Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 23:16

2012-03-21

Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak:CSKAMosku-Gescrap Bizkaia. Milos Teodosic. CSKA Moskuko jokalaria

Kazetariek eta zaleek diote 3-0 irabaziko dugula; guk, ez

Burua du baliabide indartsuen, eta talentua, sobera. Izar konstelazio baten gidaria da, eta haren ekarpena murriztea funtsezkoa izanen da Gescrapentzat.

A. Urbistondo

Izarrez jositako taldea da CSKA Mosku. Denetan distiratsuena elkarrizketatzen saiatu da BERRIA, Andrei Kirilenko hegaleko aparta, baina Nikolai Tsinkevitx taldeko prentsa buruak adeitsu erantzun du, Kirilenko too busy dagoela komunikabide guztiei erantzuteko (lanpetuegi). Bigarren eskaerari, ordea, baiezkoa eman dio. Kirilenkoren oihartzun mediatikorik gabe, baina CSKAko jokalari onenetakoa eta Europa osoko jokalari onena izendatutakoa 2010. urtean: Milos Teodosic joko antolatzailea.

Saskibaloi zale guztiak harrituta daude CSKA Moskuren Euroligako jarduna ikusita. Saskibaloi polita eta eraginkorra, puntu piloa, asistentzia asko eta biko eta hirukoetan portzentaje harrigarria. Hamasei partida jokatu dituzue eta bakarra galdu. Nola lortu duzue, zein da gakoa?

Elkarrekin jokatuz gozatu egiten dugu, eta gozamen hori zaleekin partekatzen dugu. Noski, taldean jokalari on asko gaude, entrenatzailea ere oso ona [Jonas Kazlauskas lituaniarra], baina gakoa kimika ona dela uste dut. Ez dago berekoikeria edo inbidia zantzurik, denok helburu bakarra dugu buruan, eta modu horretan jarduteak irabazten laguntzen gaitu. Denok gaude sakrifizioren bat egiteko prest, horrela taldeari mesede egiten badiogu.

CSKAk 20 punturen batez besteko aldearekin irabazi zituen partidak liga erregularrean, eta 15 punturen aldearekin Top16an. Ikusgarria!

Jonas Kazlauskas entrenatzaileak norgehiagoka gorabeherarik gabe eramatea eskatzen digu, halako jarraitutasuna erakustea. 10 puntu edo gehiagoren aldea lortzen badugu, intentsitate bera mantentzen dugu, aurkaria markagailuan hurbiltzea saihesteko. Ez da erraza 40 minutuan intentsitate berberari eustea, baina hori lortzeko lana gogor egiten dugu.

Zalantzarik ez dago, CSKA da talderik onena eraso jokoan, baina oraingoz ez dugu ikusi defentsan ere maila bera ote duzuen. Talde ona al da CSKA defentsan?

Zuzen zaudela uste dut. Alegia, inork ez duela ikusi oraindik gure defentsa ona. Halere, gure estatistikak azter daitezke bai talde moduan, bai banan-banan, defentsa estatistiketan onenak edo onenetakoak garela ikusteko. Euroligako edozein jokalariri galdetu diezaiokezu ea gure aurka saskiratzeak gauzatzea erraza ote den. Ezetz erantzungo dizutelakoan nago, batez ere saskipean Nenad Krstic eta Sasha Kaunen moduko jokalari bikainak dituzunean. Kirilenko eta Khriapa ere buruz buru eta laguntzak egiten Europa osoko defentsa jokalaririk onenak direla esango nuke.

Kazlauskasek aginte makila ematen dizu kantxan, eta zuk aukeratzen duzu jokaldia, zer egin eta zer ez. Maisua zara blokeoa eta jarraipenean, eta hor hasten zarete min egiten: jokaldia zuk zeuk bukatzeko, pibotari asistentzia on bat emateko, kanpoko lerroan libre dagoen kideari baloia emateko… Telebistan ikusita, erraz egiten duzue.

Beti saiatzen naiz onena ematen, ahal dudan neurrian. Dena da errazagoa alboan hainbeste jokalari on baldin badituzu.

Zenbaitek jokalari mantsoa zarela diote, baina, trukean, inork ez duela zu bezain ondo ikusten jokoa. Adimentsua zara buruz. Hori al da zure ezaugarririk onena? Jaurtiketetan ere oso portzentaje ona daukazu.

Nire lehen helburua baloia kide bati ematea da, asistentzia bat ematea. Uste dut joko antolatzaile guztiek helburu bera izan beharko luketela, saskiratzea bilatu baino lehenago. Halere, ez nau beldurtzen jaurtitzeko erabakia hartu beharrak, hala egin behar bada.

Aurreko erantzun batean ere esan duzu taldekide bikainak dituzula alboan: Kirilenko, Krstic, Siskauskas, Xved, Kaun, Khriapa… Aditu askoren esanetan, CSKA Mosku NBAko maila daukan Europako taldea da. Ados al zaude?

CSKA munduko talde onenetakoa dela esan dezaket, Europa eta NBAren arteko abardura egin gabe.

Zergatik aukeratu zenuen udan CSKAren eskaintza?

Beno, aurren-aurrena, harro nago CSKAk ni hautatu ninduelako. Olympiakosek arazo ekonomiko larriak zituen, eta CSKAk nire kontratua bere gain hartzeko prestasuna erakutsi zuen. Jakina, ni asko poztu nintzen, klub ikaragarri batean jokatzeko aukera izango nuelako. Dusan Ivkovic entrenatzailearen aginduetara jokatu nuen Grezian, eta bera Moskun entrenatzen ibilitakoa da —CSKAko hautatzailea izan zen 2002-2005. urteen artean—. Gauza on asko azaldu zizkidan, eta Nenad Krstic saskibaloi jokalari eta lagunak CSKArekin sinatu ondoren, ez nuen batere zalantzarik izan. Moskura noa, esan nion neure buruari.

Apustu etxeetan Euroliga irabazteko faborito argi zarete. 1,7-1 proportzioan ordaintzen da zuen hautagaitza, eta Bartzelonarena 2,2-1 proportzioan. Zer esaten dizute kopuru horiek?

Bada, iritzi soilak direla, ezin direla aintzat hartu. Faborito argi izan zaitezke, eta munduko jokalari onenak bildu talde berean, baina partida batean edozer gauza gerta daiteke. Galtzea, adibidez. Ezin da aurreikuspenik egin Euroliga irabazteko formatua Lauko Finala denean. Gainera, oraindik goiz da Istanbulgo partidan pentsatzeko. Gescrap bakarrik dugu begiz jota. Talde ona da, aurkari gogorra, Euroliga jokatzen duen lehen urtean elitean sartzeko balentria egin duena.

Europako jokalaririk onena izendatu zintuzten 2010. urtean, eta oso jokalari ezaguna zara munduko txoko guztietan. Europako jokalari kotizatuenetakoa zara, NBAra jauzia emateko asmorik ba al duzue epe ertainean?

Ez dut horretan pentsatzen. Helburu batzuk jarri nizkion neure buruari CSKAra etorri nintzenean, eta horiek gauzatzea da orain nire ardura bakarra. Euroliga irabaztea: denetan garrantzitsuena. Ez daukat NBAra joateko etete klausularik CSKArekin daukadan kontratuan, eta oraingoz ere ez naute hautatu draft-ean.

Zer dakizu Gescrap Bizkaia taldeari buruz?

Batez ere, oso arriskutsuak direla euren kantxan. Entrenatzaile ona dute, eta euren bizkarrezurra oso sendoa da: Banic, Vasileiadis, Mumbru, Lopez, Jackson…

Lehen aldiz ari dira jokatzen Euroligan, eta modu arrakastatsuan, baina zuek bost partidako kanporaketan kaleratzea ia ezinezkoa dela dio jende askok. Agian, partida bakarrera aukera egon zitekeen, baina bost partidara, oso zaila. Zer diozu?

Horiek kazetariek eta zaleek egiten dituzten aurreikuspen hutsalak direla. Euroligako final-laurdenetan gaude, eta final-laurdenetan ez dago bromarik. Ez gara gu aurkari ahula espero dugunak, behintzat. Oso serio hartzen dugu kanporaketa, eta gurean inork ez du pentsatzen hiru partidatan erabakiko dugunik.



 

Nortasun agiria

Izena. Milos Teodosic.

Jaioterria. Valjevo (Serbia).

Jaioteguna. 1987ko martxoaren 19a.

Garaiera 1,96 metro.

Pisua. 95 kilo.

Postua. Joko antolatzailea.

Ibilbidea. FMP Zeleznik (2004-2005), Borac Cacak (2005-2006), FMP Zeleznik (2006-2007), Olympiakos (2007-2011) eta CSKA Mosku (2011tik).

Garaipen zerrenda. Olympiakosekin, bi aldiz Greziako Ligako eta Kopako txapeldun, eta behin Euroligako txapeldunorde; Serbiarekin, hiru aldiz gazte mailako Europako txapeldun; eta behin nagusi mailako Europako txapeldun.

Bestelakoak. 2010ekoEuropako eta Euroligako jokalaririk onena.

Sasoi honetako estatistikak Euroligan. Partidako 25 minutu, 10,2 puntu, 2,1 errebote, 4,9 asistentzia , 0,6 lapurreta eta 11,2 puntuko balorazioa.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia