Sorbideak
Alberto Barandiaran
Mitxelenaren legatua
Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatean Koldo Mitxelenaren itzala handia da oraindik. Legatua esaten diote. Aurkikuntzen aurrean agnostiko eta eszeptiko agertzeko tema da legatuaren funtsa, eta sentimendu hori nagusi omen da, oraindik gaur egun, irakasleen artean. Legatu gisa ez da txarra. Eszeptikoa izatea da ikerlari onen sor-marketako bat. Ebidentziek bakarrik alda ditzaketela usteak eta teoriak. Eta teoriak, hain zuzen ere, moldagarriak egin behar direla beti. Agnostikoa izatea ez da derrigorrezkoa, baina eskertzen da. Totemak gehiegi ez maitatzen erakusten du.
Legatuaren bidez azal litezke, akaso, Joseba Lakarrak eta Joakin Gorrotxategik Veleia-Iruñako aztarnategian agertutako idazkunei buruz azken asteetan publiko egin dituzten zalantzak.
EUFORIARI GALGA. Gorrotxategik galga jarri nahi izan dio, hasieratik, euforiari. Hainbeste idazkun agertzea, hain zaharrak, eta hain ondo irakurtzen direnak... Ez dela ohikoa, ez dela itxaron zitekeena. Esaldi batean laburbildu zuen esan nahi zuena. «Laborategietako analitikak eta informazio arkeologikoa oso ondo daude, baina horrek, gero, guk dakigunarekin bat egin behar du. Ondo txertatu beharra dago, nahiz eta gure zientziaz dakigun gauza batzuk aldatu beharko ditugun; baina ez dakit dena alda dezakegun...». Hau da, zalantzan jarri zuen arkeologoen datazioarekin dena amaituko ote zen. Nahikoa izango ote zen jakitea dudarik gabe lan horiek esaten zuten garaikoak zirela. Horrek testuen egiatasuna betiko erabakiko lukeen. Lakarrak argitalpen espezializatuen ordua zela zioen. Han egin behar dela eztabaida. Ordura arte, pazientzia.
Arkeologoek, nolanahi ere, garbi dute. Aurkikuntzak datatzea da haien lana, eta Veleian azken boladan agertutakoak, esaterako euskarazko idazkunak, III. mendekoak direla baieztatu dute. Eta lana, orain, beste zientzietako adituek egin behar dutela diote. Beraiek aldatu behar dituztela beren usteak, aldatu behar izatekotan. Ebidentzien araberako zientzia egin behar dutela, alegia.
Baina Gasteizko eskolako filologoek ez omen dute horren garbi. Badirudi aski argiak ez ziren izen batzuk -zorioneko Iaincoa- galdu egin direla bidean. Badirudi euskarazko idazkun gehiago azken frogen zain daudela oraindik. Badirudi horren garbi ez diren batzuk agertu direla. Nolanahi den, zerbait garbi dago, izatekotan: hizkuntzalarien eta filologoen txanda heldu dela. Arkeologoek eman baitute epaia: ez omen dituzte zalantzak. Baina filologoek zalantzak besterik ez dituzte.
Bada, hori izango da, inork ez dezala zalantzan jar, Veleiako euskarazko testuei balioa emango diena. Gasteizko fakultateko agnostiko eta eszeptiko koadrila horren dudak uxatuko dituen froga behar da. Eta, inork ez dezala zalantzan jar, Lakarrak eta Gorrotxategik azken hitza esan beharko dute. Biak direlako, izan ere, gaur egungo Mitxelenak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
