KULTURA;2006-06-16;III. eta VI. mende artekoak dira Iruņa-Veleian aurkitu diren euskarazko hitzak. Etxe baten zimenduetan aurkitu dituzten idazkunetan hitz arruntak eta erlijiosoak ageri dira
III. eta VI. mende artekoak dira Iruña-Veleian aurkitu diren euskarazko hitzak
Etxe baten zimenduetan aurkitu dituzten idazkunetan hitz arruntak eta erlijiosoak ageri dira
edurne begiristain
Gasteiz
«Amets bat dirudi, baina errealitatea da». Halaxe mintzatu da Henrike Knorr Euskaltzaindiko presidenteordea Arabako Iruña-Veleiako aztarnategietan aurkitutako euskarazko idazkien inguruan. Izan ere, iragan astean zenbait komunikabidek zabaldutako informazioa neurri handi batean benetakoa dela baieztatu dute Henrike Knorr eta Joakin Gorrotxategi filologoek, eta Eliseo Gil Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendariak: topatu dituzten euskarazko hitzak III. eta VI. mende artekoak dira, orain arte aurkitutako zaharrenetakoak. Idazkien data zehazteke dago oraindik, baina, hala eta guztiz ere, euskarazko lehen idatzien agerpena lau eta zazpi mende artean aurreratuko litzatekeela azaldu dute. Ikerlarien lana da orain euskarazko hitz horiek zein mendetakoak diren zehaztea.
Orain arte euskarazko inskripziorik zaharrenak Akitanian aurkitutako hilarri eta harrietan agertutakoak ziren, baina izen bereziak ziren haiek. Iruña-Veleian aurkitutakoaren garrantzia, beraz, nabarmena da, bereziki bi arrazoirengatik: eguneroko bizitzan erabiltzen ziren hitz xumeak direlako eta esaldiak agertzen direlako. Berezitasun horri aparteko garrantzia eman zioten atzo Knorrek eta Gorrotxategik prentsa agerraldian.
HITZ ARRUNTAK ETA ERLIJIOSOAK. Iruña-Veleiako datuak konfirmatuz gero, Euskal Herriko historiarako datu oso interesgarriak eta baliotsuak lirateke: «Hizkuntz askotan ez da ezer idatzi. Hemen dugu hitz multzo bat, eta horrek esan nahi du euskaraz idazten zela V. eta VI. mendean, eta akaso, lehenago ere bai». Aurkitutako euskarazko hitzak «ulergarriak» dira eta haietako batzuk irakurri ere egin daitezke, Gorrotxategik azaldu zuenez. «Hitz batzuk irakurri egiten dira, eta ondo, euskara ulergarrian. Guztiontzat ezustekoa izan da». Hala, hitzen ulergarritasun horri erreparatuz gero, euskarak antzinarotik ez duela «garapen handiegirik» izan iritzi zion euskal filologoak.
Urdin isar; zuri urdin gori; edan ian lo; ian ta edan; jaun; geure ata zutan; iesus; ioshe ata ta mirian ama. Hitz horiexek dira etxe baten zimenduetan topatutako batzuk. Adreiluetan inskribatuta agertu dira hitzak eta irudiak. Beira eta hezur pusketan ere azaldu dira berbak.
Arduradunek bi taldetan banatu dituzte aurkitutako eleak: batetik, arruntak, eta bestetik, erlijio kutsukoak, kristautasunarekin lotutakoak. Lehen taldean daude, besteak beste, zuri urdin gori eta urdin isar berbak. Bigarren taldean, berriz, geure ata zutan esamoldea, adibidez. Irudien artean, bestalde, erlijio kutsua dutenak daude, Jesusen bizitzari buruzkoak bereziki.
Egun gutxitan ezagutzera eman den Iruña-Veleiako bigarren multzo epigrafikoa da hori. Aurkitutako lehena pasa den astean aurkeztu zuten: III. mendeko kalbario bat zen, munduko zaharrena. Haren ostean aurkitu dute bigarren hau. Alta, bi multzo epigrafikoak ez direla nahastu behar nabarmendu zuen Gorrotxategik, fisikoki bi espazio desberdinetan aurkitu direlako. Nolanahi ere, erantsi zuenez, lehen taldearen data hain ongi zehaztu izanak lagunduko du bigarren hau hobeki interpretatzen.
Aurkikuntzak duen aparteko garrantzia azpimarratu zuten Gorrotxategik eta Knorrek; harrituta, pozarren eta itxaropentsu agertu ziren biak, topatutako euskarazko hizkuntz-lekukotzak «izugarrizko garrantzia» duelako. Berria jakin zuenetik ez duela «ongi lo egin» aitortu zuen Knorrek: «Ia 600 urte aurreratzen da gure kronologia, eta hori da lo ez egitearen arrazoia».
IKERTZAILEEN LANA. Harribitxi horiek eskuetan dituztela, baina, ikertzaileei lan egiten uzteko eskatu zuten, eta ikerketa amaitu arte komunikabideen albiste gosea ez dutela aseko esan zuten.
Izan ere, zenbait errezelo izan dira indusketa horrekin, hainbat hedabidetan filtrazioak agertu direlako. Hargatik atera ziren atzo prentsaren aurrean Knorr, Gorrotxategi eta Eliseo Gil; haserre zeudela esan zuten, filtrazioekin ikertzaileen lanean traba egin delako. Gainera, emandako hainbat datu okerrak izan direla kritikatu zuten. Hortaz, arkeologoei, historialariei, hizkuntzalariei eta zientzialariei beren ikerketak amaitzen utzi behar zaiela azpimarratu zuten. Hori urrian edo azaroan izango da, ordura arte ez dutela aurkikuntzei buruz hitz egingo ohartarazi zuen Gilek. «Gauza asko egin behar dira oraindik hipotesi hauek guztiak alderatutako datu zientifikoetan bilaka daitezen».
Talde epigrafiko garrantzitsua
Hitz arruntak
Urdin . Kolore bat adierazten zuela argi dute filologoek. Hori baieztatzeko,
zuri urdin gori sekuentzian oinarritu dira, beste biak koloreak direlako. Garai hartan, akaso, ez zuen gaur egun urdin koloretzat dugunaren esanahi bera izango, eta baliteke grisa izatea.
Ian. Jokin Gorrotxategik azaldu zuenez,
ian hitza egun
jan aditza izango litzateke.
Edan ian lo sekuentziak argi uzten du ian hitzaren izaera linguistikoa eta eduki semantikoa zein den. Hitz hori isolaturik agertu izan balitz, ikertzaileek ez lukete frogarik izango jan aditzaren baliokidea dela esateko, beste hitz batzuen (
Ianuarius) laburdura izan zitekeelako, besterik gabe.
Hitz erlijiosoak
. Esamolde horrek kutsu erlijiosoa duela iritzi diote adituek. Antzinako kristauek hitz horiek agurtzeko erabiltzen zituztela uste dute.
Geure aita zuengan esan nahiko luke. Gorrotxategik ukatu egin zuen
Gure Aita-ren hasiera dela, hainbat komunikabidek filtrazioetan zabaldu duten moduan. Gorrotxategik azpimarratu zuenez,
ata hitza aita moduan itzuliko luke Mitxelenak berak.
Zutan, euskarazko literaturaren hasieran erabili zen lokatiboa da.
Hitz horiek Familia Santuari lotuta daudela esan dute.
Berritasuna
. Z hizkiaren lehen lekukotzak agertu dira Iruña-Veleiako euskarazko idazkunetan.
Urdin isar hitzetan
izar izan zitekeena
s hizkiarekin idatzita agertzen da, I. eta II. mendeetako latinezko idazkunetan azaltzen diren hitzen moduan. Alabaina, aurkitutako euskarazko hizki batzuk
z-rekin agertzen dira. Hori arau grafiko berriaren hasiera omen den ikertu behar dela diote adituek.
«Berria jakin nuenetik ez dut ongi lo egiten, ia 600 urte aurreratzen baita gure kronologia»
henrike knorr
euskaltzaindiko presidenteordea
«Euskarak antzinarotik ez du garapen handiegirik izan, hitzen ulergarritasuna kontuan hartzen badugu»
joakin gorrotxategi
filologoa
LeKuKoTasunaK
Euskarazko idatziak, Euskal Herritik kanpo
Akitania, I-III. mendeak
Erromatarren hilarrietan, batik bat marmolezko hilarrietan agertu ziren euskararen lekukotasun idatziok. Akitanian, Pirinioen iparraldean gehienak. Latinezko inskripzioen tartean agertzen diren euskarazko izen hauek bereziak eta jainkoenak dira, ez dago egunerokotasunari loturiko hitzik, ez aditzik, ezta perpausarik ere. Haatik, lekukotasun horiek balio handia dute euskararen historia berreraikitzeko, fonetikaren aldetik, izenen konposizio aldetik, atzizki, genero eta numero aldetik. Izen ugari atzizkiekin agertzen baitira (-
cco, -
xso,
thar, -
se sufijoekin) eta izen konposatuak ere badaude:
har-belex, esaterako.
Andere, Bihox, Cison, Nescato, Sembe edo
Umme dira Akitanian aurkitutako izen batzuk. Euskara horri
akitaniera edo
euskara arkaikoa deitzen diote filologoek.
Donemiliaga Kukulan (Errioxa, Espainia) XI. mendea
Izioqui dugu eta
guec ajutu ez dugu esaldiak izan dira orain arte ezagutzen ziren euskaraz idatziriko perpausa zaharrenak. Gaztelaniaz idatzitako lehen hitzekin batera agertzen dira euskarazko glosa horiek. Glosa horiek latinezko testuak ulertzeko erabiltzen ziren oharrak dira, eta bere horretan, euskaraz ez dira erabat ulertzen.
Izioqui bizkaieraz erabiltzen den
ixio aditzarekin lotzen dute,
sua piztea edo
sua ematea adierarekin. Bigarren esaldian ezin izan da
ajutu-ren esanahia argitu: batzuentzat
erori esan nahi du, eta besterentzat,
egoki, gaztelaniazko oharrak kontuan izanda. Glosa hauei, hala ere, aditzek ematen diete garrantzia, Akitaniako kasuan ez bezala, esaldi osoak baitira. Glosak Donemiliagako Susoko monasterioko fraide batek idatzi bide zituen.
«Euskara eta hiria lotuta, egundokoa»
Hizkuntzalariek, historialariek, antropologoek, denek aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu dute, eta euskararen historian bide berriak jorratzeko aukerak daudela esan dute
alberto barandiaran
Iruñea
Denak zain zeuden, ikerketaren arduradunek nolabaiteko baieztapena noiz egingo, lehen balorazioa egiteko. Atzo, Henrike Knorrek eta Joakin Gorrotxategik euskarazko testuen benetakotasuna baieztatu ondoren, poza nagusi. «Egundoko aurkikuntza da», Azkue liburutegiko Pruden Gartzia zuzendariaren esanetan. «Gure historiari buruz dugun pertzepzioa aldatu da».
Filologoak, lehendabizi. Joseba Lakarra EHUko Filologia Fakultatearen dekanoarentzat, aurkikuntzak ez du dena zalantzan jarriko, baina mende asko aurreratuko ditu orain arte zeuden teoria edo iritzi asko.
Geure hori, esaterako, berriegia ez ote den.
Jaun hori, soinu hori ez zegoela uste baitzen.
Urdin hori, esaterako.
Ur bilakatua esan nahi ote duen. «Hala balitz, froga genezake aditz sintetikoetan aberatsa izan dela euskara, eta gero galdu egin zirela?» galdetu du. «Ez dago horren garbi. Esaldiak badaude, eta aditzak ez badaude, horrek esan nahiko luke aditz sintetikoak beranduagokoak direla».
Morfologia, sintaxia, baina, batez ere, baieztapen bat. «Honek euskararen jatorriari buruz ez digu ezer argituko, baina euskararen garapenari buruzko datuak emango dizkigu, kategoria batzuk noiz sortu ziren eta halakoak».
HIRIETAN AGERTUTA. Pruden Gartziarentzat, orokorragoa da atera daitekeen ondorioa. «Orain arte, latina eta hizkuntza jasoa hiriekin, jakinduriarekin lotu izan dute. Euskara, berriz, txokoarekin, baserriarekin. Bada, orain euskara hiri batean agertu zaigu, erromatar zibilizazioa zabaltzeko gune batean». Halaber, Etxepareren garaitik datorren topikoarekin hauts daitekeela nabarmendu du. «Etxepare baino mila urte lehenago, euskara idazteko erabiltzen zela. Eta erabiltzen zela, gainera, ez jainko baten izena edo inoren izena emateko bakarrik, baina gauza arruntak esateko, edo dotrina azaltzeko. Ikaragarrizko garrantzia du».
Aurkikuntzak, era berean, kristautasunaren eta euskararen arteko loturaz mito batzuk gezurrezkoak direla berretsiko luke. Roldan Jimeno kristautasunaren historian aditua da. «Lehenago ere bagenituen froga arkeologikoak eta literarioak. III. mendean,
ager vasconum-en, hau da, Euskal Herriaren hegoaldean, kristautasuna bazegoela bagenekien. Gizartearen arlo guztietan gainera».
Hori baino garrantzitsuagoa oraindik: euskararen bizirautea ez zen izan kristautasuna berandu sartu zelako. «Koldo Mitxelenak filologikoki frogatu zuen hori. Orain, errealitateak baieztatu du, ez da teoria hutsa».
DIZIPLINA ASKOREN ARTEKO LANA. Froga asko beharko dira oraindik. Testuak ikertu behar dituzte hizkuntzalariek, datazioa egin beharko dute arkeologoek, eta inguruan agertu diren hezurdurak aztertu beharko dituzte antropologoek. Hain zuzen ere Veleia-Iruñako aztarnategian lan horretan diharduen Pako Etxeberria Aranzadiko antropologoarentzat, aurkikuntza harrigarria da, ezin zitekeen espero, baina ez da ustekabekoa. «Urteak daramatzate bertan lanean». Inskripzio bakar batekin nazioarteko kongresuak egiten direla gogoratu eta gero, kronologia zehatzaren garrantzia azpimarratu du. «Datak eman badituzte, segurtzat ematen dutela izango da» azaldu du, «baina hori erabat ziurtatu behar da».
Aranzadi Elkarteko buru Juantxo Agirrek, nolanahi ere, indusketak zuzentzen ari den taldearen maila gogorarazi du. «Veleian egindako lana ondo ezagutzen dugu, eta zorrotzak eta fidagarriak dira. Lan egiten utzi behar zaie».
«Honek euskararen jatorriaz ez digu ezer argituko, baina garapenaz datuak emango dizkigu»
joseba lakarra
ehu-ko filosofia fakultateko dekanoa
«Etxepare baino mila urte lehenago euskara idazteko erabiltzen zela frogatzen du, topikoa hautsi da»
pruden gartzia
azkue libUrutegiko zuzendaria
«Errealitateak baieztatu du euskararen bizirautea ez zela gertatu kristautasuna berandu sartu zelako»
roldan jimeno
historialaria