Berria.info

Larunbata, 2014ko apirilak 19 - 15:52

2012-05-02

Hurrengo lehian hobeto

Athleticek egun batzuez atzeratu gura du gaur Real Madrilek eskura daukan ligako tituluaren ospakizuna

Haritz Gallastegi Bilbo

Iker Muniain Athleticekoa baloiarekin, Sporting Portugalgoaren aurka, San Mamesen. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Athleticeko jarraitzaile gehienei ez die grazia handirik egiten Real Madrilek liga irabaztea. Talde bizkaitarrak makina bat lehia historiko izan zituen iraganean talde zuriarekin. Egun, alde handia dago bien artean. Athletic ezin da Real Madrilen kontra lehiatu. Ez behintzat partida askoko lehiaketa batean. Kontua da aspaldikoa dela talde bietako jarraitzaileen artean dagoen ezinikusia. Horregatik da berezia Real Madril mendean hartzea. Katedraleko eserlekuen jabe diren bazkide askorentzat denboraldiko norgehiagokarik garrantzitsuena da gaurkoa. Irabazteak poz gehien ematen diena. Gainera, Florentino Perez Real Madrileko presidenteak Espainiako Kopako finalerako Santiago Bernabeu ez lagatzeak gehiago haserretu ditu.

Hortaz, Real Madrilek San Mamesen irabaztea ez dute oso gustuko. Bada, berez porrot mingarria dena gogorragoa izan daiteke partida amaieran talde zuria liga txapelketa ospatzen ikustea egokitzen bada. Hori gerta ez dadin, irabazi egin behar du Athleticek. Beraz, behin Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera guztiak galdu ostean, motibatzeko beste arrazoi bat aurkitu dute jokalariek. «Real Madrilen ospakizuna atzeratzen ahaleginduko gara. Asko eskatuko digun neurketa bat izango da. Haiek liga dute jokoan, baina guk elastiko zuri-gorria jantzi eta San Mamesen jokatzen dugun bakoitzean ere asko izaten dugu jokoan. Garaipenaren bila zelairatuko gara», adierazi zuen Iker Muniainek.

Ondo baino hobeto egin beharko ditu gauzak Marcelo Bielsaren taldeak hiru puntuak lortzeko. Aurrean izango duen taldea ez da badaezpadakoa eta. Real Madrilen egoera ez da kasualitatea. Gogor lan egin du zortzi hilabete pasatxoan ia lau urte iraun duen Bartzelonaren nagusitasuna amaitzeko. Guardiola jainkotu duen kontrako bidea hartu du Mourinhok arrakasta lortzeko. Kataluniarrek baloiaren jabetza izan dute oinarri kontrarioak txikitzeko. Real Madrilek, berriz, ez du asko lantzen. Joko azkarra eta zuzena du gustuko. Eta bizitasun hori baliatzen dute erasoko jokalariek zuloak aurkitu eta beste inork berdindu ezin dezakeen eraginkortasuna erakusteko.

Espainiako ligaren historian gol gehien sartu duen txapelduna izango da Mourinhok zuzentzen duen taldea. Jo itzela daukan taldea da. Cristiano Ronaldok, Higuainek eta Benzemak golak sartzeko duten erraztasuna futbolari gutxik dute mundu mailan. Eta aipatutako jokalariak agertzen ez direnean Ozilek, Di Mariak, Kakak edo beste edozeinek asmatzen du. «Futbolean jokatzeko era asko daude. Nik oso gustuko dut Real Madrilena. Lan bikaina egin du», adierazi zuen Ibai Gomezek.

Real Madrilek argi dauka zer egin behar duen zelaian. Baita Athleticek ere. Baina gaur ohi baino zailtasun gehiago izango du Bilbora horrenbeste poz ekarri duen futbola egiteko. Batetik, aurkari gogorra izango duelako aurrean; eta, bestetik, taldearen estiloa bermatzen duten zutabeetako bik ezingo dutelako jokatu: Herrerak eta Iturraspek. Beraz, zelai erdian hutsune handia izango dute etxekoek.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia