Berria.info

Ostirala, 2014ko apirilak 18 - 23:24

2012-02-26

Itxako 19. Larvik 19

Gero eta malkartsuagoa

Itxakok berdinketa baino ez du lortu Larviken aurka, eta aukera gutxi du Europan aurrera egiteko

Edurne Elizondo Lizarra

Patri Pinedo, Itxakoko jokalaria, jaurtiketa egiten, atzo, Lizarran jokatutako partidan. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Itxako. Navarro, Barno, Zebic, Martin (3, 2 p.), Fernandez, Barbosa (6), Fachinello —hasierako zazpikoa—; Milenkovic, (1) Pinedo (1), Aguilar (3), Tervel (1) eta Alonso (4 p.).

Larvik. Leganger, Blanco (1), Kristiansen (3), Johansen, Breivang (4), Sulland (3), Riegelhuth (6, 4 p.) —hasierako zazpikoa—; Larsen, Breistol (1) eta Kurtovic (1).

Markagailua. 1-1, 2-3, 3-3, 5-5, 8-5, 12-6 (atsedenaldian); 13-11, 15-12, 15-15, 16-16, 18-17 eta 19-19.

Epailea. Reibel eta Dentz (Frantzia). Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Pinedo eta Barbosa; eta Larvikeko Larsen, Blanco eta Kristiansen.

Bestelakoak. 1.600 ikusle inguruk egin zuen bat atzo Lizarrerria kiroldegian, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako laugarren jardunaldiko partidan.

Final baten modukoa zen atzoko partida, eta Itxakok berdinketa baino ezin izan zuen lortu. 19-19 amaitu zen Lizarrakoen eta Norvegiako Larviken arteko Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako norgehiagoka. Puntu bakarra nafarrentzat, eta finalerdietara sailkatzeko bidean aldapa gero eta malkartsuagoa.

Garaipena, gainera, eskura izan zuten Ambros Martinen jokalariek. 12-6 amaitu zen lehendabiziko zatia nafarren alde. Partida gaizki hasi eta gero, markagailuari buelta emateko gai izan ziren Itxakoko jokalariak. Bigarren zatian, ordea, ez zuten asmatu lortutako aldeari eusten. Garaipenak ihes egin zion Itxakori; bigarren postuak agur erran zion. Kanporaketa gainditzeko aukeraren bat badute nafarrek, oraindik ere, baina horretarako derrigorrean irabazi beharko diote Gyoriri haren pistan, hurrengo jardunaldian.

Lehendabiziko zatian defentsa izan zen gako nagusia. Bi taldeak bikain aritu ziren lan horretan. Erasoan, berriz, Itxakok ez zuen bere bidea aurkitzen jakin. Ohi baino arazo gehiago izan zuten Lizarrako jokalariek aurreneko 20 minutuetan Larsenek defendatzen zuen atea zulatzeko. Abantaila eman zion egoera horrek Larviki, eta aurretik jarri zen markagailuan.

Lehen zatiaren amaiera ona

Lehen zatiko azken hamar minutuetan, ordea, erabat aldatu zen partidaren kolorea. Bosna berdindu eta gero, Itxako eraginkor eta gogor agertu zen pistan. Itxako kontzentratua. Jokalariek partida irabazi nahi zuten, eta hala sumatzen zitzaien jokaldi bakoitzean. Lehen zatiko azken hamar minutuetan aukerarik ez zion eman Itxakok Larviki deus egiteko. Kontraerasoa baliatu zuen aurkaria atzean uzteko. Gora egin zuen etxeko taldeak, eta zaleen berotasuna lagun, 12-6 ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira.

Lanaren erdia egina zegoela ematen zuen bigarren zatia hasi zenean, baina Larvikek laster erakutsi zuen partida irabazita zegoela uste zutenak oker zirela. Zazpi minutu nahiko izan zituen Norvegiako taldeak Itxakoren aldea ia hutsean uzteko. 13-12 hurbildu zen Larvik.

Itxako ezustean harrapatu zuen aurkariak, eta nafarrei kosta egin zitzaien berriz partidari neurria hartzea. Norvegiarren bat-bateko nagusitasunak hutsak eragin zituen etxekoen jokoan. Ez zuten amore eman, hala ere. Itxakok Europako onenen artean egon nahi duela erakutsi zuen pistan, bertze behin ere, eta lehia biziko partida eskaini zien zaleei.

Markagailuan oreka zen nagusi, hala ere, eta denborak Itxakoren kontra egiten zuen aurrera. Norgehiagoka amaitzeko bi minutu falta zirenean, 19-19 zegoen markagailua, eta Itxako ez zen gai izan bertze gol bat egiteko. Jokalarien aurpegian sumatzen zen lortutako puntua ez zela, inondik inora ere, nahikoa. Irabazi egin nahi zuten, finalerdietara sailkatzeko urrats handia egiteko. Baina ez zuten asmatu. Aldapan gora jarraitu beharko dute.



 

Txapeldunen Liga

BIGARREN FASEA. lehen multzoa

4. jardunaldia

Jokatutakoak EmaitzaMidtjylland-Gyori 24-29Itxako-Larvik 19-19

Sailkapena

PtJIBG* 1. Gyori84400* 2. Larvik44121 3. Itxako 24022 4. Midtjylland24103 pFinalerdietara



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia