Karlos Linazasorok irabazi du Erein-Euskadiko Kutxa saria, eta Donostia Opera Prima Aitziber Etxeberriak" />

Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 05:17

KULTURA;2007-03-16;Esperimentalismoa saritu dute. Karlos Linazasorok irabazi du Erein-Euskadiko Kutxa saria, eta Donostia Opera Prima Aitziber Etxeberriak

Esperimentalismoa saritu dute

Karlos Linazasorok irabazi du Erein-Euskadiko Kutxa saria, eta Donostia Opera Prima Aitziber Etxeberriak

Juan Luis Zabala

Donostia

Erein-Euskadiko Kutxa saria Karlos Linazasororen Diotenez narrazio bilduma esperimentalari ematea erabaki du Txuma Lasagabaster, Koro Navarro, Pello Gereño eta Iñaki Aldekoak osatutako epaimahaiak; eta Donostia Opera Prima duela lau urte sari bera jaso zuen idazleari, Aitziber Etxeberriari, oraingoan 31 baioneta nobelarengatik .

Liburu «esperimentala» da Diotenez, Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) azaldu duenez, baita oso «pertsonala» eta «ezohikoa» ere. Horregatik, epaimahaikideei izan duten «ausardia» eskertu die. «Askoz ere errazagoa da, honelako kasu batean, nobela bat saritzea. Konbentzionalagoa da eta, merkatuari begira, saltzeko errazagoa».

Diotenez «liburu zaila» da, egilearen iritziz. «Oso ipuin metaforikoak dira, era askotako aipuak dituzte, literarioak eta bestelakoak, eta irakurle konplizea eskatzen dute. Irakurri baino gehiago, irakurleak interpretatu egin behar du. Kontatu eta dena esan baino gehiago, nik iradoki egiten baititut gauzak, gero irakurleak interpreta ditzan».

«Testu minimalistak dira, apaingarririk gabekoak, soberako ezer gabekoak» Diotenez liburukoak. «Genero fantastikoan kokatuko nuke nik liburua, irudimena baita baliabide nagusia. Gaiei eta estiloei dagokienez, denetik dago: umore beltza, umore txuria, pasarte lirikoak, ipuin poetikoak, anatomiaren inguruko jolasak, ipuin klasiko ezagunen re-make-ak, ipuin onirikoak, surrealistak...».

Bi zatitan banatuta dago Diotenez. Aurrenekoa -Zazpi ipuin 'ars poetika' baterako-, aforismoz eta apuntez egindako ipuinez osatua dago. Bigarrena -Holaxe kontuk. 1'43 eskalan- 200 inguru mikroipuinez.

Zer gerta ere (Alberdania, 1994), Ez balego beste mundurik (Alberdania, 2000), Ipuin errotikoak (Alberdania, 2001), Itoko dira berriak (2003) eta Glosolaliak eta beste (Alberdania, 2004) liburuen ondotik, Karlos Linazasororen dekalogia baten seigarren liburukia izango da, kalera iristen denean, Diotenez, ipuin liburu saritua.

Dekalogiako zazpigarren liburuaren idazketa lana hasia du Linazasorok. «Ipuin liburua izango da, eta aita zenak utzitako paperekin zerikusia izango du», aurreratu du. Iñaki Linazasoro idazle eta Tolosako alkate ohiaren semea da Karlos Linazasoro.



GERRA GIROAN, DONOSTIAN, 1813AN. Aitziber Etxeberriaren (Zarautz, 1973) lan sarituak 1813ko Donostian kokatzen du irakurlea, gerra garaian. Beatriz eta François ditu protagonista nagusi: Ulian bizi den donostiar alarguna da Beatriz; Napoleonen armadako soldadua François.

«Ez da maitasun istorio bat», zehaztu du Etxeberriak. «Soldaduak osasun arazo bat dauka, begiko gaixotasun bat. Alarguna, Beatriz, garai batean petrikiloa izan zela jakiten du, sendabelarretan aditua izan zela, eta orduan harengana joko du, bere arazoa konpondu nahian».

