2012-07-29
Igeriketa
'Missy misila'
Missy Franklin da AEBetako harrobiko azken harribitxia. Emakumezkoen igeriketari falta zaion izarra bihurtu nahi dute. Zama handiegia da agian, eta garaizegi jarria: 17 urte besterik ez dauzka.
Enekoitz Telleria
Michael Phelps da orain, Ian Thorpe izan zen lehenago, Alexander Popov, Matt Biondi eta Mark Spitz aurretik. Zenbait bider izen berdinak, titulu berberak, goratze eta loratze errepikakorrak. Haien itzalean egin behar izan du bidea emakumezkoen igeriketak urte luzez. Emakumezkoean izateak berak dakarren harlauza pisutsu eta betiereko horrez gain, erabat eta denbora luzez nabarmenduko den izarrik topatu ezinda dabil aspaldian. Michael Phelpsek Olinpiar Jokoak amaitutakoan hartuko du erretiroa, eta Ryan Lochtek 26 urte dauzka. AEBek jarri dute euren izargintzarako makina abian, eta Missy Franklin topatu dute.
Missy misila deitu izan dio beti aitak eta izen horrekin gelditu da. 17 urte besterik ez dauzka, zapi probatan ariko da, eta zazpi domina irabazteko hautagaien artean jarri dute. Horren gaztea izateko oso heldua dela diote hari buruz, talentua duela, bizi-bizia dela, gorputz bikaina duela (1,86 metro), eta gehien balio duena: igerilari aparta dela. Bizkar estiloan da espezialista peto-petoa, baina guztietan moldatzen da bikain. Phelpsen antza hartu diote horretan AEBetako teknikari eta komunikabideek. Bizkar estiloko 100 eta 200 metrokoetan urrea irabaziko duelakoan daude, txandakakoetan munduko beste igerilari onenen laguntza izango du, eta estilo libreko 100 eta 200 metrokoetan izango ditu zailtasun gehien.
Pasadenakoa da Franklin jaiotzez (Kalifornia, AEB), baina Kanadakoak ditu gurasoak. Izan zuten hasiera hartan zalantzaren bat —Kanadako selekzioan sartzea errazago izango zuelako—, baina AEBekin aritu izan da beti. Pekingo Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko probak jokatu zirenean 13 urte besterik ez zituen eta ez zen bakar baterako ere sailkatu. Garaizegi zen lehertzeko, eta joan den urtean lehertu zen Shangaiko Munduko Txapelketetan: urrezko hiru domina irabazi zituen, zilarrezko bat eta brontzezko beste bat. Eta Londresko Jokoetara sailkatzekoetan zazpi probatarako sailkatu zen hurrena.
AEBetako selekzioan gustura daude oso haren freskotasunarekin eta etorriarekin, haren baikortasun eta xalotasunarekin. «Dena ez da lehia Olinpiar Jokoetan. Dibertitu ere egin behar dugu. Jende asko ezagutuko dut hemen», zioen duela egun gutxi. Eta jende asko du atzetik aspaldian. Unibertsitatera joan aurreko azken urtea du hau, eta egin dizkiote jada hainbat eskaintza. Ikasketak albo batera utzi eta igerilari profesional izateko gomendatu diote askok. Berak eta gurasoek —energia berriztagarrien kontsultore bat aita eta medikua ama— ezetz esan dute. «Sekulakoa da nire gurasoek eskaini dieten dirutzari uko egitea. Nire azken urtean gozatzea nahi dute eta hori egingo dut», esan du Missyk.
Gaur bertan ekingo dio lehiaketari Franklinek, baina ez da bere espezialitatean ariko. Lehen aukera du, beraz, jarri eta hartu duen zama hori gehiegizkoa ote den edo ez erakusteko. Izan dira lehen ere horren bizi hasi eta bidean gelditu direnak. Berari dagokio neurria hartzea.
Erreferente nagusiak
Ez dute gizonezkoek kirol berean izan duten sonarik eta loriarik izan, baina izan dira emakumezkoen igeriketan erreferente bihurtu diren zenbait izar.
Shane Gould
(Munich, 1972)Bakarkako jardunean urrezko hiru domina irabazi zituen lehen igerilaria izan zen australiarra. Munichen, 15 urterekin, munduko errekorrak apurtu zituen bata bestearen atzetik, baina Mark Spitzen balentrien itzalean gelditu zen. Urte horretan, estilo libreko 100 eta 800 metro arteko distantzia guztietan bereak izan ziren munduko markarik onenak. 17 urterekin hartu zuen erretiroa.
Kornelia Ender
(Montreal, 1976)Inoizko igerilaririk onenen artean dago haren izena. Orotara, Munich eta Montrealgo Jokoak kontuan hartuta, zortzi domina irabazi zituen (urrezkoak lau eta zilarrezko bat Montrealen, eta hiru zilarrezko Munichen), eta munduko 27 errekor apurtu zituen. Alemaniako Errepublika Demokratikoaren izenean lehiatu zen, eta 18 urte bete gabe zituela hartu zuen erretiroa.
Kristin Otto
(Seul, 1988)Olinpiar Jokoen historian sartu zen igerilari alemaniarra Seulen, sei probatan parte hartu eta urrezko sei domina irabazita. 22 urte zituen. Irabazi beharreko guztia irabazita zeukan, baina Los Angelesko Jokoetan ez zuen parte hartzerik izan haren herrialdeari egindako boikota medio, eta Seulen atera zuen arantza. Gerokoak dira garai hartako kirolari alemaniarren inguruan sortutako dopin zurrumurruak.
Jenny Thompson
(1992, 1996, 2000, 2004)Olinpiar Jokoetan igeriketan domina gehien irabazi duen kirolaria da, Dana Torres herrikidearekin batera: hamabi. Kasu berezia da harena, lau olinpiar jokotan aritu baita eta bakarka bi domina baino ez baitzituen lortu: Bartzelonan (1992), estilo librean, zilarrezkoa; Sidneyn (2000), estilo berean, brontzezkoa. Gainontzekoak, urrezko zortzi eta zilarrezko bi, txandakakoetan lortutakoak dira.
Dara Torres
(1984, 1988, 1992, 2000 eta 2008)Bost olinpiar jokotan parte hartu duen igerilari estatubatuar bakarra da. Los Angelesen hasi zen, eta Seulen, Bartzelonan, Sidneyn eta Pekinen jarraitu. Hamabi domina irabazitakoa da: urrezkoak lau, zilarrezkoak lau eta brontzezkoak beste lau. Domina horietatik guztietatik bost Sidneyko Jokoetan irabazitakoak dira, 33 urterekin, taldeko igerilari beteranoena zela. Marka, dena dela, Pekinen ezarri zuen: 41 urterekin hartu zuen parte, eta zilarrezko hiru domina irabazi zituen. 45 ditu egun, aurkeztu da Londresko Jokoetan parte hartu ahal izateko sailkatze probetara (50 metrokoan), baina ez du sailkatzea lortu eta erretiroa hartu du.
Natalie Coughlin
(Pekin, 2008):Hura da Missy Franklinen erreferente hurbilenekoa. Elkarrekin ariko dira Londresen, lau estiloetako 4x100ekoan. Olinpiar Jokoetan hamaika domina irabazitakoa da: bost lortu zituen Atenasen (2004), eta sei Pekinen (2008). Horietatik guztietatik urrezkoak dira hiru, zilarrezkoak lau eta brontzezkoak beste lau. Azken urteotako igerilaririk osoenetakoa izan da.






