2012-07-31
Olinpiar oroitzapenak. Luis Felipe Areta
Errautsen gainean hegan
Luis Felipe Areta seigarren izan zen luzerako jauzian Tokioko 1964ko Jokoetako egun euritsu batean. Hiru jokoetan parte hartu zuen, eta, behin erretiroa hartuta, apaiz bidea hartu.
Imanol Magro, Berriemaile berezia Londres
Errauts pistetan lehiatzen hasi eta tartanean hartu zuen erretiroa. Luis Felipe Areta Pipe-ren (Donostia, 1942) kirol ibilbidea atletismoaren teknifikazioaren lehen pausoen lekukotasuna da. Hiru olinpiar jokotan parte hartu zuen, Erroman, Tokion eta Mexikon, eta lesio bategatik ez balitz, Munichen (Alemania) ere egongo zen. Euskal atletismoko jauzilari loriatuena da. Ordenagailu bat du bere memorian. Halere, jokoei buruz hitz egitean kideez oroitzen da bereziki. «Lagun giro bikaina genuen, bai Madrilgo Blume zentroan, bai lehiakideen artean. Urteekin, markei baino gehiago, adiskide multzoari ematen diozu garrantzia».
1960ko Erromako Olinpiar Jokoek erabat txunditu zuten Areta. 18 urte zituen, eta finaletik kanpo gelditu zen arren, oroitzapen atsegina du. «Hiri bikaina da, orduan ezagutu nuen. Gero, kirol mailan, gogoratzen naiz iritsi eta lehen entrenamendu egunetan AEBetako eta Sobietar Batasuneko kirolariekin aritu ginela. Han Ralph Boston zegoen, 8,21 metroko marka egin berri zuena, Jesse Owensen munduko errekorra hobetuz. Oso gizon atsegina da, gerora Tokion eta Mexikon ere elkartu ginen, eta ez da asko goraintziak bidali zizkidala. Lagunarte bikaina genuen».
Lau urte geroago, 28 orduko hegaldi baten ondoren iritsi zen Tokiora. Kirol asmoak handiagoak ziren, eta «presio» puntu bat sumatzen zuen. Jauzi hirukoitzean, bere proban, finaletik kanpo gelditu zen, eta arantza luzerako jauzian atera zuen. «Oso eguraldi txarra egiten zuen: euria, haizea… eta pentsa, errauts gainean, a zer-nolako putzuak!». Finalean bigarren aukeran sartu zen, eta gero seigarren gelditu zen. «Ni lehena nintzen jauzi egiten, eta azken txandan beste guztiak nola jauzi egiten zuten ikusi behar izan nuen urduri. Azkenean, seigarren nintzela ikusita, lasaitu handia hartu nuen. Eta zigarreta bat atera eta erre egin nuen! Ovanesia sobietarrak adarra jotzen zidan, hori bai, gero tabakoa eskatu zidan. Amerikarra erretzen nuen, badakizu…».
Mexikon, 1968an, zorigaitzak jo zuen Areta. Beroketan orkatilan min hartu zuen, eta ez zen lehiakor aritu. «Marka bikainak egin ziren Mexikon. Tartan pista zen, eta, altueran airearen dentsitatea txikiagoa zenez, errazagoa zen hegan egitea. Han zeuden denak, metro erdi gehiago jauzi eginez eta ni, begira. Etsigarria izan zen…». Han ikusi zuen ere Bob Beamon 8,90 metroko marka egiten. «Harrigarria izan zen. Jauzi perfektua egin zuen. Neurtzaileen metroa ere txiki geratu zen».
Munichen parte hartzeko aukera izan zuen, baina Kroazian eginiko egonaldi batean istripu bat eduki eta tibiako zurda moztu zuen. Markak ez ziren berdinak izan, eta 1973an hartu zuen erretiroa. Gerora apaiz bidea hartu zuen. Opus Dei eta Bilboko eskola batean irakasle izan ondoren, egun meza ematen jarraitzen du. «Kirol zaletasunak gazteengana gerturatzen lagundu izan dit, hori ere eskertzen diot». Aldakako ebakuntza egin berri diote, eta indartzen denean, astean behin Pagasarrira igotzeko duen ohitura berreskuratu nahi du.
Laburrean
Beamon gogoan. Aretak Bob Beamonen 8,90ko jauzia ikusi zuen 1968an. «Neurtzaileen metroa ez zen haraino iristen. Harrigarria».
Lesioa. Munichen egon zen, 1972an, baina ez zuen parte hartu. Tibiako zurda bat ebaki zuen, eta lesio hark eragotzi zion laugarren jokoetan aritzea.






