2012-06-02
Chori Castrok Realean jokatuko du hurrengo lau denboraldietan
Erdilari erasokorra da, eta Donostiako taldeak ez dio etete klausularik ordaindu behar izan Mallorcari
Imanol Magro Donostia
Gonzalo Castrok, Chori-k, lau urterako kontratua sinatuko du aurki Realarekin. Taldeak atzo jakinarazi zuenez, erabateko akordio lortu du jokalariarekin eta egun gutxi barru etorriko da Donostiara, osasun azterketa pasatzera. Realak hurrengo denboraldirako fitxatutako lehena da, eta seguru asko taldeak zerrendan zuen lehen izena. Realak ez du etete klausularik ordaindu behar izan, Castrok Mallorcarekin zuen kontratua aurreko ekainean bukatu zelako.
Castro erdilari erasokor eta bizia da, 28 urtekoa. Ezkerra da, jaurtiketa onekoa, hegalean zein punta erdi gisa joka dezake eta Carlos Velak seguru asko utziko duen hutsunea betetzeko fitxatu du Realak. Jokin Aperribai presidenteak aspaldi onartu zuen negoziazioak hasiak zirela eta azkenean akordioa egin izana ez da ustekabekoa. Espainiako Liga ondo ezagutzen du, azken bost denboraldietan Mallorcan jokatu baitu. Guztira 144 partida jokatu ditu Lehen Mailan, eta 24 gol sartu.