Soldaduaren eskariak aztoratu egingo du Beatriz, sendabelarren inguruko kontu horiek erabat alde batera utziak baitzituen iraganean izandako gorabehera batzuen ondorioz. «Nobelaren hari nagusia Beatrizen aztoramendu horren arrazoiak deskubritzera bideratuta dago», dio Etxeberriak. «Beatrizen alabak ez daki ezer Beatrizek sendabelarrekin egiten zituenen inguruan. Igartzen du ama aztoratuta dagoela, ez dela lehengoa, zerbait ezkutatu nahi diola; eta jakin egin nahi du zer eta zergatik. Soldaduak ere badu iragan bat, nobelan poliki-poliki agerian geratzen dena».

Donostia frantsesen esku zegoen nobela girotuta dagoen garaian, eta ingelesek Donostia nola erre zuten ere kontatzen da. Dokumentazio lan handia eskatu dio nobelak egileari. «Liburuan azaltzen diren gertakari historikoak benetakoak dira, dokumentatuta daude, eta badute beren pisua nobelako istorio nagusian. Gerra testuinguru batean daude, eta horrek eragina du François nahiz Beatrizengan ere».

Duela hiru urte sari bera irabazi zuen Etxeberriak, Tango urdina nobelarekin. Beraz, nahiz eta sariak Donostia Opera Prima izena izan, 31 baioneta ez da kasu honetan irabazlearen opera prima. Parte hartzeko oinarrietan, aurretik libururik argitaratu gabea izatea edo, bestela, 35 urte baino gutxiago izatea eskatzen da, eta horregatik parte hartu ahal izan du Etxeberriak.

Tango urdina eta 31 baioneta «zeharo diferenteak» dira, egilearen iritziz. «Tango urdina gaur egungo giroan kokatuta dago, eta bizilagun batzuen arteko harremanak ditu kontagai, orainaldian eta lehen pertsonan. 31 baioneta, aldiz, XIX. mendearen hasieran dago girotua, hirugarren pertsonako narratzailea du...».

Literatura idazteko ildo finkorik ez du Etxeberriak. «Une jakin batean zerbaitek erakartzen banau, horri heltzen diot». Ez da idazle edo joera jakin bati loturik sentitzen. «Badira oso gustuko ditudan idazle batzuk, baina denetik irakurtzea gustatzen zait».

Nobelez gain, ipuinak ere idatzi izan ditu Etxeberriak, argitaratu ez arren. Aurrerantzean ere nobelaren bidetik jarraituko duela uste du, nagusiki behintzat. Oraindik ez du, ordea, hurrengo nobelarako asmo zehatzik.

 


«Gertakari historikoak benetakoak dira, eta badute beren pisua nobelako istorio nagusian»

Aitziber Etxeberria

Idazlea





 


«Oso ipuin metaforikoak dira, era askotako aipuak dituzte, eta irakurle konplizea eskatzen dute»

Karlos Linazasoro

Idazlea





 

DaTu JaKinGarriaK



Aurtengoak

Irabazleak: Erein-Euskadiko Kutxa saria, Karlos Linazasororen 'Diotenez' ipuin liburuarentzat; eta Donostia Opera Prima saria, Aitziber Etxeberriaren '31 baioneta' nobelarentzat.

Epaimahaia: Txuma Lasagabaster (literatur kritikaria), Koro Navarro (itzultzailea), Pello Gereño (Euskadiko Kutxaren ordezkaria) eta Iñaki Aldekoa (Erein argitaletxearen ordezkaria).

Sarien diru kopuruak: Erein-Euskadiko Kutxa saria, 24.000 euro -aurtengo deialdiari dagokiona gehi duela bi urteko deialdiari zegokiona- eta Alvaro Matxinbarrena artistaren obra bat; Donostia Opera Prima saria, 9.000 euro -aurtengo deialdiari dagokiona gehi duela bi urteko deialdiari zegokiona- eta Ramon Ruiz Cabestany artistaren obra bat.

Argitalpen data: apirilaren 23a baino lehen (Liburuaren Nazioarteko Eguna), Erein argitaletxearekin.



Aurreko urteetakoak

2003: Erein-Euskadiko Kutxa saria, Joxe Belmonteren 'Hamar urte barru' nobelarentzat; eta Donostia Opera Prima saria Xabier Etxaniz Rojoren 'Koadro isila' eta Aitziber Etxeberriaren 'Tango urdina' nobelentzat. Hiru nobela horiek Erein argitaletxeak eman zituen argitara.

2005: Bi sariak eman gabe geratu ziren, epaimahaiaren erabakiz.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia