Berria.info

Ostirala, 2012ko maiatzak 25 - 20:02

KULTURA;2008-11-21;Aldundiari babesa agertu dio Eusko Jaurlaritzak. Iruzurra oso larria da Jaurlaritzako Kultura Sailaren iritziz, baina aztarnategiaren balioak ezin dira zalantzan jarri

Aldundiari babesa agertu dio Eusko Jaurlaritzak

Iruzurra oso larria da Jaurlaritzako Kultura Sailaren iritziz, baina aztarnategiaren balioak ezin dira zalantzan jarri

Erredakzioa

Gasteiz

Atzo zabaldutako agiri baten bidez, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak «babesa» agertu dio Arabako Foru Aldundiari «Iruña-Veleiako indusketen harira gertatutako iruzurra argitze aldera hartutako erabakietan», eta baita «abian jar ditzakeen ekinbideetan, auzi bideetakoak barne, iruzurra guztiz argitu eta erantzukizunak garbitzeko» ere.

Kultura Sailaren aburuz, iruzurra «oso larria» da, «erromatar garaiko aztarnategi honi, garai horretako Euskadin dugun arkeologia gune nagusi honi eta, oro har, arkeologiaren ikerketari eragin dion kalteagatik». Aztarnategiaren balioak, ordea, «ezin dira zalantzan jarri».

«Aztarnategiaren arkeologia indusketekin aurrera segitzeko azaldu duen erabakiaren harira» ere babestuko du Jaurlaritzak Arabako Foru Aldundia, «nahiz, Euskadi barruko eskumenen banaketaren barruan ez dagokion Jaurlaritzari indusketa arkeologikoak baimentzea eta haiek aztertzea».

Ikerketa abian

Arabako Foru Aldundiaren zerbitzu juridikoek ikerketa bat jarri dute abian, argitzeko arduragabekeria larriko, lanerako eskarmentu faltaren ondoriozko edo beste edozein motatako deliturik izan den, eta gertatu denaren berri Fiskalari emateko. Erantzukizunak zehaztean, ez duela dardar egingo adierazi du Lorena lopez de Lacalle Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta hartu beharreko erabakiak hartuko dituela.

Txarli Prieto Arabako PSEko idazkari nagusiak, berriz, Iruña-Veleiako aztarnategiko indusketek jarraitu egin behar dutela adierazi du, eta irtenbide bat bilatu behar dela indusketetako langileentzat, haien lanaren inguruan ez baita inolako zalantzarik sortu.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia