Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 05:53

KULTURA;2006-12-09;DURANGOKO 41. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA. Literatura, herri izaerari eusteko. Eslovenierazko literaturaren berri eman dute Vlado Zabot eta Aljoz Ihan idazleek

Literatura, herri izaerari eusteko

Eslovenierazko literaturaren berri eman dute Vlado Zabot eta Aljoz Ihan idazleek

ainara gorostitzu

Durango

Bi milioi biztanleko estatua da Eslovenia, eta urtean 260 poesia liburu argitaratzen ditu. «Esloveniarrengan lirika oso barneratua dago, herritarrek beharrezkoa dute poesia», Vlado Zabot Esloveniar Idazleen Elkarteko lehendakariaren arabera. «Literatura herrian dago, esloveniarrek gustukoa dute, irakurri egiten dute eta erosi». Zabotek Aljoz Ihan idazle esloveniarrarekin eta Asier Agirrerekin Juan Ramon Makusok koordinatutako Esloveniako literatura eta euskal literatura. Gaur eta bihar mahai-inguruan hartu zuen parte atzo eguerdian, Gerediaga elkarteak Euskal Idazleen Elkartearen laguntzarekin kanpoko literatura ezagutarazteko egindako lehen solasaldian.

«Eslovenia herri txikia da, baina asko publikatzen da», aurkeztu zuen bere herrialdea Aljoz Ihanek. Herriarentzat bezala, esloveniar literaturarentzat mugarri bat izan zen 1991 urtea, Jugoslaviatik askatu zenekoa. «Ordura arte asko publikatzen zen, eta gero zalantza egon zen egoerari eustea lortuko zen ala ez, eta eutsi ez, hobetu egin da. Ekonomikoki kanpo aldera asko ireki da Eslovenia, eta literaturak ere bide bera hartu du, eta oso ondo funtzionatzen du».

Urtean 5.00 0 liburu argitaratzen dira Eslovenian gai orokorretakoak; horien artean, 260 poesiakoak dira, eta 150 bat prosakoak; 20tik gora argitaletxe daude, «handienek egunean bizpahiru liburu argitaratzen dituzte», Zabotek dioenez. Hizkuntza gutxitua da esloveniera, baina Ekialdeko literaturan aditu den Agirreren arabera, «ez da euskararen parekoa eslovenieraren egoera; han % 90ek egiten dute eslovenieraz».



LITERATURA, POLITIKOKI ZUZENA. Diziplina horrek gizartean duen eta izan duen funtzioa da literaturak Esloveniako herrian halako lekua izatearen arrazoia, Zaboten arabera: «Eslovenia duela mila urte ere herri bat izan zen, baina gerora, burujabetza galduta, hizkuntzarekin batera literatura izan da erresistentziarako bidea, nazio izaerari eusteko tresna. Burujabetza galdu arren, literaturari esker esloveniarrok ez dugu sekula herri izaera galdu».

Idazleen arabera, gobernuak egiteko garrantzitsua dauka literatura sustatzeko garaian, Ihanek azaldu zuenez: «Herritarrek literatura beharrezkoa dute, eta gobernuak haren mesedetan ez egitea ez litzateke politikoki zuzena izango». Hainbat neurri hartzen ditu, beraz, literaturgintza sustatze aldera: «Liburuak erosteaz gain, liburutegietako maileguak bultzatzen ditu, eta egileari hainbesteko bat ordaintzen die maileguko. Era berean, diru funts bat baliatzen du literatur proiektuetarako eta egile hasi berriei laguntzeko». Urtean 20 milioi liburu mailegatzen dira; biztanle bakoitzeko hamar, batez beste.

Mailegu sistemak salerosketari kalterik egiten dion galdetuta, ezezkoa diote Ihanek eta Zabotek. «Jendeari gustatu egiten zaio liburuak erostea; oso edizio landuak egiten dira, garestiak, eta jendeak erosi egiten ditu; liburua bera estimatua baita gure herrian objektu bezala ere».



POESIA, HERRI IZAERARI ERANTZUTEKO. Poesiak prosaren aurrean duen indarra Esloveniaren izaerarekin lotzen du Ihanek. «Kanpora begira dagoen herri indartsu bat baldin bada zurea, ulertzekoa da konkistatu nahi duzun lurralde horren deskribapena egitea, kanpora begiratzeko prosa erabiltzea; bestetik, Eslovenia bezala, barrura begira dagoen herrialde bat baldin bada zurea, idazleak ere barrura begiratu ohi du, eta horretarako baliagarriago da poesia». Ihanek mikrobiologia eta immunologiako eskolak ematen ditu unibertsitatean eta 6 poesia liburu, bi saiakera eta bi eleberri ditu argitaratuak. Zabotek, aldiz, Esloveniako lehen argitaletxe independentea sustatu zuen 1985ean, eta ipuin liburu bat eta eleberri bat ditu argitaratuak.

Literaturaren gidaritza idazle elkarteak darama Eslovenian, «argitaletxeek ez daukate beste herrialde batzuetako jarrera; literaturagatik egiten dute lana, eta ez hainbeste dirua egiteagatik», Ihanen arabera. 1991n independentzia lortu zutenean ere, rol garrantzitsua izan zuen elkarteak. «Gizartea mugitzeko gaitasuna eduki zuen, eta gaur egun ere, Idazle Elkarteak pisu handia du gizartean». Zaboten aburuz, herri txikietan idazleen elkarteek garrantzi handia eduki behar lukete, «nondik norakoak zehaztu ahal izateko». Gaur egun 310 bazkide ditu Esloveniako Idazleen Elkarteak, eta horietatik 50 inguru profesionalak dira.



ESLOVENIAR LITERATURA, EUSKARAZ. Esloveniar literatura euskaraz irakurtzeko aukera Agirreren itzulpen batek ematen du, Zarko Petanen Aforismoak itzuli baitu, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak argitaratua.

Euskal literatura ere irakur daiteke eslovenieraz. Aurten euskal idazleen antologia bat argitaratu du hango Idazleen Elkarteak, eta ikasleen argitaletxe batek, berriz, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea.

 


«Zure herrialdea barrura begira badago, idazleak ere barrura begiratuko du, eta poesia egingo»

aljoz ihan

idazlea





 


«Esloveniarrek literaturaren beharra dute; gobernuak haren alde ez egitea ez litzateke politikoki zuzena»

vlado zabot

esloveniar idazleen elkarteko presidentea



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia