2012-06-13
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: A multzoa. POLONIA 1. ERRUSIA 1
Bakerako lehen pausoa
Oso partida serioa eta erasokorra jokatuta, Poloniak eta Errusiak euren esku daukate Eurokopako final-laurdenetan aritzea
Dzagoevek sartu du Errusiaren gola, eta Blaszczikowskik orekatu du gero partida
Unai Zubeldia
Golak: 0-1: Dzagoevek (37. min.); 1-1: Blaszczikowskik (56. min.) Epailea: Wolfgang Stark (Alemania). Txartel horiak: Poloniako Lewandowski eta Polonskiri; eta Errusiako Denisov eta Dzagoevi. Bestelakoak: 58.000 ikusle inguru Varsoviako Estadio Nazionalean.
«Hau Errusia da». Ongietorri hori egin zieten Errusiako zaleek poloniarrei partida hasi aurretik. Misilik ez, baina gerra giroa izan zen atzo Varsovian. Historikoki etengabeko liskarrean bizi izan dira, eta bizi dira, Polonia eta Errusia, eta etxeko zaleak berotu asmoz atera zuten errusiarrek pankarta handi hori. Aurretik liskarrak izan ziren bi selekzioetako zaleen artean, eta partidak iraun zuen bitartean ere tentsio handia nabaritu zen harmailetan... eta zelaian bertan. Hori bai, 1-1ekoarekin, bakerako lehen pausoa eman zuten bi selekzioek. Azken jardunaldian etxeko lanak eginez gero , final-laurdenetan izango da etxeko selekzioa. Etxeko lanak egitea zer den? Txekiar Errepublikari irabaztea. Errusiak, berriz, bi partidatan lau puntu pilatuta, beste partidari begira egon gabe, nahikoa du azken jardunaldian, Greziaren aurkako partidan, berdinketa bat lortzea.
Oso partida serioa jokatu zuten bi selekzioek, etxekoek bereziki. Kaleko giro beroak eragina izan balu bezala, bete-betean ekin zioten Poloniak eta Errusiak partidari. Lehen jardunaldiko garaipenak lasaitasuna eman zien errusiarrei, baina Greziaren aurkako berdinketarekin, irabaztera behartuta zeuden etxekoak. 7. minuturako aukera argi-argia sortuta zeuden poloniarrak. Obraniakek falta atera, Boenischek ukitu, eta eskubaloiko atezainen pare, hankekin urrundu zuen baloia Malafeevek.
Poloniaren hiru aukera on
11. minutuan Lewandowskik egin zuen jaurtiketa ona area ertzetik, eta 18.ean Polanskik sareetara bidali zuen baloia, Lewandowskiren beraren pase ona jasota. Euskarria jokoz kanpo zegoen, ordea. Abisuak ziren, behar handiagoa zeukan selekzioaren abisuak. Arxavin saiatzen ari bazen ere, Errusiak ezin zuen jokaldirik lotu. Poloniarrak oso serio ari ziren atzeko lerroan... 37. minutuko jokaldia iritsi zen arte. Arxavinek falta maisuki atera, eta Dzagoevek barrura —hirugarren gola du jada—. Golak jota utzi zituen etxekoak, eta ez zitzaien askorik falta izan bigarren kolpea jasotzeko.
Hori bai, atsedenaldian indartuta, bigarren zatian nabarmen gehiago izan zen Polonia. Lehen zatian gertatu bezala, gol gosez zelairatu ziren etxekoak, eta atzean itxi zuten Errusia. Kontraerasoan bizpahiru aukera on sortu zituen Arxavinek ezker hegaletik, baina azken pasean huts egiten ari ziren errusiarrak. Bigarren zatiko lehen ordu laurdena betetzerako, argi-argia izan zen errusiarren kontraeraso bat, baina, area barruan bertan, ez zuten asmatu azken pasean. Poloniaren kasuan, berriz, Lewandowskik bigarren zatia hastearekin batera gola barkatu ondoren, Blaszczikowskik ez zuen hutsik egin 56. minutuan. Area ertzean baloia hartu, eta jaurtiketa dotorearekin, 1-1ekoa.
Kontraeraso gutxi batzuk salbu, hortxe iritsi zen Poloniaren eta Errusiaren arteko bakerako lehen pausoa. Emaitza balekotzat jota, ez galtzea lehenetsi zuten bi selekzioek azken minutuetan.
D multzoa
BIGARREN JARDUNALDIA
Atzo EmaitzaGrezia-Txekiar Errepublika 1-2Polonia-Errusia 1-1
PJIBGGAGKp1. Errusia4220052*2. Txekia3210135 3. Polonia2202022 4. Grezia1201123 *Final-laurdenetara
HIRUGARREN JARDUNALDIA
Ekainak 16 OrduaGrezia-Errusia 20:45 Txekiar Errepublika-Polonia20:45






