Zerutik bonbak ari dira erortzen
Jesus Garayk Bartzelonako bonbardaketaz egin duen filma gaur estreinatuko dute Euskal Herrian
Irune Berro
Bilbo
1938ko martxoaren 17a. Bartzelona. Soineko beltza jantzita atera zen etxetik emakume bat. Egunsentian, egunero ohikoa zuenez. Kapela beltza buruan; poltsa beltza besoan. Baina ez zen etxera itzuli. Eguerdian, egunero ohikoa zuenez. Italiako Aviazione Legionari armadako tropek, bonba eta ehiza hegazkinek, bonbak jaurti zituzten. Eta emakumea hil zuten. Hainbat herritarren biziak itzali zituzten. Juan Goytisolok kontatua da, Coto Vedado memoria liburuan. Idazle katalanak ama galdu zuen, Jesus Garayk Mirant al cel filmean jaso duenez. Erasoak martxoaren 18ra arte iraun zuen. Eta milatik gora herritar hil zituzten.
Baina Jesus Garay zuzendari espainiarra (Santander, 1949) harago joan da osatu duen obran. «Bartzelonari eraso egin zioten, baina hiriak jakin zuen defentsa antolatzen». Hegazkinen aurkako bateria eraiki zuten Carmel mendian.
Garayk film dokumental dramatikoa sortu du, historia hurbileko pasarteak fikzioarekin uztartuta. Herritarren kontra eginiko aurreneko bonbardaketa ez zen Bartzelonakoa izan. Lehenago suntsitu zituzten Durango eta Gernika, Euskal Herrian. «Baina frankistentzako Bartzelonak interes berezia zuen; Errepublikaren hiriburua zen, hiri industriala». Garayren arabera, «Bigarren Mundu Gerran praktikara eraman zituzten metodoak probatu zituzten han. Eta Nagasakin bukatu zuten Bartzelonan hasitako esperimentua».
IRUDI HISTORIKOAK. Hiru egunez bonbardatu zuten Bartzelona, gau eta egun, ezker-eskuin, atsedenik gabe. Mussolinik eman zuen horretarako agindua. Baina The New York Times-ek albistea jaso zuen, eta Francok bonbardaketa eteteko eskatu zion Mussoliniri, nazioartean frankistei buruzko ospe txarra ari baitzen hedatzen.
Garayren Mirant al cel filmean hiru herritako profesionalek parte hartu dute. Kataluniako Massa d'Or enpresak ekoitzi du pelikula, baina Euskal Herriko Silverespacek egin ditu efektu bereziak, Kataluniako Artxibategi Historikoko eta Generalitateko Laia irudi agentziako materialarekin. Erromako Luce Institutuak lagatako irudiak ere tartekatu dituzte filmean.
Erakunde horren bitartez heldu da Garay Paolo Ferrari aktorearengana. Eta hark jokatu du filmeko rol nagusia, hots, Aviazione Legionariko pilotuarena. Gabriela Flores da beste aktore nagusia. Floresek antzeztu duen pertsonaia zinemagilea da eta Bartzelonako bonbardaketari buruzko dokumentala osatzen ari da. Mariaren papera baliatuta, historialari eta lekuko ugari elkarrizketatu ditu Garayk, Mirant al cel obran. Haien oroitzapenekin osatu du filmaren atal dokumentala. Fikziozko partea, berriz, Ferrari eta Floresen lanarekin garatu du zuzendariak.
fermin muguruza - Musikaria
«Zuzendariak eta biok film bera egitea izan da lorpenik handiena»
I. B.
Bilbo
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
