haren kulturaren berri ematen. Saiatzen gara ordezkari izaten, baina, lehenik eta behin, geure buruaren ordezkari gara. Baina, noski, nirekin daramat errumaniar izatea. Ni nire garaiaren eta egoera soziologiko, kultural eta historiko jakin baten emaitza naiz.
Baina ardura ote dugun galdetuta, lehenik eta behin arduradun izatea zer den definitu beharko genuke. Zer ardura motaz ari gara hizketan? Pisu baten gisa daramagun horretaz? Dena dela, ukaezina da ordezkari bagarela.
Zer nabarmenduko zenuke Errumaniako gaur egungo kulturaz?
Azken 10-12 urteetan oso gauza interesgarriak eta oso indartsuak gertatu dira. Errumania zahar eta komunistaren ondotik, gaur egungo Errumaniako artista gazteak hizkuntza berri bat ari gara sortzen.
Zineman nahiz literaturan, 30 urtez azpiko artistok geure burua adierazteko hizkuntza berri bat ari gara garatzen, eta Europan integratzeko ahaleginean ari gara. Esaterako, Corneliu Porumboiuren filmetan ikus daiteke hori.
Errumania zaharra eta Errumania berria aipatu dituzu. Hain zuzen, zure belaunaldiak aurreko belaunaldiarekin hausteko eginbeharra duela aldarrikatzen duzu.
Nire belaunaldiak iraganarekin hautsi behar du, eta zer edo zer berria eskaini. Sozialki, garatu egin behar dugu. Gure aurreko artista asko artea arteagatik egiten saiatzen ziren. Uko egiten zioten beraien eguneroko bizimodua azaltzeari.
Baina 1999tik aurrera artistak hasi ziren beraien bizitzari, kezkei eta traumei testuinguru sozialean bide ematen. Eta kritikatzen. Honek ez du esan nahi artista horiek arte soziala delakoa egiten hasi zirenik, ez da beharrezkoa. Baina beraien lanek ezaugarri sozial indartsua dute.
Hori da zure bidea egungo egoerari erantzuten ahalegintzeko? Testuinguruan kokatzea zure poesia eta zure belaunaldiko artisten lana?
Bai. Gure gaur egungo mundua oso azkar ari da aldatzen, gainera.
«Egoera sozial diferentea bizi dute egungo artistek, eta egoera berri horri erantzun behar diote». Horia Barna Espainiako Kultura Errumaniarraren Institutuko zuzendariak hartu du hitza elkarrizketan. Komartinekin batera hartu du parte Literaktum jardunaldietan. Harro dago bere herrikide gazteek artearen munduan ekin dioten bideaz, eta munduko kultura garaikideari ekarpen garrantzitsuak egingo dizkiotela ziur da.
Gure belaunaldiak haurtzaroa eta nerabezaroa trantsizio aldi batean bizi izan zuen [Errumaniako erregimen komunista 1989an bukatu zen]. Eta horrek eragin zuzena du guk orain egiten dugun lanean. Artista eta idazle askok jotzen dute euren bizitzako garai horietara. Hainbat gai errepikatzen dituzte behin eta berriz euren lanetan, gure herriaren historiatik datozenak.
Adibidez?
4 months, 3 weeks and 2 days ikusi baduzu [ Cristian Mungiuren filma, 2007an Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen] , han ageri dira batzuk. Giro totalitario, itogarri hori, adibidez. Eta jendearen gizatasun gabezia hori.
Gure belaunaldiak historikoki garrantzi eta indar handia izan zuen une historiko bat oso modu subjektiboan kontatzen du. Ez ikuspegi historiko arruntaren bitartez.
«Garai haiei buruz ez dute kontakizun ikusgarri bat egin nahi», iritzi dio Barnak. «Benetan artistikoki kontatu ezean, ez baitu ezer balio historia ilustratzeak». Bat dator Komartin: «Patetikoa izango litzateke hori».
Erreferentzia zinematografikoak aipatu dituzu. Azken urteotan saritu diren lan interesgarriak egin dira Errumanian, eta hori, industria txikia izanda.
Errumanian ezin da zinema industriaz hitz egin. Urte ona denean hogeiren bat film egiten baitira gehienez. Oso aurrekontu txikiarekin egiten dira, baina, hala ere, arrakasta dute.
Europako zinemaren apustua hori da. Jakina da AEBetako zinema industriaren aurrekontua ezin dugula eduki. Errusia saiatu zen produkzio handiak egiten, baina ez zuen aurrera egin.
Sortzaile gazteen lanetan ageri den giro itogarria aipatu duzu. Bide horretan, zure poesia gogorra da, iluna, mingarria ere bai.
Bai, batzuk bai. Munduan bezala, tentsio handia dago pilatuta. Nik nahiago nuke poesia argitsuagoa idatzi, umore onekoa, baina ez da erraza. Etengabe nirekin daramatzat nire oroimena eta hondamendian dagoen mundua. Idazten dudan aldi oro jarraitu egin naute.
Interneten (www.clubliterar.com) paratzen dituzu zure poemak, eta irakurleek gomendioak egin dizkizute. Sarea da poeta gazteen plaza berria?
Poetarentzat zaila da bere poesia esplikatzea. Egin dezaket, baina irrigarri sentitzen naiz. Irakurleei dagokienez, oso erreakzio diferenteak jaso ditut haiengatik. Polonieraz, suedieraz, albanieraz, serbieraz, frantsesez... daude nire poemak, eta oso harrera diferentea izaten dute herrialdearen arabera. Suediarrak, adibidez, oso hotzak dira, dokumentu bat bezala irakurtzen dute poesia. Serbian beroagoa da erreakzioa, besteak beste, antzeko esperientziak partekatu ditugulako. Segituan harrapatzen dute zeri buruz ari naizen hizketan. Frantsesek oso bestela irakurtzen naute; distantzia handia dago nire eta haien artean. Nekaturik daude; haien ustez, dena bukatua dago, ez da posible ezer berririk egitea. Frantziako intelektualek jarrera hori dute. Nik uste dut arazo ideologikoa dela; ezker intelektualak eta sozialismoak han ez dute guk Errumanian eduki dugun esperientzia izan.
Zer ikasten duzu irakurleek egiten dizkizuten gomendioetatik?
Nik neure buruarekin edukitzen ditut eztabaidak. Pertsonala da prozesu hori, eta mingarria. Oraindik orbaindu gabe dagoen zauri batean hatza sartzea bezala da.
Poesiari ez ezik, antzerkiari ere heldu diozu. Arte bisualek egun duten garrantziagatik?
Esango nuke nire poesia ez dagoela antzerkiaren espresiotik urrun. Era berean, oraindik ez naiz gai poesiaren bidez nahi dudan guztia adierazteko. Horregatik, antzerkiaren bidetik diskurtso berri bat eraikitzen saiatzen ari naiz. Bidea egiten ari naiz oraindik.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
