Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:07

kultura;2009-05-23;Agian hemen, bluesaren herrian. Berri Txarrak taldeak disko berria, seigarrena, grabatu zuen joan den apirilean, Chicagon (AEB). Lana irailean argitaratuko da. Steve Albini rock soinu ekoizlearekin Electrical Audio estudioan egindako grabaketa prozesua barrutik bizi izan du Gorka Urbizu abeslariak.

Agian hemen, bluesaren herrian

Berri Txarrak taldeak disko berria, seigarrena, grabatu zuen joan den apirilean, Chicagon (AEB). Lana irailean argitaratuko da. Steve Albini rock soinu ekoizlearekin Electrical Audio estudioan egindako grabaketa prozesua barrutik bizi izan du Gorka Urbizu abeslariak.

Gorka Urbizu.

Jaio.Musika.Hil (Gor, 2005) irakurtzen ahal da gure MySpaceko diskografian. Zenbakiek ez dakite gezurretan; hortaz, kontuak argiak dira: lau urte pasatu dira Erasoko Mattikonezaharra baserrian disko beltz hura grabatzera sartu ginenetik, Marino Goñi eta bizilagunen lasaitasuna pitzatzen genuela. Lau urtean gauza asko alda daiteke, galdetu bestela EAEko buru berriari: trantsizio oso bat amaitu daiteke, esaterako, edo bat-batean libreago izan eta elkar-ulertzea nola loratzen den ikusi... Halako gauzak. Geu ere ez gara libratzen denboraren uztarritik, noski, eta MySpaceko argazkiari begiratzean erraz suma daiteke: Rubio ez da jada irudian agertzen eta EAEtar bat dugu taldekide: David. Bestela, ezer askorik ez: bizar sarriagoa daukagula agian, eta furgonetak margotzen dituen begi zulo horiek. Lau urtean, baina, badira bere horretan dirauten hainbat gauza. Bira neketsu baten ostean irrikan geunden berriro ingurukoari musikaren bidez erantzuteko. Hori aldatzen ez den bitartean, gure MySpacek zutik iraungo du, beste lau urtez gutxienez.

Aitorrek eta biok 2008ko irail osoa eman genuen Lekunberriko lokal ospelean, etxetik eramandako ideiei forma ematen hasteko. Seigarren diskoa helburu, Meg eta Jack Whiteren kontura irri egiten genuen, bateria ezdeusa eta 15 watt-eko konboa ikusita. «Hurrengo diskoa lo-fi izango da, hurrengo diskoa lo-fi izango da!!!», nerabeak ematen genuen. Gerora kantuek beste eremu batzuetara eraman gintuzten, baina esango nuke ez ginela gehiegi aldendu hasierako protoideia horretatik. Zazpi hilabete geroago Chicagora bidean geunden, bila genbiltzan antisoinua han topatuko genuela amestuz: «Agian hemen, bluesaren herrian, agian hemen, bluesaren herrian, bluesaren herrian, agian hemen... bluesaren herrian».

'Ordun inork ezin izan zula aukerau'

- «Zergatik Albini?»

Urteek erakutsi didate disko bat kaleratzea ez dela bakarrik hamaika bat kantu ondu eta grabatzea. Hala baledi!!! Ez, egindakoa azaldu egin behar izaten da gero, eta aurretik zerbait pentsatua izateak xarma dosi txiki bat kenduko dio agian, baina gauzak asko errazten ditu. Rock-and-rollaren beste fartsa txiki horietakoa izango da ziurrenik. Haurrak zerbait txarra egin eta gurasoek zergatia galdetzen diotenean bezalaxe, neuk ere «zergatik bai!!» erantzun nahiko nuke, erdarakada eta guzti, baina hori ez da serioa. Horregatik nabil orain justifikazio ofizial hori eraiki nahian. Zeren eta gu Albinizaleak bai, baina Albiniren groupie-ak ez gara sekula izan, gauzak diren bezala. Berak egindakoak asko gustatzen zitzaizkigun, halere: soinu gordina, bateria lodiak eta irratietan etengabe entzuten den soinu estandar horretatik aldentzeko ahalegina -beste estandar «independente» baten xerka, nahi bada-. Hori dena gehi In Utero, nahikoa zen guretzat. Baina esan nahi dudana da ukitu genituela beste soinu era batzuk ere; alegia, ekoizleen zerrendako beste bat izan zela Steve Albini. Ez gara damutzen.

'Orkestra zuzentzen'

Electrical Audio du izena Albinik zuzentzen duen estudioak. West Belmont inguruan kokatua, atariko E handia ikusi arte (horixe da estudioen logoa) ezin esan kanpotik estudio itxura handia daukanik. Burdinazko atetzarra iraganda, ordea, panorama guztiz da ezberdina. Eskuinera eginda estudio nagusira heltzen zara. Kontrol aretoa dago lehendabizi, eta apur bat haratago beste hiru gela: Alcatraz deiturikoa -guztiz isolatua dagoelako-, bateriak grabatzeko bestea, kristalezko atez hesitua, eta gela nagusia bukatzeko. Anplifikagailuak nonahi, gitarrak, pianoak eta denetarik topa daiteke han.

Kontrol aretoan hartuko omen gaitu Steve Albinik, bihar. Gaur trepetak goiko estaiara igo, eta inguruak miatzeko gaude hemen. Estudioko mikrofoniaren eta gailuen aldeko grina bertsuaz mintza gintezke Electrical Audioko logelen aurka. Inork ez dezala Ritz-en pareko oherik espero. Hemengoek gehiago daukate lastairatik, benetan. Hori bai, Shellac-en horma irudiz inguraturiko lastairak dira, eta, zer arraio, ez gara lotara etorri! Lagun batek The Gaslight Anthem ikusteko sarrerak lortu dizkigu, eta batzuk hara goaz, grabaketaren aurretik hiria apur bat ikustera.

Electrical Audioko webguneak dakarren dekalogoa irakurri duenak ondo ezagutzen du azkeneko esaldia, hizki larriz datorrena: DO NOT SEND DEMOS. Maketarik ez bidaltzeko, alegia. Hori dela eta, ezinbestekoa da grabatzen jarri aurretik lortu nahi den soinuaz apur bat aritzea. Halaxe egiten du Albinik talde guztiekin (ikusia genuen hainbat YouTuben). Aurkezpenen ondotik, beraz, koaderno bat luzatu digu, kantu bakoitzaren berezitasunak idatz ditzagun. Bestalde, bagenekien estreinakoz denok batera grabatuko genuena, baina 16 pista ala 24 nahi ote ditugun galdetu digunean denok Txap-i begira jarri gara, zer erantzun ez dakigula. Txap, aka Karlos Osinaga, gurekin etorri da, konfiantzako teknikari bat alboan izatea ideia ona izango zelakoan. Bete-betean asmatu, gainera (eskerrik asko, co!). Antza, geroz eta pista gutxiago erabili, orduan eta soinu goxoagoa, zintzoagoa lortzen da. Afera da normalean bateria batek hamarretik gora pista behar izaten dituela, eta, noski, orduan ez da lekurik izaten baxua, ahotsa eta abarrentzako. Horregatik, badaezpada 24 erabiliko ditugula erantzun diogu, baina Albini burugogor jarri da:

- Hirukoa zarete; gainera, bateria txiki horrekin... recording asko al dituzue?

- Ezer gutxi, oso basikoa da...

- Ahotsak?

- Nagusia eta beste bat akaso...

- Orduan!? Zeren beldur zarete?

- ... (Txapi begira berriz ere)...

- Ondo da, 16 pista orduan!!



Hamasei pista, analogikoan, denok batera grabatzen. Antzina bezala. Zeinek esaten zuen: dangerous, dangerous!!

'Antiojoak estutu, belarriak erne'

Albinik jenio txiki baten piura dakar. Lanerako buzo urdina janzten du beti, soinuaren tailerrera doan behargina balitz bezala (bizkarrean E logo erraldoia daramala). Horrek freak itxura areagotzen dio, baina betaurreko borobilen atzeko begirada tipo azkar batena da inondik ere. Badaki zertan dabilen eta beisbolarekin zein pokerrarekin lerdea dariola jartzen den morroia, maisua da rock talde baten soinurik behinena harrapatzen. Horrexegatik lortu du belaunaldi oso baten begirunea.

Azkarra izateari egozten ahal zaio, agian, lanordu gutxi sartzeko duen joerari. Eguerdi partean hasten gara lanean («partean» horrek iraun dezake ordu erdi, ordubete...) eta iluntzen hasten denerako kanpoan gara, non afaldu deliberatzen.

'Kantu zahar bat bezela'

Zuzenean grabatuko dugula-eta, hirurok gaude gogotsu eta urduriren tarteko eremu horretan nonbait. Eskura dauzkagun musika tresnak ikusita, vintage-ari besoak zabaldu eta nork bere instrumentua aukeratu du, diskoaren oinarrizko soinuaren bila. Aitorrek 1929ko kaxa erabiliko du, Ludwig zahar batekin batera. Davidek, aldiz, eskuz egindako pantailak probatu ditu eta neuk esperimentatzeko nahi adina denbora izango dut, hain da oparoa etxe honetako anplifikagailu eta gitarra bitxien eskaintza.

Analogikoaren literatura horrek guztiak musikaren erromantikoenak aseko ditu ziurrenik, baina egiari zor, putada handia da editatzeko garaian. Ez dugu diskoa prozesatuegi sonatzerik nahi, eta tentazio horren aurkako terapiarik fidagarriena izan liteke Steve Albini gehi analogikoaren formula. Akats bat konpontzeko artisautza lana eskatzen baitu antigoaleko teknika honek. Hots, ordenagailu batekin CTRL+Z sakatzeak egindakoa desegiten badu (segundo bakar batean desegin ere), hemen ordu laurdena behar duzu horretarako. Zeremonia benetan ikusgarria da, eta aldi berean akats gehiago egiteko gogoa kentzen dizu derrepentean. Ikustekoa zen Albini goraizeak eskuetan, arkatz zuri batekin akatsaren kokapena zintaren gainean markatzen, ondoren zinta zati hori moztu eta berri bat itsasteko. Desagertutako gremio baten zuzeneko erakusketa ikustea bezala da: ezkilgintza edo zer dakit ba nik. Egun idazmakinaz idaztea bezala da, edo gutunak bidaltzea mezu elektronikoen ordez. Xarma deitzen zaio horri, klasea.

'Katuk morun'

Katuak dira Electrical Audioko beste ohiko apopiloak. Estudioko iruditerian ezinbesteko, han-hemenka dabiltza beti, billar mahai handiaren gainean jostari. Goiko pisuan gaude orain, egongelan, egunez grabatu duguna CD batean entzuten. Bigarren estudioan etengabe ari dira taldeak grabatzen, eta askotan izaten dugu aukera eurekin hitz egiteko kafe amerikar (txar) baten abaroan. The Mountain Goats-ekoak daude gaur hemen, eta Dortoken mendean kantuaren harraldi bat entzutean azkar bota du abeslariak:

- Hey, you like Weezer, don't you?! I'd say you like Pinkerton!



Barrea erne zaigu segituan. Harrapatu gaitu, kabroiak!! Algararekin katuetako bat izutu eta hortxe joan da sukalde aldera, papurren baten bila edo auskalo zertara.

'Esan baietz, esan bai'

Diskoa ari da pixkanaka itxura hartzen. Gure seigarren diskoa da, baina prozesu hau magikoa irudituko zait beti. Hamaika kantuen oinarrizko soinua egun eta erdian egina zegoen. Ondoren bigarren gitarra batzuk eta ahotsak sartuz joan naiz. Albinik lehenengo egunetik esan zigun egunak sobratuko zitzaizkigula, eta horretan ere arrazoi du. Hamalau egun erreserbatu genituen, eta zortzi egunen bueltan dena egina egongo dela dirudi. Nahasketak barne (!!).

Lagunen txanda da gaur, eta chicagotar bat badugu zerrenda horretan: Tim Mc Illrath jauna, Libre © diskoan Denak ez du balio abestu zuen berbera. Rise Againstekin Hawain izan da jotzen eta nekatua dirudi (Hawain nekatzea posible da?), baina bere hirira gentozela abisatu genionetik bere burua eskaini zuen, parte hartzeak ilusioa egiten ziola. Guri zer esanik ez! Estimu handia diogu tipo honi. Bere eztarri urratua prestatu digu pare bat kantutan, eta euskara hutsean abestu du gainera. Hori bai meritua! Bitxia abestu beharrekoa transkribatzeko duen modua: Begietan ahoskatu behar duela esan eta berak Be-Guillotine apuntatzen du. Ikusiak eta berak e-koo-siak...

Besarkada artean agurtu dugu ondoren, Chicago utzi aurretik berriro geratu behar dugula eta abar. «Hurrena taula gainean!», dio Timek. Ea ba egia den, ez litzateke seinale txarra izango.

'Zuk ondo dakizu hoi'

Ikasita geneukan erritmo egokia dela nahasketak egiteko orduan eguneko abesti bat, abesti eta erdi gehienez izatea. Horrek gauzak tentuz egitea dakarrela, soseguz lan egin eta patxadaz erabakiak hartzea. Bada, Albinik marka guztiak apurtu dizkigu: egunean hiruzpalau kanta nahastu dizkigu. Ados, gure kantuek ez dute misterio handirik, behin konposatuta, lokaleko lanik garrantzitsuena izan da abestien ertzak leundu eta zuzenean muinera jotzea... baina estudio batean hainbesteko denbora sobratzea ez da ohikoena izaten, are gutxiago etxetik hain urrun eta halako mito batekin zabiltzanean. Baina gauzak hala atera dira, eta zergatik ez, abentura merkexeago aterako zaigu. Grabaketaren soinua hitz bakarrean deskribatu beharko bagenu, hori «naturala» izango litzateke. Soinu prozesatuaren justu kontrakoa, badirudi gure lokalean mikrofono zahar bat jarri duela eta hortxe dagoela, Polaroid on batean bezala, entzun beharreko guztia. Garbi (alegia, zikin). Bere horretan, Photoshopik gabe. Onerako eta txarrerako.

'Etxeruntz, etxeruntz'

Kito, egina dago. Astebete izango dugu orain Chicago hobeto ezagutzeko (hiri maitagarria da zinez). Tartean bidaia bat egin dugu Detroit aldera (Motown museoa kenduta beldurra ematen du halako hiritzarra hutsik eta apurtuta ikusteak). Tartean kontzertua ere eman dugu, Chicagoko Reggie's aretoan. Tartean disko piloa erosteko aukera baliatu dugu. Tartean lagunak egin ditugu eta euren etxeetan hartu gaituzte (mila esker Ainhize eta Brent, Asier...). Mastering-a ere egin dugu, Chicago Mastering Service-en, Bob Westonen gidaritzapean.

Disko berria ez da irail arte kaleratuko. Denbora asko sobratzen zaigu berriz ere, baina izango dugu lanik tarte hori behar bezala betetzeko. Abioia hartu eta badator sentipen hori, gure zati bat bertan geratzen delakoa, alegia. Bizitakoa, hori bai, patriketan dakargu gurekin. Badaezpada ere.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia